Rosemary Bamforth, amiantoaz ohartarazi zuen patologoa

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Asbestoa edo amiantoa mineral haritsua da, beroaren eta higaduraren aurrean erresistentea. Bere ezaugarriak direla eta, askotariko produktu manufakturatuetan erabili izan da hainbat hamarkadaz mundu osoan. Gaur dakigunez, asbestodun produktuek, hondatzen direnean, osasun arazo larriak eragin ditzaketen zuntz txikiak askatzen dituzte airera. Baina ez da beti jakin.

Rosemary Bamforth (1924-2018) mediku eskoziarra izan zen amiantoarekiko esposizioaren eta biriketako minbiziaren artean lotura zegoela iradoki zuen lehen pertsona. Bere lanari eta hurrengo hamarkadetako ebidentzia zientifiko gero eta ugariagoari esker, munduko herrialde askotan debekatu dute mineral kaltegarri hori erabiltzea.

Rosemary Bamforth
1. irudia: Rosemary Bamforth mediku eskoziarra amiantoarekiko esposizioaren eta biriketako minbiziaren artean lotura zegoela iradoki zuen lehen pertsona izan zen. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Rosemary Margaret Warren Ince 1924ko urriaren 19an jaio zen, Eskozian. Isabel Warren-ek eta Douglas Ince-k osatutako klase ertaineko familia bateko bigarren alaba zen. Lehenik, Eskozian, eskolara joan zen, eta, gero, Ingalaterrako neskentzako barnetegi aintzatetsi batean ikasi zuen, Cheltenham Ladies College-n. Umetatik nahi izan zuen mediku izan, eta, 16 urte zituela, Glasgowko Unibertsitatean Medikuntza ikasteko plaza bat eskatu zuen; adinagatik, baina, ezetz esan zioten. Hurrengo urtean, Women’s Royal Navy Service itsas zerbitzuan sartu nahi izan zuen. Errege Itsas Gudarostearen emakumeen adarra zen hori, Wrens deitua, eta adin nagusikoa izan bezain laster sartu zen bertara.

Soldadutza

Hainbat instalazio militarretan entrenatuta, Hut 11ra iritsi zen Rosemary, hau da, Bletchley Park-eko eraikinetako batera, eta, azken hori Bigarren Mundu Gerran ondoen gordetako sekretu britainiarretako bat izan zen. Han, matematika, ingeniaritza eta inteligentzia militarreko adituek gau eta egun egiten zuten lan, Ingalaterraren hegoaldeko zenbait estaziok haririk gabeko bideetatik gordin hartzen zituzten kode alemanak deszifratu eta interpretatzeko. 1944tik 1945era, Rosemaryk Turing-Welchman Bombe makinetako bat erabili zuen, alemanek mezuak zifratzeko erabiltzen zituzten Enigma makinen eguneroko doikuntzak deskubritzeko. Segurtasun arrazoiak tarteko, 25 urtez isilpean gorde zen Rosemaryren eta Bletchley Park-eko teleinprimagailuekin lan egiten zuten gainerako pertsonen bizitzako alderdi hori, 1970eko hamarkadaren erdialdera arte; garai hartan eman zen ezagutzera instalazioaren benetako historia, hain zuzen ere.

Minbiziaren patologia eta kirurgia

Gerraren ondoren, Rosemary bere jaioterrira itzuli zen, eta, 1946an, Medikuntzan matrikulatu zen, Glasgowko Unibertsitatean. Patologian espezializatu, eta 1951n graduatu zen. Patologiaren arloko prestakuntza Kanadako McGill Unibertsitatean eta Estatu Batuetako Long Islandeko Meadowbrook Ospitalean osatzea erabaki zuen. Hala, giza ehunetan minbizia aztertu eta diagnostikatzen espezialista aitortua bihurtu zen.

2. irudia: Ordenagailu bidezko tomografia: ezkerraldeko mesotelioma. (Argazkia: Frank Gaillard – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Ingalaterrara itzuli zenean, gerora senar izango zuena ezagutu zuen, John Bamfoth medikua, biak Southampton hiriko Ospitale Nagusian lan egiten ari zirela. 1960an ezkondu ziren, eta bi alaba eta seme bat eduki zituzten.

Southamptonen zeudela, gaixotasun horren kausa guztiz zehaztu baino lehen, Rosemary Bamforthek biriketako mesoteliomaz hiltzen ziren itsas langileen kopuruaren eta amiantoarekiko esposizioaren arteko lotura ezarri zuen. Southamptongo medikuei aurkikuntza haiei buruzko dokumentu bat aurkeztu zien. Une hartan, bere tesia oso eztabaidatua izan zen, baina gero, asbestosia aztertu ondoren, babestu egin zuten.

Rosemary Bamforth, Ingalaterraren hegoaldeko zenbait ospitaletan lanean aritu ondoren, Estatu Batuetara itzuli zen. Han, berak eta senarrak hainbat ikerketa beka jaso zituzten Rochester hiriko Mayo klinikan, Minnesotan. Bere ibilbidearen amaierara arte, minbiziaren kirurgia ikertzen aritu zen.

Rosemary Bamforth 2018ko apirilaren 17an hil zen, 93 urte zituela.

Iturriak:


Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2022ko abenduaren 3an: Rosemary Bamforth, la patóloga que alertó sobre el amianto.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.