Asteon zientzia begi-bistan #476

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

hormigoia

Meteorologia

Joan den otsaila munduan inoiz neurtu den beroena izan da, Copernicus zerbitzuak bildutako datuen arabera. Industriaurreko tenperaturekin alderatuta, joan den hilabetea 1,77 gradu beroagoa izan da. Bederatzigarren hilabetea da jada jarraian tenperatura globalek markak gainditu dituztela. Copernicuseko zuzendari Carlo Buontempok berotegi gasen kontzentrazioa murrizteko beharra nabarmendu du, joera horrek okerrera egin ez dezan. Informazio gehiago Berrian.

Adimen artifiziala

Adimen artifizialaren datu-multzoen alborapen demografikoak kuantifikatzeko metrika bat proposatu dute NUPeko Smart Cities Institutuko ikertzaileek. Ikertzaileek azaldu dutenez, talde demografiko jakin batzuk gutxi edo gaizki ordezkatuak egoten dira adimen artifizialak erabiltzen dituen datuetan. Horregatik, posible da populazio talde jakin batzuk diskriminatuta egotea. Hori ikertzeko, hainbat datu-multzo aztertu dituzte, eta ikusi dutenez, litekeena da adimen artifizialeko ereduek 70 urtetik gorakoak eta emakume arrazializatuak diskriminatzea, besteak beste. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Biologia

Ikerketa batek ondorioztatu du ehun desberdinetako mitokondriak elkarrekin komunikatzen direla, eta zahartzearekin erlazioa duela. Ikertzaileak harrak aztertzen ari zirela, ikusi zuten mitokondriei garuneko zeluletan eragindako kalteak konponketa erantzun bat eragiten zuela. Erantzun hori gero anplifikatu egiten zen, eta harraren gorputz osoko mitokondrietan erreakzio bera gertatzen zen. Gainera, ikertzaileak ohartu ziren prozesu horrek organismoaren bizi itxaropena handitu zuela. Prozesu hori hobeto ulertzeko ikerketak aurrera eraman dituzte. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Fisika

Beñat Monfort Urkizu zientziaren filosofiaren alorrean doktorego-tesia egiten ari da EHUn, eta kosmologiaren historian garrantzi handia izan zuen eztabaida baten oinarria eta bilakaera ari da aztertzen. Zehazki, inflazio kosmikoaren bideragarritasuna zalantzan jartzen duen eztabaida ikertzen du. Monfortek azaldu duenez, teoriaren eta esperimentuen arteko urruntzeak sortu du krisia, eta azaleratu da eztabaidaren jatorria ez dagoela fisikaren esparruan, kosmologiaren metodologian baizik. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Geologia

Erroma klasikoko eraikin handi askok zutik iraun dute 2.000 urtez baino gehiagoz, eta ingeniaritzarako gaitasun horrek geologiaz zuten ezagutzarekin du zerikusia. Erromatarrak izan ziren lehen hormigoia sortu zutenak. Harearen tamainako arrokak eta zementua nahastu eta ondoren ura gehituta, kare bizia sortzen zela ikusi zuten, gogortu egiten den materiala. Gainera, beste asmakuntza baten erantzuleak ere badira erromatarrak; pitzadura bati bere kabuz betetzeko gaitasuna ematen dion asmakuntza, hain zuzen. Datuak Zientzia Kaieran.

Osasuna

Menopausia medikalitzatzeko arriskuaz ohartarazi du The Lancet aldizkariak. Horren adibide dira ordezko hormona-tratamenduak. Egileek azaldu dute ez dela beharrezkoa ez egokia emakume guztientzat, eta gainera, bizipen negatiboak izatera eta neurriz gain medikalitzatzera bultzatzeko arriskua dagoela adierazi dute. Hala, emakumeak informatu eta ahalundu nahi ditu artikulu-sorta baten bidez. Azalpen guztiak Elhuyar aldizkarian.

Antsietatea tratatzeko erabilgarria izan daitekeen nt3 molekula aurkitu dute. Garikoitz Azkona EHUko Psikologia irakasle eta neurozientzialariak azaldu duenez, nt3 baliagarria da beldurrak sortzen dituen estimuluak kontrolatzeko. Molekula horrek beldurra sentitzen dugunean gertatzen den amigdalaren erantzuna ez aktibatzea eragiten du, edo behintzat motelagoa izatea. Azkonak espero du etorkizunean antsietatea pairatzen dutenentzat tratamendu bat izatea. Datuak Berrian.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.