Ornodunak. Anatomia, eboluzioa eta aniztasuna

Argitalpenak

Ornodunak. Anatomia, eboluzioa eta aniztasuna dibulgazioaren zaleentzat zein naturazaleentzat erabilgarri izan daitekeen liburua da. Joxerra Aihartza biologoak idatzi zuen 2010ean, eta UEUk argitaratu.

Ornodunak
Irudia: “Ornodunak. Anatomia, eboluzioa eta aniztasuna” liburuaren azala. (Iturria: UEU)

Biologia gradurako testuliburu gisa sortua izan arren, liburua osatzen duten 490 orrialdetan eta 780 iruditan bildutako informazioa baliagarria izango da interesatutako edozein naturazalerentzat ere. Liburuaren lehen atalean ornodunen definizioa, ezaugarri orokorrak eta garapen-eredua jorratzen dira. Bigarren atalean, berriz, anatomia konparatua egiten da, eta ornodunen aparatu bakoitzaren deskribapena, funtzionamendua eta eboluzioaren oinarriak azaltzen dira. Amaitzeko, hirugarren atal zabalean animalia hauen eboluzioa eta aniztasun morfologiko eta etoekologikoak lantzen dira.

Ornodunen unibertsoari buruzko errepasoa egiteaz batera, animalia hauei buruzko ezagumenduak gure eboluzio-historia azalduko digu ezinbestean, eta gure izatea eta bilakaera bera hobeki ulertzen lagunduko digu.

Joxerra Aihartza Azurtza (Donostia, 1962) Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologiako Fakultateko irakaslea da Zoologia eta Animali Zelulen Biologia sailean. Euskal Herriko faunari buruzko dibulgazio-lanetan jardun izan du, eskola eta institutuetan hitzaldiak ematen, artikuluak idazten, eta irrati eta telebistarako saioak egiten.

Argitalpenaren fitxa:

  • Izenburua: Ornodunak. Anatomia, eboluzioa eta aniztasuna
  • Egilea: Joxerra Aihartza Azurtza
  • ISBN: 978-84-8438-287-4
  • Hizkuntza: Euskara
  • Urtea: 2010
  • Orrialdeak: 492

Iturria:

UEU: Ornodunak. Anatomia, eboluzioa eta aniztasuna.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.