Musketa-usaina lurringintzan (eta 2): musketa sintetikoak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Artikulu honen lehen atalean aipatu genuen bezala, musketa-usaina ohikoa da lurringintzan, baina musketa naturalak ezin du ase mundu mailan dagoen beharra. Musketa naturala orein musketadun (Moschus moschiferus L.) arraren guruin usain-sortzaileen jariakinetik erauzten da. Horren ondorioz, orein musketaduna arrrisku larrian egon zen. Gaur egun, musketa naturalaren merkataritza debekatuta edo kontrolatuta dago, jatorrizko herrialdearen arabera. Horri aurre egiteko, lurringintzak sintetikoki ekoiztu zitezkeen musketak aurkitu behar izan zituen.

musketa sintetikoak
Irudia: musketak beste osagaien finkatzaile lana egiten du perfumeetan eta, horrela, usainak gehiago irauten du. (Argazkia: Sponchia – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Lurringintzak zituen beharrei aurre egin ahal izateko, aspalditik egin dira musketa-usainak modu sintetikoan lortzeko ahaleginak. Hain zuzen ere, 1759. urtetik dokumentatuta dago Marggraf kimikariak zenbait saiakera egin zituela. Esperimentu haiek oso arrakastatsuak izan ez ziren arren, hauspotu egin zuten ikerketa. Musketa-usaina zuen lehen molekula sintetikoa, Musk Baur izenekoa, Albert Baur kimikariak lortu zuen, 1888. urtean. Aurkikuntza zorizkoa izan zen; izan ere, Baur lehergai egonkorrak sintetizatzen ari zenean konturatu zen sortu berri zuen lehergaiak musketa-usain ederra zuela. Musketa naturala oso garestia zenez, Musk Baur konposatuak arrakasta izan zuen merkaturatu zenean.

Baurrek aurrera egin zuen bere ikerketetan, eta beste hiru nitromusketa aromatiko sintetizatu zituen: zetona musketa (MK, musk ketone), xileno musketa (MX, musk xylene) eta abelmosko musketa (MA, musk ambrette). Geroago beste bi nitromusketa gehiago sintetizatu ziren —musk moskene (MM) eta musk tibetene (MT)—. Azken bost nitromusketa horiek arrakasta handia izan zuten, musketa naturalaren ordezko merkeak zirelako, eta 1980ko hamarkadaren amaierara arte oso ohikoak izan ziren lurringintzan eta kosmetika orokorrean. 80ko hamarkadaren hasieran ikerketek erakutsi zuten nitromusketak erreakzio fotoalergikoak eragiteko gai zirela, neurotoxikoak izan zitezkeela eta ingurumenean kalteak sortzen zituztela. Ondorioz, nitromusketak gutxiago erabili zituzten, eta urteak pasata, debekatu egin zituen legediak. Europar Batasunaren kasuan, debekatuta daude MA, MT eta MM, eta mugatuta dago MXren zein MKren erabilpena.

Nitromusketen erabilera murrizten zen neurrian, lurringintzaren beharrak ez ziren bukatu eta beste konposatu batzuek bete zuten hutsunea: musketa poliziklikoek zein makroziklikoek. Musketa makroziklikoen ekoizpena artean garestia zenez, musketa poliziklikoak (PCM, Polycyclic Musk Compounds) izan ziren nagusi. PCMak 1950. urtetik ezagutzen ziren, eta nitromusketak ordezkatzen joan ziren pixkanaka. Musketa poliziklikoak bi edo hiru zikloz osatuta daude eta musketa-usain bereziki erakargarria dute. Horretaz gainera, PCMak gai dira perfumeen konposizioan dauden beste osagaien usainak finkatzeko, eta, hartara, iraunkorragoa da perfumearen usaina. Merkatuan Galaxolide, Tonalide, Phantolide, Traseolide eta Celestolide izan ziren PCMrik garrantzitsuenak. Nitromusketen ekoizpenaren murrizketak nabarmen igoarazi zuen musketa poliziklikoen ekoizpena: 1987an 4.300 tona ekoiztu ziren —musketa sintetikoen ekoizpen osoaren %61— eta 1996an, aldiz, 5.600 tona —ekoizpen osoaren %70—. Oro har, mota guztietako etxeko produktuetan erabiltzen dira, adibidez perfumeetan, kosmetikoetan, xaboietan, xanpuetan, detergenteetan eta garbiketarako bestelako produktuetan. Aipatzekoa da konposatu sintetiko horien prezio baxuak ahalbidetzen duela produktu merkeetan ere musketa-usaina duten osagaiak gehitzea.

Azken hamarkadetan ikusi da PCMak ere neurri batean toxikoak izan daitezkeela —erresistentzia multixenobiotikoaren inhibitzaileak dira eta ingurumenean nahiz bizidunetan metatzeko gaitasuna dute, esate baterako—. Horrexegatik, musketa poliziklikoak ordezkatzeko geroz eta gehiago erabiltzen dira musketa makroziklikoak. Musketa makroziklikoak aspalditik ezagutzen ziren arren, 1997. urtean haien ekoizpena %5 besterik ez zen musketa sintetikoen ekoizpen osotik. Orain arte dakigunari jarraiki behintzat, badirudi musketa makroziklikoen biodegradagarritasun-arazoak poliziklikoenak baino arinagoak direla eta hainbat musketa makrozikliko desberdin daude merkatuan gaur egun —Muscone, Civetone, Exaltone, Exaltolide eta Nirvanolide, besteak beste—. Hala eta guztiz ere, musketa makroziklikoen ekoizpena konplexua eta garestia da eta oraindik ez dira ohikoak kosmetiko merkeetan. Makroziklikoekin batera, musketa aliziklikoak dira berrienak eta horiek ere eskuragarri daude lurrinen industrian —Helvetolide, kasu—.

Musketa sintetikoen ekoizpenean egon diren gorabeherak alde batera utzita, konposatu usaintsuak laborategian sintetizatu ahal izateari esker, orain ez da ezinbestekoa musketa naturala erauztea. Horrela, gure perfumeak sortzen jarraitu ahal izan dugu orein musketadunari —eta beste animalia zein landareei— kalterik eragin gabe. Konposatu berriak sintetizatzen diren neurrian ezinbestekoa da haien segurtasuna ikertzea eta ingurumenean zein gizakiongan izan dezaketen ondorioak aztertzea, baina aukerak geroz eta zabalagoak dira eta lurringintzak modu orekatuan jarraitu dezake garatzen, edo hori espero behar dugu behintzat.

Erreferentzia bibliografikoak:

Sommer, Cornelia (2004). The role of musk and musk compounds in the fragrance industry, The Handbook of Environmental Chemistry Vol. 3, Part X: 1–16. DOI: 10.1007/b14130

Lopez-Gazpio, Josu eta Millán, Esmeralda (2016). Perfumeen kimika: musketak eta musketa poliziklikoen analisia, Ekaia, ale berezia. DOI:10.1387/ekaia.14129

Informazio gehiago:

Lopez-Gazpio, Josu (2017). Musketa, perfumeen osagai usaintsua, kuantifikatzen, zientziakaiera.eus, 2017ko martxoaren 6a.


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.