Asteon zientzia begi-bistan #494

Zientzia begi-bistan


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

intsektuek

Emakumeak zientzian

María Fernanda Campa Uranga geologo ikertzailea izateaz gain, aktibista ezaguna izan zen Mexikon. IPN-en ingeniaritza geologikoko titulazioa lortu zuen lehen andrea izan zen, eta Mexikoko lurpeko aberastasunen, bereziki petrolioaren, defendatzaile amorratua izan zen. Bere lurraldeko geologiari buruzko 200 artikulutik gora argitaratu zituen, eta Lurraren Zientzien Ikerketarako Mexikoko Erakundea sortzen lagundu zuen. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Osasuna

Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren aurkako mekanismo bat aurkitu dute. Gaitzaren abiapuntu ohikoenetakoa C9orf72 genearen mutazioa da, eta proteina egokia egin beharrean, kate oso luzeak sortzen dira. Ikertzaileek RNA modu artifizialean sartu dute zeluletan eta kate horiekin lotu eta toxikotasuna murrizten dela frogatu dute. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Ingurumena

Iratiko oihana biosferaren erreserba izendatu du Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak. Eremuak 537 kilometro koadroko azalera izango du, eta Zaraitzu eta Aezkoa ibarrak hartuko ditu barne. Izendapen horren helburua izango da tokian tokiko neurriak sustatzea garapen jasangarria bultzatzeko, biodibertsitatea babesteko eta klima-aldaketara egokitzeko. Azalpenak Berrian.

Zoologia

Intsektuek eta beste animalia batzuek badute kontzientzia, biologo eta filosofoen talde nabarmen baten arabera. Animalien Kontzientziari buruzko New Yorkeko Adierazpena idatzi dute hori azaltzeko, eta kontzientzia fenomenikoan oinarritzen dituzte haien argudioak. Azaldu dutenez, ez da beharrezkoa entzefalo eta nerbio-sistema konplexuak izatea kontzientzia izateko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Pirinioetan 83 hartz daude gaur egun, eta urtean %10 egiten du gora populazioak. Hala azaldu du FIEP taldeko Gerard Caussimontek. Hala ere, mendilerroaren erdialdean dibertsitate genetiko eskasa dute hartzek, eta mendebaldean, Nafarroa artean, kumeak izan dituen eme bakarra dago gaur egun. Azalpenak Berrian.

Biokimika

Zelulen migrazioa nola zuzentzen den aurkitu du EHUko ikerketa talde batek. Zelulen migrazioa ohiko prozesua da, eta ondorioztatu dute haren bidez, zelulan gertatzen diren prozesu biokimiko-metabolikoek unitate funtzional baten modura jarduten dutela. Hau da, zelulen migrazioa izaera sistemikoko prozesu autoarautuek gobernatzen dutela. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Anatomia

Aurpegiek informazio asko ematen digute, eta aurreiritzi askoren iturri ere badira. Paul Ekmanen ikerketen arabera, aurpegiak zazpi adierazpen unibertsal ditu: haserrea, nazka, beldurra, harridura, zoriona, tristura eta mespretxua. Denok ulertzen ditugu adierazpen horiek, eta globalizazioak ez du eraginik izan horretan. Azalpenak Zientzia Kaieran.

Botanika

Syntrichia caninervis goroldioa hautagai egokia da Marteko baldintzetan bizitzeko. Goroldio espezie hori basamortuetan hazten da, hala nola Tibeten, Antartikan eta eremu polarretan, eta ikerketa berri batek adierazi duenez, Marten bizirauteko gaitasuna izango luke. Informazio gehiago Elhuyar aldizkarian.

Mikrobiologia

H5N1 birusa ugaztunen artean transmititu daiteke behi-esnearen bidez. Hegazti-gripearen birusa isolatu dute Mexiko Berrian kutsatutako behi baten esnetik, eta sagu eta hudoetan ugaltzen dela egiaztatu dute. Lehen aldia da hegazti gripearen birus batek, hegazti zelulen hartzaileekin ez ezik, ugaztunen zelulekin ere bat egiteko gaitasuna duela. Datu guztiak Elhuyar aldizkarian.

Argitalpenak

Zomorroak. Oihana etxe barruan liburuan gurekin etxean bizi diren zomorroak ezagutuko ditugu. Ez baita beharrezkoa urrutiko oihan batera bidaiatzea modu guztietako izakiak ikusteko. Jakin-egarri direnen jakin-mina bildumaren parte da liburua eta Berta Paramo da egilea. Azalpenak Zientzia Kaieran.


Egileaz:

Irati Diez Virto (@Iraadivii) Biologian graduatua da, Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen UPV/EHUn eta Kultura Zientifikoko Katedrako kolaboratzailea da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.