Ez dirudi izozmendiek itsaslasterra geldituko dutenik

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Azken glaziazioan Ipar Atlantikoan gertatutako izozmendien askatzea eta klima-aldaketagatik gertatuko dena alderatuz, ondorioztatu dute oraingoan ez dela ur geza adina isuriko Europako klima epeltzen duen Ipar Atlantikoko itsaslasterra geldiarazteko.

itsaslasterra
1. irudia: izozmendiek ur geza askatzen dute ozeanoan eta, kopuru handietan isuriz gero, ozeanoaren gazitasuna aldatu dezakete, eta zirkulazio termohalinoan eragin. (Argazkia: Alexander Hafemann – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Behin baino gehiagotan aipatu dugu hemen zeinen erronka eskerga den epe erdirako eguraldia zein, oro har, joera klimatikoak aurreikusten saiatzea, zinez zaila baita izaera ez-lineala duten sistema horietan parte hartzen duten aldagaiak neurtzea, zein beren arteko elkarrekintzen ondorioak iragartzea.

Mundu-mailako sistema klimatikoan eragiten duten faktoreen artean, azken urteotan mediatikoenetakoa da Atlantikoaren Hegoaldeko Iraultze Zirkulazioa —gehienetan AMOC gisa ezagututa, ingelesezko siglen arabera—. Itsaslaster hori funtsezkoa da gaur egungo egoera klimatikoa ulertzeko, tartean Mendebaldeko Europako klima epeltzen duelako. Funtsean, itsaslasterrak azaleko ur epela iparraldera eramaten du, eta hegoaldera bueltatzen du hondoko ur hotza.

Mundu-mailako zirkulazio termohalinoren zati garrantzitsua da itsaslaster hau, eta, horregatik, sistema klimatiko globalaren funtsezko osagarria da. Ipar Atlantikoa da itsaslasterraren erdigunea, bertan azaleko ura hoztu eta hondoratzen baita. Horrek abian jartzen du hein handi batean klima arautzen duen uhal garraiatzailea.

Aipatutako interes mediatikoa, hein handi batean, itsaslaster horretan asaldura garrantzitsu bat gertatuz gero sor litezkeen muturreko ondorioen inguruan biltzen da. Izan ere, denetariko agertokiak marraztu izan dira sistemaren balizko kolapsoaren bueltan, kliman sortu litezkeen aldaketak direla eta. Ohi bezala, hedabide askotan egindako tratamendua oso urrun dago errealitatetik, baina horrek ez du esan nahi adituen artean kezka eta eztabaida ez dagoenik; horregatik, etengabekoak dira gaiaren bueltan egiten diren ekarpen zientifikoak.

Azkena Science aldizkarian mahai gainean jarri dute. Oraingoan, balizko kolapso horren gaineko espekulazioa baino, ikertzaileek paleoklimatologiara jo dute, iragana ulertuz oraina hobeto konprenitu nahian. Argitaratutako zientzia-artikuluan, gaur egungo egoeraren eta azken glaziazioan gertatu ziren Heinrich gertaeren arteko “lehen alderaketa” egin dute bi zientzialarik.

Aipatutako gertaera horiek azken glaziazioan jazo ziren, Groenlandiako glaziarretatik izozmendiak Ipar Ozeano Atlantikora askatu zirenean, itsaslasterrek eramanda. Izozmendi horiek urtu zirenez gero, Ipar Atlantikora ur geza asko askatu zen, eta, horien eragina zein izan zen ebaztea arras zaila izanik ere, zientzialariek uste dute garaiko klimaren gorabeherekin korrelazioak egon zitezkeela.

Santa Barbara Kaliforniako Unibertsitateko (AEB) doktoretza-ondorengo ikertzaile den Yuxin Zhou ahalegindu da aurreikusten gaur egungo joerek AMOC itsaslasterrean izan litzatekeen ondorioak. Emaitzen arabera, klima-aldaketa dela eta egiten diren aurreikuspenetan oinarrituta, izozmendien askatzea erdi-mailako Heinrich gertaera baten parekoa izango dela aurreikusi daiteke.

itsaslasterra
2. irudia: zirkulazio termohalinoaren bitartez, mundu mailako itsaslasterren sistema eratzen da, eta eragin klimatiko handia du. (Irudia: NOAAk argitaratutako bideo batetik lortutako irudia. Iturria: NOAA)

Dena dela, Groenlandiako izotz-geruzak atzera egiten duen heinean, izozmendien askatzea ez da luzatuko itsaslasterra aldatzeko adina denboran, eta horrek, nolabait, efektua ahuldu lezake. Hots, ikertzaileak uste du izozmendien askatzea ez dela nahikoa izango oraingo itsaslasterra guztiz eraldatzeko.

Gauzak hala izanik ere, eta Lur-sistemaren konplexutasuna aintzat hartuta, ondorio orokorra ez da baikorra, argi duelako ere ur gezaren askatzea —ondorengo gazitasunaren aldaketarekin— eta beroketa globala bera arriskutsuak direla itsaslaster horren egonkortasunerako.

Zientzialariak dio AMOC itsaslasterra partez ahulduta zegoela izozmendiekin gertaera hauek izan aurretik. Gaur egun, baina, ur laster hori oso indartsua dela azaldu du eta, haren esanetan, hori bada “lasaitzeko motibo”.

“Ikerketa honek adierazten du oraindik badela itxaropena, eta ideia hori buruan jardun beharko genuke”, adierazi du zientzialariak prentsa-ohar batean.

Sedimentuen azterketa

Azken glaziazioan, duela 16.000 eta 68.000 urte bitartean bereziki ahulduta egon zen itsaslasterra. Batez ere Ipar Amerika gehiena bere gain hartzen zuen Laurentiar izotz-geruzatik askatu ziren izozmendiek ur geza asko sartu zuten ozeanoan. Horretaz konturatu zen Hartmut Heinrich geologoa, eta harengatik datorkio izena pasarte geologiko horri.

Besteak beste, itsas hondoko sedimentuetan pilatutako torio-230 isotopoaren analisian abiatu zen Heinrich. Isotopo honen maila neurtuta, gutxi gorabehera ondorioztatu daiteke zenbat sedimentu pilatu ziren garai bakoitzean. Horren arrazoia da itsas uretan dagoen uranioaren desintegrazioaren ondorioz sortzen dela torioa, eta, uretan ondo disolbatzen ez denez, modu konstantean pilatzen dela hondoan. Gero eta sedimentu gehiago egonda, torioaren kontzentrazioa gutxitu egiten da. Hala, gero eta torio gutxiago atzemanda, orduan eta sedimentu gehiago pilatu zirelako adierazlea da.

Urarekin edo haizearekin alderatuz, geologoek jakin badakite izozmendiek sedimentu gehiago eramaten dituztela itsasora. Hala, funtsean, torio gutxiago aurkitzeak esan nahi du izozmendi gehiago jaso zituela itsasoak.

Erreferentzia bibliografikoa:

Zhou, Yuxin; McManus, Jerry F. (2024). Heinrich event ice discharge and the fate of the Atlantic Meridional Overturning Circulation. Science 384, 983-986. DOI:10.1126/science.adh8369

Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.