Ur gogorrak eta giltzurruneko kalkuluak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Giltzurruneko kalkuluak, «giltzurruneko harri» gisa ezagunagoak, osasun-arazo oso ohikoa dira. Zenbatesten da populazio osoaren % 10 inguruk pairatuko dituela momenturen batean gernuan zenbait konposaturen kristalizaziotik abiatuta pixkanaka sortzen diren harritzar mingarri horiek.

Harrien tamaina eta forma oso aldakorra da. Egun, tamainaren munduko marka duen giltzurruneko harria Sri Lankako paziente batean detektatu zen 2023an. Izan ere, ezinezkoa zen harri koskorra ez detektatzea: 13,4 zentimetro luze zen eta 800 gramoko pisua zuen.

Kasu gehienetan (% 75 inguru), giltzurruneko harriak kaltzioz osatuta daude. Eta, neurri txikiagoan, azido urikoz, kristinaz edo estrubitaz (magnesioa eta amonio fosfatoa) osatzen dira. Faktore anitz daude tartean harri horiek sor daitezen: gernu oso azidoa edo oso basikoa eragiten duten pH-aren alterazioak, gernu infekzioak edo hiperparatiroidismoa bezalako gaixotasunak, askotariko arrazoirengatik —arrazoi genetikoak, ingurumenekoak edo bizimoduari lotutakoak, kalkuluak sortzeko inhibitzaileen defizita…— gernuan konposatu jakin batzuen kontzentrazio handiak, eta abar.

ur gogorrak
Irudia: gizartean zabalduta dago kaltzio-kontzentrazio handia duten urek giltzurruneko kalkuluak sor ditzaketenaren ideia. (Argazkia: Andres Siimon – Unsplash lizentziapean. Iturria: Unsplash)

Eta, txorrotako ura?

Kultura popularrean oso hedatuta dago edaten dugun uraren konposizio mineralak baduela eragina giltzurrunetan harriak agertzeko. Uste horren arabera, ur gogorrak kontsumitzeak (bereziki kaltzio-kontzentrazio handia dutenak) denborarekin kalkuluak sor daitezela lagunduko luke.

Espainiako Mediterraneoko arroan (Andaluzia, Murtzia, Valentziako Erkidegoa eta Katalunia) bereizgarria da edateko ura, hain zuzen ere, herrialdeko beste eskualde batzuetan baino kaltzio ehuneko handiagoa baitu. Mineral horrek eta kloroak zapore bizia eta bereizgarria ematen diote bertako urari, eta jendeak ez du bereziki maite (horren erakusle dira supermerkatuetan erosten diren ur mineraleko txanbilak eta txorrotetan instalatutako ur-iragazkiak). Hala ere, zapore desatseginaz harago, txorrotako ur gogorrak benetan areagotzen al du giltzurruneko harriak sortzeko arriskutsua?

Galderari erantzuteko, lehenik eta behin kontuan izan behar dugu Europako kontsumitzeko uren kalitatea eta konposizioa zorrotz araututa dagoela giza-osasuna babesteko hainbat legeren bidez. Beste parametro askoren artean, kaltzio karbonatoaren (CaCO3) kontzentrazioa kontrolatzen da; hori da uraren gogortasuna definitzen duen faktore nagusia. Hau da Europako edateko urean baimendutako kontzentrazio handiena: 500 mg/l. Aintzat hartzen badugu Espainian banatzen den edateko ur guztiaren % 0,5 besterik ez dela gizakiok ez edateko modukoa, esan daiteke estatuko ur gogorrenek ezin dutela gogorregiak izan. Osasunaren Mundu Erakundeak argitaratutako txostenen arabera, kaltzio karbonatoa adierazitako mugen barruan duten urek ez lukete gizakiontzako kalte ondoriorik sortu behar.

Kalitatea baino gehiago, kantitatea

Adierazitakoaz harago, hori garrantzitsua bada ere, beste datu batzuek ere islatzen dute giza-kontsumorako edateko uraren gogortasunak ezer gutxi edo ezer ez eragiten duela herritarrek giltzurrunetan harriak izateko arriskuan. Alde batetik, hainbat ikerketa epidemiologikok ez dute loturarik ikusten, edo lotura hori oso ahula da, ur gogorraren kontsumoaren eta giltzurruneko kalkuluak izateko arriskua areagotzearen artean.

Hala ere, ikusi da ur gogorragoak edateak lotura duela gernuan zitrato, magnesio eta kaltzioaren iraizpen handiagoarekin. Hala ere, horrek ez du per se esan nahi kalkuluak izateko arrisku handiagoa dagoenik. Baina, medikuek, prebentzio-neurri gisa, aurretik giltzurrunean harriak izan dituzten pazienteei gomendatu ahal diete konposizio espezifikoko urak edateko, izan dituzten harrien motaren arabera, nahiz eta ebidentzia zientifikoak badioen lotura hori ahula dela. Pazienteen % 50 inguruk harriak izaten dituzte berriro 5-10 urtera, eta horregatik jokatzen da kautelaz.

Laburbilduz, oraindik ere ez dago argi ur gogorrak kontsumitzeak arrisku osagarririk ekartzen duenik biztanleria orokor osasuntsuan giltzurruneko kalkuluak sortzeko. Arriskuren bat egongo balitz, ikerketen arabera, arrisku txikia izango litzateke, eta ez oso garrantzitsua, aintzat hartzen baditugu giltzurruneko harriak agertzeko eragiten duten faktore guztiak. Nolanahi ere, adostasun sanitario eta zientifikoa dago kalkuluak agertzeko arriskua murrizteko ageriko eragina duen jarraibide honetan: egunero ur asko edan behar da gernu produkzioaren bolumena areagotzeko eta gernua gehiegi kontzentra dadila saihesteko. Zentzu horretan, gomendatzen da aurretik giltzurruneko harriak izan dituzten pazienteek egunero gutxienez 2 litro ur edan ditzatela. Hau da, ez da hainbeste uraren kalitatea kontuan izan beharrekoa, baizik eta hartzen dugun uraren kantitatea, harrien agerpena prebenitzeko edo harriak berriro sor daitezela saihesteko.


Egileaz:

Esther Samper (@Shora) medikua da, Ehunen Ingeniaritza Kardiobaskularrean doktorea eta zientzia-dibulgatzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko urtarrilaren 15ean: Aguas duras y cálculos renales.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.