Karea: etxetresnen erraiak jaten dituen piztia

Ikasleen begietatik · Kolaborazioak

Esan ohi da Euskal Herriko ura kalitate onekoa dela inguruko herrietakoekin alderatuta. Jakina da gainera hemengo ura biguna izatea dela horren gakoa. Hala ere, zer eragiten ote du egunerokoan iturriko ura biguna edo gogorra izateak?

Ur bigunaren onurak baino ezagunagoak izango dira ziur aski ur gogorrak etxetresnetan zein industrian eragiten dituen kalteak. Kalte horietako bat, esaterako, karearen metaketa hodietan gertatzen da. Hortaz, etxeko garbigailuak eta berogailuak bizitza laburragoa izango dute. Hala ere, egon lasai, osasunean ez baitu kalterik eragiten.

1. irudia: Sarritan entzun izan ditugu “ur biguna” eta “ur gogorra” terminoak. Bat eta bestearen artean badago desberdintasun bat: mineralen maila. Zehazki kaltzio eta magnesio kopurua hartzen da kontua uraren sailkapena egiteko. (Argazkia: Skitterphoto / Pixabay.com – domeinu publikoko lizentziapean)

Ur bigunaren eta gogorraren sailkapen hori ulertzeko, abstrakzioa egin eta pentsatu beharko da gizakiak ikusten duen likidoa milioika partikulez dagoela osaturik. Ur edangarrian badira ur molekulak ez diren zenbait partikula gogortasun horretan eragina dutenak, besteak beste, kaltzioa eta magnesioa. Bi elementu horien kopurua zein den ikusita esan daiteke ura nolakoa den. Horretarako, litro bat uretan dauden kaltzio eta magnesio partikulak batu behar dira lehenik. Ondoren, kontuan hartu behar da partikula kantitate hori kaltzio karbonatoari dagokiola. Hain zuzen ere, karea hitza kaltzio karbonato gisa ezagutzen da kimikarien artean. Hor dago, beraz, karea eta uraren gogortasunaren arteko harremana. Kaltzioaren kontzentrazioa handia bada, karearena ere handia izango da, eta ur hori gogorra izango da.

Esan beharrik ez dago uretan dauden partikulak begi hutsez ezin direla bereizi. Kontzentrazio horiek neurtzeko bide bat baino gehiago badaude ere, horietako bat kaltzioarekin edo magnesioarekin erreakzionatuko duen zerbait gehitzea izango da. Horrela, gehitzen den horren kantitateak emango du uretan dagoenaren berri. Baloratzaile esaten zaio gehitutako horri. Eta nola lortuko dugu kanpotik erreakzio hori ikustea? Horretarako, disoluzioaren kolore-aldaketa bat gertatuko da, baina zerk eragingo du kolore-aldaketa hori? Adierazleak. Konposatu koloredun bat sortuko da uretako kaltzioaren (edo magnesioaren) eta adierazlearen arteko erreakzioan. Adierazleak kolore bat du kaltzioarekin lotuta dagoenean eta beste bat aske dagoenean. Noiz egongo da aske? Baloratzailea gehitu eta kaltzio/adierazle lotura hausten denean.

2. irudia: Karearen metaketa kanila batean. (Argazkia: Hustvedt / Wikipedia – CC BY-SA 3.0 lizentziapean)

Neurketa egiten hasteko, laborategia sukalde modura irudikatu behar da, bere ontzia, sua, mahai-tresna eta kozinatzeko beharko diren osagaiak eta guzti. Ontzi batean iturriko ura jarriko da, eta bertan zenbat kaltzio (edo magnesio) dagoen jakitea izango da helburua. Horretarako, ontziko ura gatzozpindu beharko da lehenik. Laborategian erabiliko den ozpina azido klorhidrikoa izango da. Zenbait osagai gehitu eta ontzian dagoen nahastea kozinatuko da, hainbat minutuz sutan bor-bor egiten utziz. Sutik aldendu eta nahastea hozten utzi behar da. Behin guztiz hotza dagoenean, adierazlea gehitu behar da. Hara, sukaldatutako nahaste gardenak kolore arrosa hartu du…

Hurrengo helburua kolore hori aldatzea izango da eta horretarako, baloratzailea pixkanaka gehitu behar da. Baloratzaile horren lana adierazleari bere lekua kentzea izango da. Gainera, erraz egingo du hori, adierazlearekin baino lotura sendoagoa eratzen baitu kaltzioak baloratzailearekin. Adierazle-kaltzio lotura hautsi eta baloratzaile-kaltzio lotura gauzatuko da, beraz. Noiz arte gehitu? Bexamela egiten den moduan, baloratzailea irina izanik, poliki-poliki gehituko da testura jakin bat lortu arte, kasu honetan disoluzioak kolore urdina hartu arte. Une horretan kaltzio guztia baloratzaileari lotuta egongo denez, adierazlea aske geratuko da eta horrek eragingo du nahastea urdina izatea.

Nahasteak kolore urdina hartu duenean, amaitutzat emango da sukaldatze-prozesua, baina zenbat baloratzaile erabili den apuntatuko da. Erabili den baloratzaile kantitatetik abiatuta zuzenean kalkula daiteke zenbat kaltzio eta magnesio duen iturriko urak. Eta jada jakina da kaltzio eta magnesio kantitate horien baturak karearen kantitatea emango duela.

Kantitate horren arabera jakingo da, beraz, etxetresnak fabrikatzaileak zehaztutako epea beteko duen ala lehenago kareak erraiak jango dizkion.


Egileez: Ainhoa Lekuona eta Sara Pavo Gipuzkoako Campuseko Kimika Graduko ikasleak dira UPV/EHUn.

Artikulua, Maxux Aranzabe irakasleak Euskararen Arauak eta Erabilerak ikasgaian bultzatutako Laborategietako praktiketan oinarrituta idatzitako zabalkunde-testuak jardueraren harira idatzitako lana da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.