Airearen kutsadurari gainbegirada (I)

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Europan 300.000 pertsona hiltzen dira urtero kutsaduraren eraginez; horixe dio Europako Batzordeak. Baliteke gehiago ere izatea, beste iturrien arabera. Hori oinarri hartuta, Bruselak aire-kalitatearen mugak berrikusi eta zorroztuko ditu 2030. urterako. Hala ere, ez da iritsiko OME Osasunaren Munduko Erakundeak gomendatzen dituen mailetara. Testuinguru horretan, eman diezaiogun gainbegiratua airearen kutsadurari, kutsatzaile nagusienetatik hasita, kutsadura-iturri garrantzitsuenak arte.

airearen
Irudia: hirietako aire-kalitatea kaltetzearen eragile nagusia trafikoa da. (Argazkia: Foto-Rabe – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Airearen kutsadurak bi ondorio garrantzitsu ditu: alde batetik, eragina du klima-aldaketan eta, bestetik, giza osasunean ere eragin argia du. Gaixotasun zehatz ugarirekin lotura izateaz gain, airearen kutsadurak hilkortasun orokorra handitzen du; izan ere, neurri batean edo bestean, hainbat osasun-arazorekin lotzen da. Era berean, lurra eta ura ere kutsatzen ditu airearen kutsadurak. Definizioak eman beharko bagenitu, ingurumenak bi atal dituela esango genuke: atal biotikoa -organismo biziak, bizidunak- eta atal abiotikoa -hidrosfera, litosfera eta atmosfera-. Aldiz, zer da kutsadura? Bada, kutsaduraren definizioa sinplea da: ingurunean kaltegarriak diren substantziak sartzea. Zehatzago esanez, ohikoa litzatekeena baino kontzentrazio handiagoan sartzea. Izan ere, zenbait substantzia ingurunean egotea normala da, baina eragin antropogenikoen ondorioz behar baino kantitate handiagoan daude, eta hori kaltegarria da. Horixe da kutsadura.

Industria-iraultzaren ondoren, airearen kutsadura osasun publikoaren arazo garrantzitsuenetako bat bihurtu zen eta, gaur egun, mundu mailan urtero, 9 milioi hildako eragiten dituela jotzen da. Hirigune handietan bizi direnek pairatzen dute kaltearen zatirik handiena; izan ere, ibilgailuen joanetorriak eragiten du gehien airearen kalitatearen degradazioa, eta hirigune handietan dago trafikorik gehien.

Kutsatzaile nagusienak hauexek dira: materia partikulatua (PM edo Particulate Matter delakoa), lurzoru mailako ozonoa, karbono monoxidoa, nitrogenoaren oxidoak, sufrearen oxidoak eta metal astunak, bereziki beruna. Horietaz aparte, badira beste hainbat kutsatzaile atmosferiko garrantzitsu, hauek esaterako: konposatu organiko lurrunkorrak VOCs edo Volatile Organic Compounds gisa ezagutzen direnak, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak (PAHs edo Polycyclic Aromatic Hydrocarbons direlakoa) eta dioxinak, besteak beste. Azken horiek kontzentrazio txikiagoan badaude ere, kontzentrazio txiki horiek nahikoak izan daitezke osasunean eta ingurunean kalteak sortzeko.

Kutsatzaile horiek eragindako ondorioen artean aipagarrienak hauexek dira: euri azidoa -azido sulfuriko eta nitrikoen prezipitazioaren kausaz, behe-laino edo gandua (atmosferaren gardentasuna murrizten duen smog delakoa), ozonoak eragindako kalteak, eutrofizazioa, alegia, gehiegizko nutrienteek eragiten dituzten ekosistema-aldaketak, floran eta faunan eragindako kalteak eta klima-aldaketa, besteak beste. Klima-aldaketak aipamen berezia behar du; izan ere, baliteke aipatutakoen artean kalterik arriskutsuena izatea. Klima-aldaketaren eragile nagusiak berotegi-efektuko gasak dira; besteak beste, metanoa, karbono dioxidoa eta materia partikulatuaren parte den karbono beltza, ozono troposferikoa eta aerosolak. Oro har, horiek guztiek eguzkitik iristen zaigun eguzki-argian eragiten dute eta horrek mundu mailako tenperaturaren igoera dakar. Horrek, aldi berean, izotza, icerberg-ak eta glaziarrak urtzea dakar eta, beraz, itsasoaren maila igotzea. Hori guztia gutxi balitz, klima-aldaketa gaixotasun infekziosoen mapa aldatzen ari da. Ziurrenik geroz eta ugariagoak izango dira birusek eta parasitoek eragindako gaixotasunak, eta epidemiek ere gora egingo dute.

Airearen kalitatearen irizpideak OME Osasunaren Munduko Erakundeak ezartzen ditu eta, neurri batean edo bestean horietatik abiatuz, tokian tokiko beste araudiak ere badaude. Sarreran esan bezala, Bruselak airearen kutsaduraren mugak berrikusi eta zorroztuko ditu 2030erako. Gure kasuan, aipatzekoa da EAEn abian jarri den Airearen Kalitatearen Euskadiko 2030 Plana. Gurean albiste kontrajarriak baditugu; izan ere, alde batetik Hegoaldeko hiriburuetako airearen kutsadura erdira jaitsi da, baina, beste alde batetik, Europako Batzordeak proposatutako legeen arabera, Hegoaldeko hamar herritarretik zazpik aire kutsatua arnasten dute. Larritasunean ez gaude gaizki, izan ere, OMEren arabera munduko populazioaren %99k gomendatutako kutsadura mailaren gainetik dagoen airea arnasten du. Hala ere, gure egoera hain larria ez izatea ezin da aitzakia izan. Hortaz, ezinbestekoa da neurriak hartzea, aski frogatua dagoelako aire kutsatua arnastea heriotza-eragile dela. Airearen kutsadura zer den ulertzeko, lehenik eta behin ezinbestekoa da kutsatzaile nagusienak zeintzuk diren jakitea eta kutsatzaile horiek nondik datozen aztertzea.

Jarraituko du.

Erreferentzia bibliografikoa:

Manisaldis, Ioannis; Stavropoulou, Elisavet; Stavropoulos, Agathangelos; Bezirtzoglou, Eugenia (2020). Environmental and health impacts of air pollution: a review. Frontiers in Public Health, 8. DOI: 10.3389/fpubh.2020.00014


Egileaz:

Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg), Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.