Euri azidoa gaindituta ere, sufreak uretan dirau

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Sufreak eta haren deribatu diren sulfatoek kutsadura arazoak sortzen dituzte ur gezetako ekosistemetan, baina adituek ohartarazi dute eragin hori ez dela behar bezala kontuan hartzen ari. Biorremediazio estrategiak proposatu dituzte inpaktua arintzeko.

Aizue, jende gutxik erabiltzen ditu orain oihalezko mukizapiak, ezta? Bada, ilea urdintzen hasi zaretenok agian oroituko zarete garai urrun batean oso gaizki ikusita zegoela paperezko zapiak erabiltzea. Artean hitz zatar hori asmatuta ez zegoen arren, kleenexaren aldeko hautua ez zen batere ecofriendly, eta deforestazioaren aldeko konpromisoak poltsikoetan gaur egun ia material biologiko arriskutsutzat hartzen duguna eroatea eskatzen zuen. Baina, ez pentsa. Zelulosak arrisku hori arindu duen arren, bereziki haur parkeen inguruetan aita edo ama baten poltsan eskua sartzea oraindik arrisku biziko ekintza izan daiteke.

Oihalezko mukizapiarenak beste garai batzuk ziren, noski, eta ingurumenari lotutako kezkak eta lehentasunak aldatuz joan dira denbora igaro ahala. 1980-1990eko hamarkadetan, Amazoniaren deforestazioa edota ozono geruzan sortutako zuloa ziren gehien entzuten ziren arazoetako batzuk. Orduko beste klasiko bat, euri azidoarena zen.

euri azidoa
1. irudia: Aire zabaleko lignito meatzaritzak isuritako sulfatoen kutsadura jasaten duen Spree ibaia (Alemania) adibide gisa jarri dute ikertzaileek. (Argazkia: Jörg Gelbrecht)

Kontzeptua ez zen berria, 1872an deskribatua izan baitzen aurrenekoz. Urte horretan Robert Smith kimikari britainiarra konturatu zen bazirela azido sulfuriko asko zeramaten prezipitazioak. Iraultza industrialean erabilitako ikatzaren errekuntzari egotzi zion fenomenoa, eta, hein handi batean, arrazoia zuen: erregai fosilak erretzearen ondorioz, sulfuroak askatzen dira atmosferara, eta horiek prezipitazioen pH-a jaisten dute. Orain, ordea, jakin badakigu euriaren konposizio horren abiapuntua ere naturala izan daitekeela, eta sumendiek, baso suteek edota begetazioaren narriadurak efektu berdina eragiten dutela.

Jatorria edozein izanda ere, eta oxido nitrogenoarekin batera, euri horrek sortzen dituen arazoak ezagunak dira: batez ere ur ekosistemetan aldaketa sakonak eragiten ditu, eta landareetan ere kalterako da. Hiri eta herri askotako ondare arkitektonikoa kolokan jartzen du, batez ere kareharria eta marmola desegiten ditu eta.

Zorionez, ozono geruzaren eragile ziren CFC konposatuak mundu mailan debekatu ziren modu berean, sulfuroen isuriak ekiditeko neurriak ere martxan jarri ziren, eta gaur egun euri azidoaren arazoak hobera egin duela esan daiteke, Ipar Amerikaren eta Europaren kasuan bederen.

Halaber, ikertzaile talde batek ohartarazi du sufrearen bidezko kutsadura ez dela bukatu. Sufrearen ibilbidea aldatu bada ere, funtsean elementu horrek bere horretan dirau, eta ur ekosistemak kutsatzen jarraitzen du. Ondorio horretara iritsi dira
Berlingo IGB Ur Gezako Ekologia eta Barneko Arrantza Institutuko ikertzaileak, gaiaren bueltan egin diren 337 ikerketa berraztertu ostean. Gaur egungo jatorri antropogeniko nagusiak nekazaritza, meatzaritza eta industria direla argitu dute Earth-Science Reviews aldizkarian argitaratutako zientzia artikuluan.

Nekazaritzak sufrea erabiltzen du, batez ere ongarrietan eta onddoen kontrolerako. Ekologikotzat jotzen den nekazaritzak ere –auskalo zergatik– elementu horren erabilpena onartzen du, beste batzuk alboratzen dituen bitartean. Jardun horretatik dator uretara isurtzen den sufrearen erdia, gutxi gorabehera. Meatzaritzan, batez ere, lignito ustiategietan sortzen da, eta berdin gertatzen da prozesu industrial sorta zabal batean ere: batez ere jateko olioaren, patata almidoiaren eta paperaren ekoizpenean askatzen da sufre gehien.

Ikertzaileek bazekiten aire bidezko kutsadurak behera egin duela nabarmenki. Alemaniaren kasuan, isuri horiek azken hiru hamarkadetan %90 jaitsi dira. Baina ez dirudi lur barruko ur ekosistemetan jaitsiera horrek tamaina bereko erantzuna izan duenik. Adibidez, Alemaniako Mecklenburg-Aurrepomerania estatuan aztertu dituzten 41 aintziretan, hamarretik seitan sulfato mailak %10 baino gehiago besterik ez dira gutxitu, eta hamarretik bitan konposatu horien kontzentrazioa %10 baino gehiago handitu dira.

“Lignito meatzaritzak rol garrantzitsua jokatzen du munduko leku askotan, eta ur masetan zein edateko uretan gertatzen den kutsadura arazo bat da edonon”, aurreikusi du IGB institutuko Tobias Goldhammer ikertzaileak prentsa ohar batean. “Alemanian lignito meatzaritza pixkanaka alboratzea erabaki dugun arren, uretan izaten den sulfatoen sarrera mantenduko da epe luzerako arazo bezala”.

euri azidoa
2. irudia: Duela hainbat hamarkada industriak sortutako euri azidoa zen kezka nagusia, baina orain sulfatoen erdia inguru nekazaritzatik datorrela egiaztatu dute. (Argazkia: Maksym Kaharlytskyi/Unsplash)

Edateko uraren kalitatea gutxitzeaz gain, sufre isuriek karbonoaren, nitrogenoaren eta fosforoaren zikloetan eragiten dute. Besteak beste, uren eutrofizazioan lagun dezaketela ohartarazi dute, uretako nutriente mailak handituz eta, ondorioz, algen eta bestelako organismoen gorakadarekin oxigeno mailak gutxituz.

Horregatik, gaiarekiko ardura hartzeko beharra dagoela uste dute. Arazoa zertxobait konponduko duelakoan, biorremediazioaren aukera proposatu dute. Estrategia horren bitartez, prokariotoak, onddoak edota algak erabiltzen dira kaltetutako eremuak lehengoratzen saiatzeko. Kasu honetan, sulfatoa jasotzeko edota deskonposatzeko gai diren organismoak baliatuz.

Halako ikerketa batean, noski, klimari begirada bat ematea ezinbesteko osagaia da. Bada, klima aldaketak aferan izan dezakeen eragina aztertu dute ikerketan. Muturreko eguraldiari erreparatu diote. Argudiatu dutenez, euri gogorrek zoruetan bildutako sufrea eraman dezakete. Itsas mailaren igoerarekin, berriz, sulfato asko duen ur gatz gehiago ari da sartzen lurrazpiko uretan zein ibaietan, horietan sulfatoen kontzentrazioa handituz.

Lehen begirada batean, bederen, ez dirudi sufrearen presentzia hil ala biziko kontua denik, baina hain larriak ez diren arazoen kate luze batean beste katebegi bat bada. Eta eguneroko eskarmentuak ari uzten du kontua: katebegiak pisu gutxikoak izan daitezke, baina, kate bat osatzen dutenean, zama jasangaitz bihur daitezke.

Erreferentzia bibliografikoa:

Dominik Zak et al. (2021). Sulphate in freshwater ecosystems: a review of sources, biogeochemical cycles, ecotoxicological effects and bioremediation. Earth-Science Reviews, 212, 103446. DOI: https://doi.org/10.1016/j.earscirev.2020.103446


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.