Supergaizkileak, zonbiak eta sexua

Dibulgazioa · Gaztezulotik

Aurrekoan Batman eta Manbat izan genituen protagonista. Ba, oraingoan, zonbiekin ibiliko gara. The walking dead seriearekin gogoratu zarete? Are okerragoak dira dakartzadan zonbiak. Askoz okerragoak.

zonbiak
Irudia: Euli ar bat, eme baten gorpuarekin elkartu nahian. Onddoa atzeko gorputz-segmentutik hazi da, eta esporak ateratzeko erabiltzen diren adabaki zuri handiak ikusten dira. (Argazkia: Filippo Castelucci. Iturria: Kopenhageneko Unibertsitatea).

Eta kontua da, berez ezin direla mugitu. Ikusi ere, zentzu hertsian, ez dute ikusten. Entzumena ez da haien gaitasunik indartsuena. Onddoak baitira. Onddoak, bai. Jaten ditugun boletusen ahaideak. Onddoak.

Beno, egia esan, haiek ez dira zonbiak, haiek dira besteak zonbiak bilakatzen dituztenak. Zonbi esklaboak sortzeko gaitasuna dute. Hori bai superboterea eta ez Manbaten ekokokapena. Nola ez izan gaizkile horrelako gaitasunarekin. Supergaizkile izan behar.

Goazen harira, baina. Gure protagonista Entomophthora muscae onddoa da eta ez pentsa supergaizkile estereotipikoa denik. Ez ditu zonbiak sortzen mundua erretzen ikusi nahi duelako. Begirik gabe ikustea zaila bailitzateke. Gure Muski onddoak ez du zonbifikazioa bere bihotzeko gaiztotasunagatik egiten. Bizirauteko estrategia du. Mundu zail eta oldarkor honetan aurrera egiteko aurkitu duen bidea da zonbiak sortzearena.

Eta gaiztotasuna ez du indiskriminatua ere, edozein ez baitu zonbifikatzen. Lasai hartu dezakegu arnasa, gizakiok salbu baikaude. Etxe-euliak dira hemen biktimak. Uda osoan inguruan dabiltzan eta neguan desagertzen diren euli horiek. Eta baten batek pozik hartuko du berria; nolabait ordaindu dezatela udan ematen duten kaparrada. Beno, epaitzeko ez gaude hemen. Baina, euliek ere beren funtzioa badute.

Kontuz, baina. Zonbifikazioa ez baita istorio honetan guztian deigarriena. Prest zaudete prozesuaren nondik norakoak ikasteko? Gure Muski onddoak egiten duena zera da: etxeko euli emeak kutsatu eta hil egiten ditu apurka-apurka. Zehazki, euli emea bere esporekin kutsatu duenean, ugaltzen hasten da Muski euli barruan eta, sei egunen buruan, intsektuaren portaera kontrola dezake. Honaino normala. Normala edo. Hau gutxi balitz, euliak, hil baino lehen, seinale kimiko jakin batzuk askatzen ditu, onddoak eraginda.

Eta ez dira edonolako seinale kimikoak. Zertarako diren ez zenukete asmatuko. Ea, bota harrikada. Prest? Seinale kimiko horiek euli arrak erakarri eta emearen gorpuarekin kopulatzera bultzatzen dituzte.

Bai. Irakurri duzuen bezala. Seinale nekrofilikoak dira onddoak euli emeari jariarazten dizkionak. Gustu arraroak gure Muskik. Eta pentsatuko duzue, lehen ez du ba esan (idatzi) bizirauteko estrategia dela zonbifikazioa? Zelan izango da euli-nekrofilia biziraupenerako bidea?

Kontua da, badela. Euli arrak emeekin kopulatzean, gure Muski euli arrari transferitzen zaio eta, teorian, zabaltzeko aukera gehiago ditu. Eta pentsa zenezakete, orduan euli arrak taxi moduan baliatzen ditu Muskik, kalterik egin barik. Eta, noski, oker egongo zinatekete.

Sexu-arrazoiengatik ez du inongo diskriminaziorik egiten Muskik eta, zorigaiztoko euli arra nekrofilian parte hartzeko engainatzeaz gain, infektatu eta hil egiten du. Konbo hirukoitza.

Xehetasun txiki batek, gainera, are latzago egiten du kontu hau: zenbat eta denbora gehiago eman gorpuak hilda, orduan eta erakargarriagoa iruditzen zaie arrei. Bai, benetan. Horra espero ez zenuten txiribuelta gidoian.

Egindako esperimentuek erakutsi dute prozesurako funtsezkoak direla seskiterpenoak. Euli emeen gorpuan sortzen dira mezulari kimiko hauek eta, hain justu, limurtzaile zeregina dute.

Zabaldu higiezintasunetik

Lazgarria benetan istorio hau guztia, baina hainbat galdera uzten ditu airean. Adibidez, nola heltzen da Muski lehen euli horretara? Zelan jarraitzen du hedatzen behin euli arra hiltzen denean? Zelan demontre garatu du honelako prozesua onddo batek?

Zientzialariak ez dira, beharbada, erantzun guztien jakitun, baina badute zenbait kontu argitzeko adina informazio. Esaterako, zonbiak, nekrofilia eta seskiterpenoak nahasten dituen metodo hau ez da Muskik ugaltzeko duen metodo bakarra. Lehen esan (idatzi) bezala, euli emea infektatzean ugaltzen hasten da gure Muski, eta intsektuaren portaera kontrola dezakeenez, ahalik eta punturik gorenera bidaltzen du (horma edo landare batera) hil aurretik. Behin toki altu batean kokatuta, onddoaren esporak euli hiletik askatzen dira, beste batean lurreratzeko esperantzarekin. Eta ez da askatze leuna: segundoko hamar metroko abiadura har dezakete esporek irtetean; 36 kilometro orduko abiaduran, alegia. Hirietan autoak baino bizkorrago mugitzen dira.

Metodo hau da lehendik ezagutzen zena, hain zuzen. Duela gutxi egindako esperimentu batean ikusi da, euli arra erakarrita, Muskik ziurta dezakeela beste ostalari bat izatea eta bere esporak urrun bidaiatzea eta zabaltzea.

Esperimentu berean neurtu dute, hain zuzen, zein momentutan den erakargarriago euli emearen gorpua arrarentzat. Eta adi: 3-8 orduz hilda egondako euli-gorpu emeek eulien % 15 erakartzen zutela frogatu zuten probek. Baina 25-30 orduz hilda egondako gorpuek, % 73. Ehuneko hirurogeita hamahiru. Zazpi, hiru.

Seskiterpenoak daude honen guztiaren atzean, esan bezala. Izan ere, denbora pasata askatutako seinale kimiko hauek, ahuldu barik, indartu egiten dira. Zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta seinale kimiko gehiago askatzen ditu gorpuak. Muskik aginduta, noski.

Eta ikaragarria izan daiteke istorio hau guztia, baina, egia esan behar badut, inspiratzailea iruditzen zait niri: ikusi ezin dezakeen eta mugitu ezin daitekeen onddo ñimiño bat horrelakoak egiteko gai bada, gu ez gara gutxiago izango.

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.


Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2023ko martxoan, 248. zenbakian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.