Artikoaren inguruko lurretan abiatzen diren lurpeko suteen sorreran klima-aldaketak izan dezakeen eragina modelizatu du ikertzaile talde batek. Uste dute tenperaturaren gorakada faktore abiarazlea izan daitekeela.
Klima-aldaketa antropogenikoa abian den testuinguru honetan, Artikoa azkar berotzen ari da. Horretan zalantza izpirik ez dago. Zalantza gehiago daude, ordea, beroketa horrek ekarriko dituen ondorioen inguruan, askotariko agertokiak marraztu direlako. Ohi bezala, ziurgabetasun andana daude gaiaren bueltan, baina nahiko argi dago aldaketak ez direla samurrak izango.
Kezka gehien eragiten duen kontua permafrostaren urtzearen haritik doa, hemen behin baino gehiago aipatu izan dugun moduan. Azken glaziazioan pilatutako sedimentu organikoek osatzen dute permafrosta, eta eremu zabal bat okupatzen dute. Bertan pilatuta dago, AEBetako USGS zerbitzu geologikoaren arabera atmosferan dagoen karbonoa halako bi. Hortaz, permafrosta karbono iturri garrantzitsua izan daiteke, batez ere mikroorganismoak materia hori guztia deskonposatzeko lanean hasten direnean. Bereziki itsas hondoan eta permafrostaren azpian diren metano hidratoen balizko askatze masibo bat ere antzeko kezka iturri izan ohi da, gehienbat metanoa negutegi efektuko gas askoz indartsuagoa delako.
Horrenbeste ospea ez izanda ere, Artikoko lurraldeen inguruan —Alaska, Kanada eta Siberian— dauden zohikaztegiei buruzko kezka ere zabalduta dago adituen artean. Izan ere, zohikaztegi horietan sute zonbi gisa ezagutzen direnak gertatzen ari dira, eta, horien ondorioz, karbono gigatonak askatzen ari dira atmosferara. Oraingoan bederen, kontzeptua ez da kazetariek arreta erakartzeko asmatutako izendapena, zientzialariek beraiek erabilitakoa baizik. Are, oraingoan plaza honetara ekarri dugun Proceedings of the Royal Society A aldizkarian argitaratutako zientzia artikuluaren izenburuan bertan agertzen da arras adierazgarria den kontzeptu hori.
Neguan lurrazaletik desagertzen direla dirudien arren, benetan lurpean suteek jarraitzen dutelako deitzen zaio horrela fenomenoari. Hibernazioan diren ugaztunak balira bezala gordeta mantentzen dira, baina udaberria etorri orduko berriz ere berpizten dira lurrazalean.
Beren ikerketaren berri emate aldera The Conversation atarian argitaratutako dibulgazio artikulu batean ikertzaileek azaldu dutenez, orain arte gehienetan pentsatu izan da lurrazaleko suteen arrasto direla sute horiek, baina zientzialari talde honek bestelako azalpen bat proposatu du. Hasieratik argi utzi nahi izan dute beraiek proposatutakoa hipotesia baino ez dela. “Oraindik ez dugu frogarik ziurtatzeko hau mundu errealean ematen dela”, ohartarazi dute. Baina eredu matematikoak alde dituztela uste dute, eta horietan oinarritu dute argudioa.
Proposatu dutenez, lurrazalaren gainean dagoen atmosferaren berotze azkar batek zohikatzaren bat bateko berotzea eragin dezake, txinparta edo beste ezein sutze behar izan gabe. Ondorioz, sute hauek klima-aldaketak eragindako bat-bateko errekuntza baten ondorio izan daitezkeela proposatu dute.
Besteak beste, ikerketan ahalegindu dira aurreikusten tenperaturek zein lurzoruek duten karbono kopuruak zelan erantzuten dioten klima-aldaketari. Bestetik, eredu hauetan, simulatu dute mikrobioek nola askatzen duten beroa lurzorua deskonposatzen eta atmosferara karbonoa isurtzen duten bitartean. Ondorioztatu dutenez, mikrobioak gai dira bero andana sortzeko, eta, hori dela eta, zohikatza neguan 80 ºC-ra egon daiteke. Horren ondorioz, udaberrian aise piztu daitezke suteak, zoru gainean inolako suterik egon behar izan gabe, edo suteak pizteko tenperatura nahikoak eduki behar izan gabe. Egoera honi zohikatzen egoera metaegonkor beroa deitu diote.
Bestetik, landutako simulazioetan ikusi dute egoera hotz batetik egoera metaegonkor bero horretara igaro daitekeela beroketa globala dela eta. Baina hau gertatzeko, atmosferaren tenperatura azkar igo behar da. Tasa kritiko batera heldu ezean, aldaketarik ez omen da gertatuko. Hau da, beroketa berdina erritmo motelago batean gertatzen bada, ez da zohikatzaren beroketarik egongo. Ondorioz, atmosferaren beroketaren erritmoa da lurrazpiko zohikatzaren erretzea eragiten duena.
Zientzialariek ohartarazi dute balitekeela gaur egungo klimak aldaketa tasa arriskutsuetara hurbildu edo gainditu izana. Eta horrek “azaldu ahalko luke izaten ari den sute zonbien gorakada”. Modu honetan, iritsi daiteke inflexio puntu batera non sistema klimatikoak ez duen lortzen egokitzea azkarregi gertatzen diren aldaketara.
Hau bezalako kontuak aztertzerakoan, askotan zientzialariek ohartarazten dute berrelikaduren arriskuaz, eta, oraingoan ere, horrela egin dute. Diotenez, klima-aldaketak eragindako beroketak gora egiten duen heinean, gero eta halako sute zonbi gehiago sortzeko arriskua egongo da, eta, ondorengo karbonoaren askatzearekin, noski, klima beroagoak sute gehiago eragingo ditu, sorgin gurpil bat abiatuz.
Testuingurua ez da erraza: berotasun egoera horretan hamar bat urtez mantendu daiteke zohikatza, erabat erre arte. Gainera, azken bi hamarkadetan horrelako suteak gero eta gehiago gertatzen ari dira, eta intentsitate handiagorekin, gainera. Kasurako, 2024aren hasieran Columbia Britaniarrean (Kanada) halako ehun sute baino gehiago egon direla aipatu dute.
Mundu errealean ikusi duten antzeko fenomeno bat aipatu dute argudio gisa: 2022an Londresko konpost biltegi batean gertatutako sute bat. Seguruenera beroaldi batek eragin zuen sute hori, konposta bere kabuz piztu zenean. Zientzialari hauek diotenez, konposta eta zohikatza parekotzat jo daitezke portaera honi dagokionez.
Erreferentzia bibliografikoa:
O’Sullivan, Eoin; Mulchrone, Kieran; Wieczorek, Sebastian (2023). Rate-induced tipping to metastable Zombie fires. Proceedings of the Royal Society A, 479(2275). DOI: http://doi.org/10.1098/rspa.2022.0647
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.