Asteon zientzia begi-bistan #500

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

aurkikuntza

Astronomia

UPV/EHUko, Universitat Politècnica de Catalunya-ko – BarcelonaTech-eko (UPC) eta Barcelona Supercomputing Center-eko (CNS-BSC) ikertzaileek zehaztu dutenez, Jupiterren Orban Gorri Handiak (GRS), erraldoi gaseosoaren atmosferan dagoen zurrunbilo antizikloniko batek, gutxienez 190 urte ditu. Zenbakizko simulazioen eta behaketa historikoen analisien bidez, XVII. mendean ikusitako “Orban Iraunkor” batekin lotura izatea baztertu dute. Ikerketen arabera, Jupiterreko haizeen ezegonkortasunengatik sortu zen GRS, eta litekeena da uzkurtzen jarraitzea edo muturreko tamaina batean egonkortzea. Geophysical Research Letters aldizkarian argitaratu zituzten aurkikuntza horiek. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.

Astronomo-talde batek inoiz detektatutako zorrotadarik luzeenak aurkitu ditu, zulo beltz supermasibo batek igorritakoak. Porfirion izeneko zorrotada horiek 23 milioi argi-urteko luzera dute. Nature aldizkarian argitaratutako aurkikuntza horrek iradokitzen du zorrotada horiek eragina izan zezaketela unibertso gaztean galaxiak eratzeko moduan, haien eboluzioa azkartuz, materia distantzia handietatik jaurtiz. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.

Duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, Plutongo lurpeko ozeanoa, Sputnik Planitia lautadaren gainazalaren azpian dagoena, gatzik gabekoa izan liteke. Ozeano horrek 1100 kg/m³ baino dentsitate txikiagoa izango luke, eta horrek gazitasun apala adierazten du. Gazitasun horrek ur likidoa luzaroago egonkor mantentzea ahalbidetuko luke, eta Sputnik Planitia-ren gainazalaren leuntasun topografikoa azalduko luke. Gainera, ozeano ez hain gaziak giroa bizigarriagoa izateko aukerak areagotzen ditu, planeta nanorako inplikazio astrobiologiko interesgarriak planteatuz. Datuak Zientzia Kaieran.

Zoologia

Ikertzaile talde batek jakin duenez, Vanessa cardui tximeletak Afrikatik Hego Amerikara migratu dezake, Ozeano Atlantikotik 4.200 km eginez. Aurkikuntza DNA, isotopo eta polen analisien bidez egin zen. Haize alisioak funtsezkoak izan ziren bidaia osatu ahal izateko, bost eta zortzi egun artean iraun baitzuen. Ikerketa horrek iradokitzen du intsektuen migrazioak uste baino ohikoagoak eta zabalagoak izan litezkeela, eta horrek ondorio ekologiko garrantzitsuak izango lituzkeela, bereziki klima aldaketaren eraginarekin. Datuak Zientzia Kaieran.

Matematika

Ekaia aldizkarian matematikaren eta musikaren arteko lotura aztertzen duen artikulua topatu dezakegu. Honek, uhin-ekuazioak musika-tresnek sortutako soinua nola deskribatzen duen azaltzen du. Bereziki, harizko instrumentuek, biolinek eta gitarrek, adibidez, soinua sortzen dute soken bibrazioaren bidez; haien portaera uhin-ekuazioarekin modelatzen da dimentsio batean, eta Fourier-en serieen bidez ebazten da. Horri esker, soinuaren maiztasuna sokaren luzeraren eta elastikotasunaren arabera karakteriza daiteke, eta musika-soinua ulertzeko matematikaren aplikagarritasuna frogatu. Informazio guztia Zientzia Kaieran.

Rubik kuboa 1974an asmatu zuen Erno Rubikek, eta hiru dimentsioko mugimendua azaltzeko hezkuntza tresna gisa diseinatu zuten. Harrezkero, aldaera ugaritan eboluzionatu du, piramide eta dodekaedroetan esaterako, merkatuan 3.000 puzzle ezberdin baino gehiagorekin. 450 milioi unitate salduta dituen jostailu herrikoia izateaz gain, bere egitura matematikoak aljebrako talde eta permutazioak bezalako kontzeptuak azaltzeko aukera ematen du. Konmutadoreak eta konjugazioak bezalako teknikak erabiltzeak kuboa konpontzen laguntzen du, batez ere azkartasuna edo itsu-itsuan konpontzea bilatzen den gaitasunetan. Azalpenak Berrian.

Neurozientzia

Maitane Serrano Murgiak, Neurozientzietan doktoreak, nerabezaroan alkohol gehiegi kontsumitzeak dituen eraginak eta garunean duen eragina ikertu ditu. Plastikotasun sinaptikoan, neurotransmisioan eta portaeran kalte iraunkorrak izan direla ondorioztatu du ikerketak. Horrez gain, Serranok omega-3ak kalte horiek arintzeko tresna gisa duen potentziala aztertu du, eta frogatu du elikagai horrekin aberastutako dieta batek alkoholak garunean dituen ondorio kaltegarri batzuk hobetu ditzakeela, nahiz eta ohartarazi duen kalteak ez dituela guztiz lehengoratzen. Gaur egun, Omega-3ari eta sistema endokannabinoideari buruzko ikerketekin jarraitzen du. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago UEU webgunean.


Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako komunikazio digitaleko teknikaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.