Geologia 1-Fisika 1: duela 65 milioi urte Lurraren aurkako meteorito baten inpaktuaren afera

Argitalpenak · Dibulgazioa

Artikulu hau Geologia 1-Fisika 0 artikuluaren jarraipena da, bertan William Thomson (Lord Kelvin) fisikari ospetsua partidako «galtzailetzat» jo nuen. Aitzitik, Fisikaren arrakasta hain handia ez zenean Fisikak partida berdintzea lortu zuela azaltzen da artikulu honetan; Luis Alvarezen eskutik bereziki (1968ko Fisikako Nobel Saria jaso zuena).

Alvarez joko dut partidaren «irabazletzat», hein handi batean bera izan zelako Lurrak duela 65 milioi urte meteorito baten inpaktua jaso zuela proposatu zuen ikertzailea. Aipatutako hipotesia Alvarez fisikariak eta lankideek 1980. urtean Science aldizkarian argitaratu zuten. Bertan, gainera, dinosauroen suntsipenaren ardura meteorito horri eman zioten. Izan ere, azken iraungipen/suntsipen masiboak adin hori du eta bera erabiltzen da Kretazeoaren eta Paleogenoaren arteko muga ezartzeko (mugari K/Pg muga deritzo).

Science aldizkariko argitarapen horrek sortu zuen zirraraz, egonezinaz eta diziplina arteko eztabaida zientifiko aberatsaz dihardu artikulua.

meteorito baten
Irudia: Alvarez fisikariak eta bere lankideek 1980. urtean Science aldizkarian argitaratu zuten hipotesia: duela 65 milioi urte, Lurrak meteorito baten inpaktua jaso zuen. (Argazkia pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay)

Aurkikuntza bat egiten denean, ahaztu egiten gara horraino heltzeko igaro behar izan den bide malkartsuaz, sortu diren kezkez, zalantzez… Nire uste apalean, aurkikuntza berak baino irakaspen handiagoa hura lortzeko egindako bideak eman diezaguke. Hizpide dugun dinosauroen suntsipenaren adibidea oso adierazgarria da. Horregatik, bide malkartsu horretan gertatutako hainbat gauza kontatzen dira artikuluan, hala nola, ikerketa zientifikoaren munduan maiz gertatzen den «migrantearen efektua» deitu dudana, komunitate zientifikoan gerta daitezkeen jeloskeriak, parekideen berrikuspena prozesuan gerta daitezkeen «subjektibotasunak» eta halaber, ikerketa arloaren adituen ezinegona eta erreakzioak hipotesi iraultzaile bat eremutik kanpoko zientzialariek egina bada.

Hipotesi iraultzailea Science aldizkariko argitarapenean proposatu ostean beste 10 urte pasa ziren oin sendoak zituela ziurtatu arte. Tartean, fisikarien eta geologo/paleontologoen arteko borroka zientifiko eta ez-zientifiko itzela dago. Hainbat arlotatik kritika zorrotzak egin zitzaizkion proposamen ausart horri, baina Chixulub kraterra topatu zenean gehienak isildu ziren. Zoritxarrez, hipotesiaren proposatzaile nagusiak, Luis Alvarezek, ez zuen istorioaren amaiera dastatzeko aukerarik izan.

Benetako istorioa ondo jarraitu ahal izateko, artikuluaren lehen bi ataletan Geologiaren eta Paleontologiaren historiari sartu-atera labur bat egiten zaio eta bertan 1980 arte nagusiak ziren ereduak azaltzen dira.

Istorioaren 3. atala Apeninoen erdialdean hasten da, bertan oso agerian baitago K/Pg muga (Zumaiako Flyschean ere). Gutxi gorabehera 1 cm-ko lodiera duen buztinezko geruza bat dago, fosilik gabea. Mugaren azpian, Kretazeoko goi estratuetan/geruzatan foraminiferoak ugariak eta hondar aleak bezain handiak dira. Mugaren gainean, Paleogenoko lehen estratuetan berriz, oso gutxi ageri dira, eta aurkitzen direnak txikiak dira. Honek hainbat galdera dakar: Zergatik desagertu ziren ia erabat foraminiferoak? Ba al du fosilik gabeko buztinak suntsipenarekin zerikusirik? Galdera horiek erantzuteko, bereziki Luis Alvarez fisikariak, hipotesi desberdinak aztertzen ditu eta 1980n Science aldizkari ospetsuan aipaturiko hipotesi iraultzailea argitaratzen dute.

Aipatutako hipotesiak hamarkada osoan zehar komunitate zientifikoan orro galanta egin zuen, eta lan honetan erreakzio eta eztabaida sutsuen nondik-norakoak sakontasunez aztertzen dira.

Duela 65 milioi urte gertatutako kontingentzia horren ondoriozko eboluzio naturalak, gu, Homo sapiensak, munduko nagusi egin gaitu. Yucatánen jauzitako tamainako meteoritorik ez balitz existitu, dinosauroak mundu honetako nagusiak izaten jarraitu zuketen, ziur aski. Beraz, egun ezagutzen dugun Homo sapiens kontingentzia baten ondorio da, eta nork daki beste kontingentzia batek ez ote duen beste nagusi bat ekarriko mundura.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: 44
  • Artikuluaren izena: Geologia 1-Fisika 1: duela 65 milioi urte Lurraren aurkako meteorito baten inpaktuaren afera
  • Laburpena: Artikulu hau «Geologia 1-Fisika 0» artikuluaren jarraipena da, non xx. mendeko, eta bereziki mendearen lehen erdiko fisikaren nagusitasuna, ez zela arlo guztietara heldu erakutsi zen. Izan ere, Lurraren adinaren ezagutzan Geologiak gol galanta sartu zion Fisikari. Bigarren artikulu honetan, berriz, azalduko dut, xx. mendearen laugarren laurdenean, Fisikaren arrakasta hain handia ez zenean Fisikak partidua berdintzea lortu zuela, 1968ko Fisikako Nobel Saria jaso zuen Luis Walter Alvarezen eskutik bereziki. Hein handi batean bera izan baitzen Lurrak meteorito baten inpaktua duela 65 milioi urte jaso zuela proposatu zuena. Azken iraungipen/suntsipen masiboak adin hori du eta adin hori erabiltzen da Kretazeoaren eta Paleogenoaren arteko muga ezartzeko. Hipotesi hori azken suntsipen masiboaren kausa bezala 1980. urtean Science aldizkarian argitaratu ostean komunitate zientifikoan sortu zuen zirraraz, egonezinaz eta diziplina arteko eztabaida zientifiko aberatsaz arituko da artikulua. Artikuluak bide emango digu, baita ere, ikerketa zientifikoaren munduan maiz gertatzen den «migrantearen efektua» deitu dudana azaleratzeko, arazoei aurre egiteko bide desberdinak erakusteko, kuriositate zabaleko pertsonen garrantzia, komunitate zientifiko desberdinetan, eta baita bakoitzean ere, gerta daitezkeen jeloskeriak, parekideen berrikuspena prozesuan gerta daitezkeen «subjektibotasunak» eta, halaber, ikerketa arloaren adituen ezinegona eta erreakzioak hipotesi iraultzaile baten aurrean, hipotesia eremutik kanpoko zientzialariek egina bada.
  • Egilea: Fernando Plazaola
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 153-199
  • DOI: 10.1387/ekaia.23754

Egileaz:

Fernando Plazaola UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Elektrizitatea eta Elektronika Saileko ikertzailea da.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.