Vera Martha Winitzky: matematikak eta diseinua uztartzea

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Vera Martha Winitzky Buenos Aireseko Unibertsitatean (UBA) matematikako doktorego bat eskuratu zuen lehen emakumea izan zen. Eta haren ekarpen nagusiak arkitekturan, artean eta diseinuan aplikatutako matematiketan zentratu ziren.

Vera Martha 1929ko abuztuaren 22an jaio zen Buenos Airesen, Argentinan. Alejandro Winitzky eta Rosa Schajnovidzeren alaba zen. Goi-mailako ikasketak hasi zituen Buenos Aireseko Unibertsitateko Zientzia Zehatzen eta Natura Zientzien Fakultatean, 1947an. Julio Rey Pastor (1888-1962) zen orduko Matematika Saileko burua, eta Alberto González Domínguez (1904-1982) irakasle titularra zen.

Vera Martha
1. irudia: Vera Martha Winitzky Buenos Aireseko Unibertsitatean (UBA) matematikako doktorego bat eskuratu zuen lehen emakumea izan zen. (Argazkia: Jazmín Tesone CC BY 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

1949an, meteorologia eskolak jaso zituen Meteorologia Zerbitzu Nazionalean. Bertan zegoela, 1949tik 1952ra bitartean, sismologiari buruzko ikerketak egin zituen Otto Schneiderrek zuzendutako Geofisika Sailean.

1952ko uztailean, Zientzia Fisiko-Matematikoetako lizentziadunaren titulua lortu zuen, eta Matematika Berezietako laguntzaile gisa hasi zen lanean Buenos Aireseko Unibertsitateko Ekonomia Zientzien Fakultatean.

Graduko ikasketak egiten ari zela, Verak Erico Spinadel (1929-2020) ezagutu zuen. Gizona ingeniaritza ari zen ikasten, eta matematika maila batzuk gainditu behar zituen titulazioa osatzeko. 1955ean ezkondu ziren eta hiru alaba eta seme bat izan zituzten: Laura Patricia Spinadel (arkitektoa), Pablo Spinadel (ingeniari elektronikoa), Irene Spinadel (psikologoa eta idazlea) eta Andrea Gisela (zuzendari artistikoa).

UBAn matematiketan doktoregoa eskuratu zuen lehen emakumea

Alberto González Domínguez Argentinako Energia Atomikoaren Batzorde Nazionalaren zuzendaritza taldeko kide izendatu zuten 1955eko urrian. Vera Energia Atomikoaren Batzorde Nazionalaren Erreaktore Nuklearrei buruzko ikastaro batean egon zen San Carlos de Barilochen 1955ean, eta hurrengo urteetan, erreaktore nuklearrei buruzko ikerketak egin zituen Fidel Alsina Fuertes (1912-1991) fisikariaren aholkularitzarekin. Ikerketa hori egiteko, Emilio Oscar Roxinekin ere aritu zen lankidetzan; azken hori doktorego tesia egiten ari baitzen González Domínguezen aholkularitzapean.

Energia Atomikoaren Batzorde Nazionala RA- 1 erreaktorea eraikitzen hastea planifikatzen ari zen, Latinoamerikan eta hegoaldeko hemisferioan martxan jarri zen lehenengo erreaktorea. 1956an, Vera erreaktore horren masa kritikoaren kalkuluan egin zuen lan. 1957an hasi ziren eraikitzen, eta soilik bederatzi hilabete beranduago, erreaktorea martxan zegoen jada.

Vera Martha
2. irudia: Vera Martha Winitzky urrezko zenbakiari buruz idazten (2010). (Argazkia: Jazmín Tesone CC BY 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

1958ko maiatzean, Verak tesia aurkeztu zuen (Teoría de las zonas alcanzables en sistemas bidimensionales) eta doktore titulua eskuratu zuen urte bereko irailean. Horrela, Buenos Aireseko Unibertsitatean matematiketako doktoregoa eskuratu zuen lehen emakumea izan zen. Zenbait erreferentziatan Emilio Roxin agertzen da Veraren tesiaren zuzendari gisa, baina badirudi akatsa dela. Hasteko, Verak ez zuelako zuzendari baten laguntza adierazten memorian. Eta, gainera, Roxinek bere doktorego tesia (Puntos y zonas alcanzables en sistemas autónomos perturbados en forma arbitraria) 1958ko apirilean aurkeztu zuelako; hau da, Vera baino hilabete lehenago. Winitzkyk erreferentzia egiten zion Roxinekin batera eginiko baina orduan argitaratu gabe zegoen artikulu bati, ekuazio diferentzial linealei buruzkoa. 1958an ere agertu zen Unión Matemática Argentina elkartearen aldizkarian. Roxinek ere erreferentzia egin zion artikulu horri bere tesiaren memorian, eta eskerrak eman zizkion Winitzkyk egilekideari eta González Domínguezi.

Interesa diseinuan… eta matematikekin duen harremanean

1957an, Vera Buenos Aireseko Unibertsitateko Arkitektura eta Hirigintza Fakultateko II. Matematika Katedrako bitarteko irakasle atxiki izendatu zuen. 1962an irakasle elkartu erregular izatera igaro zen. Eta, aurrerago, Zientzia Zehatzen Fakultateko eta Ekonomia Zientzien Fakultateko katedretan ere lan egin zuen.

1985ean, Arkitektura eta Hirigintza Fakultateak diseinu ikastaro berri batzuk sortu zituen, eta Verak ikusi zuen ikastaro horietako eduki matematikoa oso oinarrizkoa zela. Bere iritziz, matematika aurreratuekin lotutako gaiak txertatu behar ziren horietan, ikasleei sormen handiagoko prozesuak garatzen laguntzeko.

Gainera, Benoit Mandelbroten (1924-2010) Naturaren geometria fraktala liburua irakurri zuen, eta garrantzitsutzat jotzen zuen azpimarratzea natura ez dela lineala eta, beraz, ezin dela tratamendu lineal baten bidez modelatu. Hori dela eta, irudikapen grafikoa eta fraktalen erabilera txertatu nahi zituen irakaskuntza plangintzan.

1995ean, Arkitektura, Diseinu eta Hirigintza Fakultateko Matematika eta Diseinu Zentroko (MAyDI) zuzendari izendatu zuten. Bi urte geroago zenbaki metalikoei (urrezko zenbakia orokortzen dutenak) buruzko lanak argitaratzen hasi zen, horiek diseinuarekin zituzten harremanak azpimarratzeko:

Nire lanaren helburu nagusia da Matematiken eta Diseinuaren arteko interakzioan interesa duten matematikariak, arkitektoak, ingeniariak eta diseinatzaileak deitzea. Diseinu hitza zentzu zabalenean erabili zuen; hau da, Diseinua proiektu baliabide bat da eta oinarrizko elementu da gizakion arteko diziplinarteko komunikazioan, izan arkitekturan, grafismoan, ikusizkoan edo soinuzkoan, bai eta beste edozein interakzio sinple edo konbinatuan ere.

Vera Martha Winitzky

2005eko apirilean, Verak Buenos Aireseko Unibertsitateko Matematika eta Diseinu Laborategia sortu zuen. Hiru urte geroago, International Mathematics and Design Association elkarteko presidente izendatu zuten.

Vera Martha
3. irudia: Vera Martha Winitzky eta Erico Spinadel (2015). (Argazkia: HOLIWUCC BY 4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Vera 2010. urtean erretiratu zuen; ordurako, hamar liburu baino gehiago eta ehun zientzia artikulu baino gehiago argitaratu zituen.

Zazpi urte beranduago zendu zen, eta 2018an Vera W. de Spinadel Saria sortu zen, zeinak «mundu osoko graduko eta graduondoko ikasleak deitzen dituen Vera W. de Spinadel doktoreak garatutako Zenbaki Metalikoen Familian planteatutako proportzioetako diseinuari aplikazio berriak aurkitu eta interpretatzeko».

Natura harmoniaren adibiderik garbiena da. Hortaz, pentsa liteke maisu plan bat zegoela unibertsoaren eraikuntzaren atzean? Bai. Argi dago natura zenbait printzipio matematikoren menpe dagoela. Egunero ikasten dugu unibertsoaren jatorriari buruz.

Vera Martha Winitzky

Oharra

Leku askotan Vera Martha Winitzky «Vera Martha Winitzky de Spinadel» gisa agertzen da (Erico Spinadelekin ezkondu zelako), baita «Vera W de Spinadel» gisa ere. Artikulu honetan, aipu testualetan ez ezik, bere familiaren abizena soilik erabiltzea erabaki dut.

Iturriak:


Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@Martamachos) UPV/EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko abuztuaren 28an: Vera Martha Winitzky: uniendo matemáticas y diseño.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.