Birusen eta biroideen artean kokatu daitezkeen RNA molekulak dira, baina zientzialariek oraindik ez dakite zer eragina izan dezaketen giza osasunean.
Askotarikoak dira giza gorputzeko mikrobiomaren baitan dauden elementuak: birusak, bakterioak, onddoak edota protozooak ere. Gauzak hala, azken urteotan gero eta argiago geratzen ari da horiek guztiek eragin nabarmena dutela gure organismoan, baina oraindik asko dago ikasteko eragin horren inguruan.
Eraginez harago, baina, inork gutxik esango luke mikrobioma horren baitan protagonista berriak aurkituko zirenik. Harrigarria eman dezakeen arren, ordea, badirudi badaudela mikrobioman orain arte ezagutzen ez genituen elementuak. Eta ez gara bakterio espezie berri batez hizketan ari, bizitzaren sailkapenean kaxoi berri oso baten inguruan baizik.
Eta kaxoi hori biziaren beraren mugetan dago, birusak bezala. Beren ezaugarrien arabera, birusen eta biroideen artean dauden entitate biologikoak dira kaxoi horretan daudenak, eta obelisko izendatu dituzte. Horien gaineko doktoretza tesia egin duen Ivan Zheludev zientzialariari zor zaio izendapen bitxia, eta Antzinako Egipton horren ohikoak ziren monumentuen itxura edukitzeagatik jarri diete.
Kaxoi berri bat dela diogu, obeliskoek berezko ezaugarriak dituztelako. Aintzat hartu behar da birus txikienek gutxienez 2.000 nukleotido behar dituztela beren informazioa kodetzeko, eta, modu honetan, erreplikatu ahal izateko. Proteinak sortzeko gai dira, beraz.
Biroideek, ordea, ez dute gaitasun hau, 300-400 nukleotido inguru baino ez dituztelarik. 1971n aurrenekoz aurkitu zirenetik, 50 bat espezie baino ez ziren ezagutzen, baina 2023an 20.000 mota bereizi zituen ikerketa batek. Hauek dira, beraz, bizitzaren mugatik gertuago dauden agente infekziosoak, baina, orain arte ezagutu diren biroide gehienak landare batzuen parasitoak dira, oso sinpleak izanik.
Obeliskoen kasuan, 1.000 nukleotido inguru dituzten agente infekziosoak dira. Birusek ez bezala, obeliskoek ez dute proteinen estaldura bat, baina, halere, proteinak kodetzeko gai dira ere. Beraz, obeliskoak birus eta biroideen arteko erdigunean kokatu genitzake.
Nola da posible horrelako aurkikuntza bat aurretik gertatu ez izana? Albistearen tamaina ikusita, zuhurtziaz hartzeko moduko iragarpena izan daiteke, baina atzean badago berme minimo bat. Batetik, aurkikuntza gidatu duen zientzialaria Andrew Fire Stanfordeko Unibertsitateko (AEB) ikertzaile eta medikuntzan Nobel sariduna da. Bestetik, alorrean ospe handia duen Cell aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu baten bitartez azaldu dituzte ikerketaren emaitzak.
Hainbat lagunen aho eta gorotzen azterketan abiatu dute ikerketa lana. Hala, 32 aho analizatu dituzte, eta, horietatik, erdian obeliskoak aurkitu dituzte. Modu berean, 440 lagunen gorotz laginak analizatu dituzte ere, eta, horietako %7an ere entitate horiek aurkitu dituzte. Ohi bezala, lagin horiek bereizmen handiz aztertu ahal izateko teknika bioinformatikoez baliatu dira.
Baina, horrez gain, giza gorputzetik kanpo obelisko andana aurkitu dituzte. Planeta osoan 30.000 espezie aurkitu dituztela ziurtatu dute ikertzaileek zabaldutako prentsa oharrean, ekosistema naturaletan, animalien mikrobiometan edota hondakin uretan.
Dena dela, asko dago oraindik horien bueltan ikasteko. Ia-ia dena, egiari zor. Horren adibide da espezie horietatik guztietatik momentuz bat baino ezin izan dutela lotu bakterio zehatz batekin: gizakien ahoan egon ohi den Streptococcus sanguinis bakterioarekin, hain zuzen; baina beste bakterio batzuetan ere obeliskoak egongo direlakoan daude zientzialariak. Bakterio bakoitzeko 1.000 obelisko baino gehiago daudela kalkulatu du beste ikerketa batek.
Zientzialariek azaldu dute saiatu direla ulertzen zer egiten duten bakterio ostalariaren barruan, baina ez dutela lortu. Kasurako, ez dakite gainerako bakterioen aurrean abantailaren bat ematen ote dieten. Bakterio honen kasuan, besteak beste, odol sistemara sartu daiteke, heriotza ekar dezaketen infekzioak abiatuz eta bihotza handituz.
Orain, norabide honetan sakondu nahi dute. Izan ere, duela gutxira arte uste zen RNA molekulek DNAren dagoen informazioa transmititzeko baino ez dutela balio, baina ikuspegi hau aldatzen ari da azken ikerketei esker.
Zientzialariek iradoki dute agian obeliskoek funtzioren bat bete dezaketela zelula barruko prozesuetan, baina oraindik argitzeko dago zer inpaktu izan dezaketen osasunean, txarrerako ala onerako. Maria Jose Lopez Galiano biologoaren arabera, orain arte ezagutzen diren organismoekiko “erabat desberdin” aritzen dira, eta “iraultzaile izan daitezkeen” aplikazioei bidea irekitzen diete.
Marcos de la Peña ikertzailearen arabera, “aurkikuntzak argi erakusten du mikrobioen mundua uste baino askoz konplexuagoa dela”. Are, sinetsita dago “esplorazio eremu baten ateak ireki” duela, eta, honek ”irauli” lezakeela birologiaren, biologiaren edota bizitzaren beraren agerpena ulertzeko modua.
Logikoa denez, biroideen eta birusen arteko kokapen honek galdera berriak irekitzen ditu mota honetako entitateen eboluzioari buruz. Ikertzaileak sinetsita daude aspaldikoa dela gizakien eta obeliskoen arteko harremana, eta, beren egitura dela eta, uste dute planetako organismo zaharrenetakoak izan litezkeela. Are, horren molekula sinpleak izanik, iradoki dute balitekeela bizitzaren sorreran rol bat jokatu izana. Aukera honek RNA mundu gisa ezagutzen den hipotesiarekin bat egingo luke beraz; hots, RNA molekulak izan zirela hasierako organismoetan lehen informazio genetikoa oinordetzan uzteko erabili izan zirenak.
Erreferentzia bibliografikoa:
Zheludev, Ivan N.; Edgar, Robert C.; Galiano-López, M aria Jose, de la Peña, Marcos; Babaian, Artem; Bhatt, Ami S.; Fire, Andrew Z. (2024). Viroid-like colonists of human microbiomes. Cell, Volume 187, Issue 23, 6521 – 6536.e18. DOI: 10.1016/j.cell.2024.09.033
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.