Ane Paniagua, adimen artifizialeko ikaslea: “Aukera izan dut nire eremutik atera eta gauza berriak ikasteko”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Ane Paniagua Gonzalez de Txabarri Adimen Artifizialeko gradua egiten ari da EHUn. Gehiengoak bezala, unibertsitateko ikasketak aukeratzean, ez zeukan oso garbi zer egin nahi zuen: “Ate irekien jardunaldian, informatika eta beste ingeniaritza batzuk erakarrita joan nintzen. Han jakin nuen adimen artifizialeko gradua zegoela, eta, artean ez nekien arren zer zen, horren alde egin nuen”. Eta, aitortu duenez, asmatu egin zuen.

Hain zuzen, oso gustuko zuen informatika, baita matematika ere. Baina matematikako gradua teorikoegia iruditzen zitzaion. Eta ingeniaritzetan fisika eta kimika ere bazeuden. “Adimen artifizialean, berriz, ez zeuden bi ikasgai horiek. Hori alde batera utzita, ez nekien gauza handirik. 2020an batxilergoko bigarren mailan nengoen, eta 2021ean hasi nintzen. Oso berria zen dena, eta horrek ere bultzatu ninduen. Pentsa, oraindik ez zegoen gradua egin zuen inor —gu bigarren belaunaldia gara—, eta chatGPT ez zen existitzen. Siri eta itzultzaile automatikoa eta halakoak bakarrik ezagutzen genituen”, gogoratu du.

adimen artifizialeko
Irudia: Ane Paniagua Gonzalez de Txabarri Adimen Artifizialeko gradua egiten ari da. (Argazkia: Elhuyar)

Ikasgaiek eta berritasunak ez ezik, beste zerbaitek ere lagundu zion erabakia hartzen: irakasle emakumezkoen jarrerak. Izan ere, onartu du bazegoela informatikarien gainean estereotipo jakin bat: bideojokoen zalea, frikia… Eta jendeak esaten ziola bera ere halakoa bilakatuko zela. “Nik, ordea, ez nuen horrelakorik ikusi. Gainera, zer du txarra frikia izateak? Bestalde, nire karreran, neskak eta mutilak nahiko orekatuta gaude. Ingeniaritza informatikoan agian mutil gehiago daude, baina ate irekietan gugana berehala hurbildu ziren irakasle pare bat, emakumeak biak, animatzera, eta, beraz, ondo hartuak sentitu ginen”.

Eta Ane Zelaia Jauregi irakasleak animatu zuen karrerako ikasgaiez aparteko proiektu bat egitera, beste bi lagunekin batera. Hala, Badok eta Musikasten euskal musika-taldeei buruzko webguneetako datuak hartu, eta Wikidatara eraman zituzten, Wikipediaren datu-basera. “Oraindik datu pila falta dira, baina guk, pixka bat osatu genituen, eta, batez ere, egitura eman genien. Horri esker, sistematikoki kontsulta daitezke, eta nazioarteko beste leku batzuetakoekin alderatu daitezke”. Adibidez, euskal musikarien rankinga osatu daiteke, argitaratutako album-kopuruaren arabera, edo argitaratu diren dataren araberako denbora-diagramak egin daitezke.

Atzerriko esperientzia eta etorkizuneko galdera-marka

Gauza berriak egiteko bulkada horrek berak eraman zuen Ljubljanara, Esloveniako hiriburura. Erasmusen bidez izan da han, eta, etorri berritan, balorazio ezin hobea egin du hango esperientziaz, nahiz eta azterketak egiteko dituen oraindik. “Jende asko etxetik kanpo joaten da karrera ikastera, baina ni etxean geratu nintzenez, gogoa neukan kanpora ateratzeko, eta ikusteko zer ikasten duten beste unibertsitate batzuetan adimen artifizialeko karreran”.

Izan ere, arlo berria denez, ikasgaiak nahiko desberdinak dira batean eta bestean. Ljubljanan, hasiera batean, masterreko ikasgaiak aukeratu zituen, baina gero karrerakoak hartzeko gomendatu zioten, bestela lan-karga handiegia izango zelakoan. “Hasieran beste asmo bat neukan arren, oso gustura ibil naiz. Gauza desberdinak ikasi ditut, eta aukera bat izan da nire eremutik ateratzeko eta zerbait berria ikasteko”. Ikasgaiak alde batera utzita, bidaiatzeko eta herrialde askotako jendea ezagutzeko aukera izan du, eta balorazio ezin hobea egiten du esperientzia osoaz.

Bukatzeko, etorkizuna nola ikusten duen galdetuta, hau da bere erantzuna: “Galdera-marka handi bat”. Ikasten jarraitu nahiko lukeela dio. Esaterako, gustuko du irudi-prozesamendua. “Iazko udan praktikak egin nituen DIPCn (Donostia International Physics Center), eta oso gustura aritu nintzen. Itzulitakoan, haiekin jarraituko dut. Hizkuntzaren inguruan ere badago master bat oso interesgarria, baina uste dut irudiak gehiago erakartzen nauela. Beste aukera bat kanpora joatea da, baina ez dakit”. Tarte batean pentsakor geratu ondoren, errepikatu du: “Galdera-marka da hori”.


Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar aldizkariko zuzendarikidea.


Elhuyar aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.