Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Eboluzioa
AEBko antzinako zohikaztegietako molekula fosilak aztertuta, ikertzaile batzuek Deccan bolkanismoaren erupzioen eta Chicxulubeko kraterra sortu zuen asteroidearen talkaren bitarteko tenperaturak argitu dituzte. Deccan bolkanismoaren erupzio masiboek klima 5 ºC hoztu zuten 10.000 urtez, asteroidearen talka baino 30.000 urte lehenago. Gasek eguzki-izpiak blokeatu zituzten, baina tenperatura berehala leheneratu zen, eta erupzioek ez zuten eragin erabakigarririk izan dinosauroen desagerpenean. Asteroidearen talkak, berriz, hondamendi globala eragin zuen: hozte bizkorra, suteak, tsunamiak eta lurrikarak. Hori dela eta, ikertzaileek ondorioztatu dute dinosauroen galera asteroidearen talkak eragin zuela nagusiki. Emaitzak Science Advances aldizkarian argitaratu dituzte. Azalpenak Elhuyar aldizkarian.
Adimen artifiziala
UPV/EHUko eta Pauko Unibertsitateko ikertzaileek eginiko azterlan batek erakutsi du Adimen Artifizialak (AA) % 70eko zehaztasunarekin irakasleen ebaluazioak kopiatu ditzakeela. 507 irakasle eta AA sistemek (ChatGPT, Gemini, Copilot) parte hartu zuten esperimentuan, Lehen Hezkuntzako ikasleen testuak ebaluatuz. ChatGPT izan zen gizakien ebaluazioetara gehien hurbildu zena. Ondorioek adierazi dute AAren zehaztasuna prestakuntza mailarekin lotuta dagoela, baina generoak eta maila akademikoak ez dute eraginik. AA tresna lagungarria izan daiteke irakasleentzako, ebaluazio lanak arintzeko eta beste zereginetarako denbora gehiago eskaintzeko. Datu guztiak Zientzia Kaieran.
Kimika
Munduko txoko askotan su artifizialak jaurtiz ematen zaio hasiera urte berriari. Horren harira Leire Sangroniz eta Ainara Sangroniz kimikariak kolorez eta soinuz betetako suziri hauen atzean dagoen kimika azaldu dute Zientzia Kaieran. K.a. 250ean Txinan asmatu ziren, eta bolbora beltzaren aurkikuntzarekin garatu ziren. Koloreak gatz metalikoen bidez sortzen dira: sodioak horia, barioak berdea, eta kobreak urdina. Zarata, bestalde, konposatu kimikoen errekuntzaz lortzen da, danbadak aluminioz eta txistu-hotsak nitrokonposatuez eraginez. Oinarrizko osagaiak erregaia, oxidatzailea, koloratzailea eta aglomeratzailea dira. XIX. mendetik aurrera su artifizialak asko hobetu ziren, gaur egungo ikuskizunak sortuz.
Biologia
Ikerketek erakutsi dute aitaren dietak eragin epigenetikoa izan dezakeela seme-alaben osasun metabolikoan, sncRNA molekulen bidez. Gantz ugariko dieta jarraitzen duten sagu arren ondorengoek diabetesaren sintomak garatzen dituzte; efektu hori dieta normala berriro hartzean desagertzen da. Eragina epididimoan zehar espermatozoideak heltzen direnean gertatzen da, mitokondrietako sncRNA maila handitzearen ondorioz. Gizakietan, obesitateak eta gorputz-masaren indize altuak ere sncRNA mailak aldatzen dituzte, seme-alaben obesitate eta osasun metabolikorako arriskuak bikoiztuz. Hortaz, osasuntsu jatea garrantzitsua da, batez ere ugalketa unean. Informazioa Zientzia Kaieran.
Arkitektura
Landare-fatxadek lorategi bertikalen izaera emulatzen dute eta eraikinen isolamendu termikoa nabarmen hobetzen dute. Substratu batekin egituratutako sistema hauetan, landareek ura eta mantenugaiak jasotzen dituzte. Azterketa batean, landare-fatxada baten eta oinarrizko hormaren portaera termikoa alderatu da. Landare-fatxada instalatuta, isolamendu-ahalmena % 30 handitu zen, transmisio termikoa 0.75 W/(m²·ºC) izatetik 1.22 W/(m²·ºC) izatera pasatuz. Udaran, kanpoko geruzaren hozte efektua nabarmendu zen, beroa pasiboki murriztuz. Berrikuntzak eraginkorrak dira bero-galerak minimizatzeko eta energia aurrezteko. Informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Astrofisika
NASAren Parker zundak Eguzkitik inoizko gertuen igarotzea lortu du, 6,1 milioi kilometroko distantziara. Objektu artifizialik hurbilenak, 692.000 km/h-ko abiaduran, Eguzkiaren atmosferaren datu baliotsuak bildu ditu. Misio honek Eguzkia hobeto ulertzea ahalbidetuko du, eta teknologikoki garrantzitsua da, adibidez, eguzki-ekaitzak iragarri eta horien eragina prebenitzeko. 2018an jaurtitako zundak grabitazio-bultzadak erabiliz hurbildu da pixkanaka Eguzkira, eta azken igarotzea arrakastaz gauzatu du, sistemak kaltetu gabe. Datuak Elhuyar aldizkarian.
Zientziaren komunikazioa
Gureikerrek egindako ikerketaren arabera, komunikabideetan parte hartu duten ikertzaileen % 51k erasoak jasan dituzte, bereziki COVID-19 eta klima-aldaketarekin lotutako gaiengatik. Sare sozialak dira eraso gehienen gune, eta emakume zientzialariek jasaten dituzte irain eta zalantza gehien, genero estereotipoen ondorioz. Hala ere, dibulgazioa ezinbestekoa da desinformazioari aurre egiteko. Zientzialariek diote erronkak gorabehera, gizartearekiko ardura dutenez jarduera hori ezin dela baztertu. Ondorioz, erasoak gelditzeko eta segurtasuna bermatzeko neurriak eskatu dituzte. Azalpen guztiak Berria egunkarian.
Egileaz:
Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.