Larruazala organo zabalena da, izan ere gizakien eta animalien ia gorputz osoa babesten du. Azala geruza babeslea da, eta kolpeetatik, tenperatura altuetatik edo infekzioetatik “salbu” jartzen ditu gorputzak, organismoaren eta ingurumenaren arteko hesi bat bezala jardunda. Baina horrez gain, larruazalak gorputzaren tenperatura erregulatzen du, ura eta gantza metatzen ditu edo sentsore gisa funtzionatzen du.
Hala ere larruazalak funtzio desberdinak ere baditu espeziearen arabera. Esaterako, gizakien kasuan, azalaren kolorea latitudearen eta, beraz, argi ultramorearen intentsitatearen arabera aldatzen da: behe-latitudeetan bizi diren pertsonek azal ilunagoa dute, eta goi-latitudeetan bizi direnak, berriz, pigmentazio argiagoa.
Organo interesgarria da larruazala, eta berari erreparatu dio oraingoan Kiñuk. Eta ez da gutxiagorako, izan ere, gure trikuak arantzez beteta du gorputza eta, hori dela eta, haren azaleko epidermisa geruza fin bat da. Bai bitxia, ezta?
Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:
Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, UPV/EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.