Nerabeen psikofarmakoen kontsumoan genero-arrakala agerian
Europako 32 herrialderen genero-desberdintasunak eta faktore ekonomikoek nerabeen psikotropiko-kontsumoarekin zer lotura duten aztertu du EHUko ikerketa batek. Emaitzen arabera, genero- eta ekonomia-parekotasun handiagoko herrialdeetan handitu egiten da psikofarmakoen kontsumoa oro har; aldiz, parekotasun txikiagoko herrialdeetan, neskek proportzionalki gehiago kontsumitzen dituzte farmako horiek, eta genero-arrakala handiagoa da.
Nerabeen osasun mentalarekiko kezka handitzen ari da Europako osasun publikoko erakundeetan eta komunitate zientifikoan. 1990-2021 bitartean, 10 eta 24 urte bitarteko populazioan, depresio- eta antsietate-nahasmenduen kasuek gora egin dute mailaka; baina hazkundea areagotu egin da azken urteotan. Gero eta farmako antsiolitiko, hipnotiko eta lasaigarri gehiago hartzen dituzte nerabeek (medikuak hala aginduta edo ez), eta, gainera, nesken kontsumo-tasak handiagoak dira.

EHUko OPIK – Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko ikerketa-taldearen ildo garrantzitsuenetako bat da aztertzea ea faktore sozialak eta populazioaren osasuna nola lotzen diren. “Urteak daramatzagu ikusten generoaren arabera alde handia dagoela psikofarmakoen kontsumoan, bai euskal gazterian, baita Espainiakoan ere, eta orain Europa mailako kontsumoak aztertu ahal izan ditugu”, azaldu du EHUko ikertzaile Xabi Martinez Mendiak.
2019ko ESPAD inkesta baliatuz (Alkoholari eta beste droga batzuei buruzko Europako Eskola Inkestaren Proiektua), Europako 32 herrialdetako 15-16 urteko ia 97.000 neraberen datuak aztertu dituzte OPIK taldeko ikertzaileek: “Ikusi dugu kontsumo-alde handiak daudela Europako herrialdeen artean”, dio Martinez Mendiak. Adibidez, orokorrean, generoa bereizi gabe, Grezia eta Esloveniako nerabeen psikofarmakoen kontsumoa % 6 izan zen; Italian % 10 eta Letonian % 28.
Bestalde, “azpimarratzekoa da Europako ia herrialde guztietan nesken kontsumoa mutilena baino handiagoa dela —azaldu du EHUko ikertzaileak—. Espainian, adibidez, kontsumo orokorra % 14,1 izan zen: neskena % 14,6 eta mutilena % 13,6. Eta genero-arrakala hori ere oso desberdina da herrialdearen arabera”.
Nerabeen psikofarmako-kontsumoa baldintzatzen duten faktoreak
OPIKeko ikertzaileek jakin nahi izan dute ea herrialde barneko faktore ekonomikoek (soldata-desparekotasuna eta per capita Barne Produktu Gordina) eta genero-desberdintasunek nola baldintzatu dezaketen halako aldeak egotea herrialde batetik bestera. Faktore horiek ez dituzte modu isolatu batean aztertu, elkarren arteko efektua hartu dute kontuan. Ikerketan, norbanakoaren aldagai soziodemografikoak eta herrialde mailako ezaugarriak konbinatu dituzte, informazio aberats eta osatua lortzeko. Eta, hala, ikusi dute “hein batean, herrialde mailako faktore askok dutela eragina nerabeen psikofarmakoen kontsumo-aldeetan”, ondorioztatu du Martinez Mendiak.
Emaitzek erakutsi dutenez, nerabeek substantzia psikotropikoen kontsumo txikiagoa erakutsi dute desparekotasun sozial eta ekonomiko handieneko herrialdeetan, alegia, generoan eta ekonomian desberdinkeria handiena duten eta pertsonako barne-produktu gordin (BPG) baxuena duten herrialdeetan. Herrialde horietan, gainera, genero-arrakala handiagoa da; izan ere, bereziki mutilen kontsumoak egiten du behera, eta neskek hartzen dute herrialde horietako kontsumoaren ehuneko handiena. Bestalde, herrialde aberatsenek eta berdintasun-maila handiena dutenek tasa altuagoak izan dituzte, baina neska-mutilen kontsumoa antzekoagoa da.
Esate baterako, “Norvegia da BPG altuenetarikoa eta genero-berdintasuneko adierazle onenak dituen herrialdeetako bat, eta psikofarmako-kontsumo nabarmenak baditu ere (% 14ek inoiz hartu du psikofarmakoren bat), neskak eta mutilak nahiko paretsu dabiltza inkestan. Hungaria, bestalde, erdi-mailako BPGa duen herrialdea da, baina genero-desberdinkeria nabarmena du. Bertan, kontsumo orokorra % 12,3 da (ez dago Norvegiako datutik hain urrun), baina genero-arrakala handia da: nesken % 14,8k eta mutilen % 9,8k kontsumitu dute. Hau da, kontsumoa baxuagoa da, baina arrakala handiagoa”, adierazi du EHUko ikertzaileak.
Horrenbestez, ikertzaileek lotura estatistikoki esanguratsuak aurkitu dituzte arlo klinikoan eta ez-klinikoan gertatzen den psikofarmakoen kontsumoaren eta gizarte batek duen genero-desberdintasunaren eta ekonomia-mailaren artean. “Guk norabidea markatu dugu”, azaldu du. Orain beste zenbait faktore aztertu beharko lirateke datu horiek guztiak hobeto azaltzeko: “Faktore kulturalak, sozioekonomikoak, osasun-sistemako faktoreak… Askotariko alderdi difusoak sartzen dira jokoan. Adibidez: zer joera du herrialde bateko biztanleriak arazo mentalei aurre egiteko? Osasun-sistemara bideratzen dira? Medikuek zer joera dute psikofarmakoak preskribatzeko? Neskei gehiago preskribatzen dizkiete?”.
Ikerketa hau lehena da Europan aztertu duena ea herrialde bateko baldintzatzaile sozialek nola eragin dezaketen nerabeen antsiolitikoen erabilera generoaren arabera. Azterlan honek ekarpen garrantzitsua egiten dio Europako nerabeen osasun mentalari buruzko ikerketari. Dena den, “kasuistikak askotarikoak dira, baita joerak ere; horregatik da garrantzitsua modelo estatistiko bateratuak egitea joera orokorrago batzuk kuantifikatu ahal izateko. Faktore kulturalak, medikalizazio-prozesuak eta haien genero-inpaktuetan arreta jarri beharko genuke orain”, esanez amaitu du.
Iturria:
EHU prentsa bulegoa: “Neskek kontsumitzen dituzte antsiolitiko eta lasaigarri gehien Europako herrialde gehienetako nerabeen artean“.
Erreferentzia bibliografikoa:
Gender differences in adolescent anxiolytic, hypnotic and sedative use across 32 European countries: a multilevel analysis of the influence of country-level gender inequality and economic factors. European Journal of Public Health, 36, 2. DOI: 10.1093/eurpub/ckag034