Eskandinaviarren migrazioak azaleratu ditu DNAk

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Antzinako DNA aztertzeko metodo berria erabiliz, Ipar eta Erdialdeko Europako populazioen historia genetikoa berreraiki du ikertzaile talde batek.

Gaur egun antzinako DNArekin erabiltzen diren azterketen erronka nagusienetako bat da arbaso genetikoen artean dauden aldeak bereizi ahal izatea, oso antzekoak direlako. Baina ikertzaile talde batek dio askoz doitasun handiagoa eskaintzen duen metodoa garatzea lortu duela. Twigstats izena eman diote metodoari. Bide berri horrek aukera ematen du, hain zuzen ere, genetikoki antzekoak diren norbanakoen arteko aldeak bereizteko. Ikertzaileek laburbildu dutenez, modua aurkitu dute aldaketa genetikorik zaharrenak identifikatzeko, eta, horrela, azterketan horiek alde batera utzi eta aldaketa berrietan zentratzeko modua izan dute.

Erdialdeko Europako
1. irudia: Bikingoen Aroan, Eskandinaviako populazioak Europa osoan zehar zabaldu ziren. Argazkia: (Steinar Engeland / Unsplash)

Ez da edonolako aurrerapausoa. Ehiztari-biltzaileak eta lehen nekazariak bereizteko moduko bereizmena lortu dute orain arte erabili izan diren sekuentziazio tresnek, giza talde horien arteko alde genetikoak nahiko zabalak direlako. Baina, azken garapen honi esker, eskala finagoa eskuratu ahal izan dute, eta horrek ahalbidetu die, orain arte ez bezala, migrazio patroiak zehaztasun handiarekin bereiztea.

Nature aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean azaldu dutenez, ikerketaren motibazioaren abiapuntuan dago Ipar eta Erdialdeko Europako Burdin Aroaren inguruan —Kristo aurreko 500 urtearen bueltan— argitzeko dagoen gaietako bat dela zer nolako lotura izan zuen aro horrek Kristo ondorengo III. eta VI. mendeetan izan ziren migrazioekin, zer nolako eragina izan zuten Mediterraneoko populazioetan eta, azkenik, nola eragin zioten Bikingoen Aroari (K. o. 750-1050). Bada, oraingoan ere, genetika arkeologiarentzako tresna oso erabilgarria izan daitekeela erakutsi dute.

Orotara, antzinako 1.556 genoma aztertu dituzte, eta aipatutako eremu horretan Kristo aurreko 500 urtearen eta Kristo ondorengo 1000 urtearen arteko populazioen historia genetikoa berreraikitzeko moduan egon dira horrela. Aztertu dituzten lagin gehienak K.o. lehen milurtekoak dira. Hortaz, tarte horretan jasota daude, Burdin Aroa, Inperio Erromatarra, Lehen Erdi Aroko migrazio aldia eta Bikingoen Aroa.

Burdin Aroaren hasieran, germaniar hizkuntzadun herriek hegoalderantz egin zutela bazekiten historialariek, erromatarrek talde germanikoen arteko liskarren inguruan idatzi zutelako. Orain, datu genetikoek kontakizun horiek berretsi dituzte. Izan ere, genomei egindako jarraipenak erakutsi du Eskandinaviatik eta gaur egingo Alemaniaren iparraldetik hegoalderantz egin zutela populazio horiek. Hala, Kristo ondorengo lehen milurtekoaren lehen zatian Eskandinaviatik abiatutako populazioen zabalkunde bat egon zen, eta hori bi olatuetan gertatu zen. Iparraldeko populazioak gainerako Europara zabaldu zen. Milurteko beraren bigarren zatian, ordea, leinu hori desagertu zen, eta beste jatorrietako leinuekin nahasketa gehiago gertatu zen.

Hain justu, analisi genetikoek erakutsi dute talde horietako asko aurreko populazioekin elkartu zirela. Besteak beste, gaur egungo Alemaniako hegoaldean, Italian, Polonian, Eslovakian eta Britainia Handiko hegoaldean eskandinaviar jatorriko arrasto genetikoak aurkitu dituzte. Kasu batean, Hegoaldeko Europako genoma bat % 100ean eskandinaviar jatorriarekin bat zetorren.

Erdialdeko Europako
2. irudia: antzinako DNAren analisi berriei esker, ikertzaileek hiru migrazio olatu bereizi dituzte. (Mapa: Francis Crick Institutua / Juanma Gallegok euskaratuta)

Kontrako norabidean joan zen beste mugimendu bat egiaztatzeko moduan egon dira: germaniar eledunek iparralderantz jo zuten Burdin Aroaren amaieran eta Bikingoen Aroa baino lehen (K.o. 300-800 tartean). Oro har, genomen arrastoari tiraka, germaniar jatorriko hizkuntzen eboluzioarekin bat datoz datuak, migrazio eta elkarrekintza bi eremu nagusiekin bat eginda. Hizkuntzen eboluzio horretan hiru adar nagusi egon ziren: Eskandinavian mantendu zena, galdu zen bigarren adar bat, eta egungo alemanari eta ingelesari bidea eman zien hirugarren bat, hain zuzen ere.

Zehaztasun mailara jaitsiz, genoma batzuetan oso adibide esanguratsuak aurkitu dituzte. Kasurako, Yorken (Erresuma Batua) II. eta IV. mendeen artean bizi izan zen erromatar soldadu edo gladiadore baten genomaren % 25 inguru Eskandinaviako Burdin Arokoa zen. “Honek agerian uzten du Bretainia Handian eskandinaviar jatorri genetikoa zuen jendea bazegoela, K.o. V mendean, aro anglosaxoia eta bikingoa hasi baino lehen”, adierazi dute ikertzaileek Francis Crick Institutuak zabaldutako prentsa ohar batean.

Modu berean, eta hortzen analisian oinarrituta, konturatu dira Oland uhartean (Suedia) ehortzitako zenbait pertsonak Erdialdeko Europako jatorri zutela, baina uharte horretan bertan hazitakoak zirela. Ikertzaileen irudikoz, horrek iradokitzen du iparralderako mugimendu horiek ez zirela fenomeno isolatuak izan, denboran mantendu izan zen prozesu bat baizik.

Arkeologiaren bidez adituek jakin badakite garai horretako Eskandinavian hainbat gatazka egon zirela. Hau ezagututa, eta logikoa denez, ikertzaileek uste dute giro gatazkatsu horrek zeresana izan zuela populazio mugimendu hauen abiapuntuan, baina, modu berean, onartu dute hori babesteko froga gehiago eskuratu behar dituztela oraindik.

Oro har, Bikingoen Aroan, Eskandinaviako populazioak Europa osoan zehar zabaldu ziren. Bizileku hauetan, antzinako DNAk erakusten du garaiko populazioetan eskandinaviar eta tokian tokiko populazioen eragina dagoela. Bestetik, ikusi dute gaur egungo Ukrainan eta Errusiako mendebaldean bizi izan ziren zenbait lagun egungo Suedian zutela jatorria. Modu berean, egungo Danimarkako jatorriak aurkitu dituzte Bretainia Handiko hilobi komunetan, eta horregatik uste dute horiek bikingoak izan daitezkeela.

Ikerketa honetan parte hartu duen Peter Heather historialariak aurreratu du metodologia berri hau erabili nahi dutela berak Europako historiako misterio handienetakotzat duena aztertzeko: zergatik duela 1.500 urte inguru kontinentearen erdian eta ekialdean eslaviar hizkuntzek germaniarrak ordezkatu zituzten.

Erreferentzia bibliografikoa:

Speidel, Leo; Silva, Marina; Booth, Thomas; Raffield, Ben; Anastasiadou, Kyriaki; Barrington, Christopher; Götherström, Anders; Heather, Peter; Skoglund, Pontus (2024). High-resolution genomic ancestry reveals migration waves in medieval Europe. Nature, 637, 118-126. DOI: 10.1038/s41586-024-08275-2


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.