Hortzetako pastaren kimika

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Egunero pare bat aldiz erabiltzen dugu hortzetako pasta. Zuria, urdina, marraduna; menta-, limoi- edo marrubi-zaporekoa aurki ditzakegu. Aukera ugari daude eta sinplea dirudien arren zientzia asko dago produktu honen atzean.

Gizakiak aspalditik erabili izan du hortzetako pasta edo hautsa, baina aldatzen joan dira osagaiak mendeetan zehar. Egiptoarrek 3000-5000 K.A. artean hortzetako hautsa erabiltzen zuten dagoeneko, hau jasota dago Ebers Papiroan, Egiptoko medikuntza-gidan. Hauts hau idi-apatxa, mirra, arrautza-azalak eta apar-harria erabiliz prestatzen zuten. Hipokrates-ek (460 – 370 K.A.) ere hortzetako pasta erabiltzea gomendatzen zuen, arnasari usain gozoa ematen baitzion hortzak garbitzeaz gain. De Morbis Mulierum liburuan deskribatzen du pasta hiru saguren eta erbi baten buruak errez prestatu behar dela. Erromatarrek ere erretako sagu, erbi eta otso buruak, idi-apatxak, orein-adarrak, arrautza-oskola eta gatza, besteak beste, erabiltzen zituzten.

Irudia: gizakiak aspalditik erabili izan du hortzetako pasta edo hautsa, baina aldatzen joan dira osagaiak mendeetan zehar. (Argazkia: Bru-nO – pixabay lizentziapean. Iturria: Pixabay.com)

Industrializazioarekin, XVIII. mendean, hortzetako pastaren osagaiak aldatu ziren eta zabaldu egin zen erabilera. Osagaien artean honakoak aurki zitezkeen: adreilu-hautsa, azidoak, alunbrea eta apar-harria. Osagai hauek desegokiak ziren Pierre Fauchard-en arabera ‒odontologia garaikidearen aitatzat dena‒, enamela urratzen zutelako eta orban horiak sortzen zituztelako. Fauchardek errezeta berri bat proposatu zuen, ahoa garbitzeko onena gernu freskoa zela iradokiz.

Azken hamarkadetan aurrerakuntza nabariak egon dira; osagai berriak erabiltzen dira hortzak garbitzen dituztenak baina kaltetu gabe. Hortzetako pasten osagai nagusiak urratzaileak, surfaktanteak, zaporedun konposatuak, eta koloratzaileak dira, besteak beste. Horretaz gain, konposatu aktiboak dituzte, hau da, eragin terapeutikoa daukaten konposatuak.

Hortzetako pastaren osagaiak

Hortzetako pastaren osagai garrantzitsu bat urratzaileak dira. Osagai hauek orbanak ezabatu behar dituzte, baina hortzaren gainazala kaltetu gabe. Honela, urratzaileak aukeratzeko orduan kontuan izan behar da hortzen gogortasuna: urratzaileek hortza baino pixka bat bigunagoak izan behar dute. Hortzaren kanpoko geruza, enamela, geruza mehe eta gogorra da, eta nagusiki hidroxiapatitaz osatuta dago. Gogortasuna neurtzeko, Mohs eskala erabiltzen da: enamelak 5eko puntuazio dauka. Hortzetako pastan erabiltzen diren urratzaileek balio baxuagoak dituzte; esaterako, kaltzio karbonatoa erabiltzen da, 3 balioa daukana, edo sodio bikarbonatoa, 2.5ekoa. Konposatuaren arabera kontzentrazio desberdinak erabiltzen dira; adibidez, sodio bikarbonatoa hortzetako pastaren % 50 izan daiteke.

Beste osagai garrantzitsu bat surfaktanteak dira. Osagai hauek aparra sortzen dute eta konposatu hidrofobiko eta hidrofilikoen dispertsioa errazten dute. Tartean sodio lauril sulfatoa da gehienetan erabiltzen dena, eta polietilen glikola. Hain zuzen ere, sodio lauril sulfatoa da hortzak garbitu eta gero laranja-zukuak zapore txarra izatearen eragilea. Konposatu honek zapore gozoa antzematen duten dastamen-papiletan dauden errezeptoreak blokeatzen ditu.

Horretaz gain, hortzetako pastak zenbait gehigarri izaten ditu; esaterako, zaporedun konposatuak ‒gehienetan menta zaporea‒, edulkoratzaileak zaporea hobetzeko ‒oro har xilitola‒, eta koloratzaileak ‒gehienetan kolore zuria. Ura ere izaten dute neurri batean; disolbatzaile modura jokatzen du.

Konposatu aktiboei dagokienez, fluor konposatuak dira hortzetako pasten osagai garrantzitsu bat. Aipatu bezala, hortzen kanpoaldeko geruza gogorra enamela da. Bakterioek azido organiko bihurtzen dituzte ahoan gelditzen diren janari-hondarrak eta azido organikoek, beren aldetik, enamela eraso dezakete eta txantxarrak sortu. Ondorio hau ekiditeko, hortzetako pastei fluoruro konposatuak gehitzen zaizkie; adibidez, sodio fluoruroa edo estainu fluoruroa. Fluoruro-ioiek fluoro-apatita bihurtzen dute enamelean dagoen hidroxiapatita, eta hura erresistenteagoa da azidoekiko.

Merkatuan hortzak zuritzeko pastak aurki daitezke, eta haiek orbanak kentzeko konposatu eraginkorrak dituzte; esaterako, konposatu kimikoak edo urratzaileak. Helburu honekin zenbait kasutan hidrogeno peroxidoa gehitzen zaio pastari, baina ezegonkorra da, oso kontzentrazio baxuak erabiltzen dira eta baxua da haren eraginkortasuna.

Hortzetako pasta solidoa

Azkenaldian modan jarri dira hortzetako-pasta tabletak. Pilula itxura daukate eta aldean eraman daitezke edonon erabiltzeko. Baina ez dira batere merkeak, prezioa pasta arrunta baino 5-20 aldiz handiagoa da. Tableta lehor hauek, listuarekin nahastean, pasta bat osatzen dute. Haien konposizioa pasta arruntaren oso antzekoa da: urratzaileak dituzte orbanak ezabatzeko, surfaktanteak, aglutinatzailea formulazioa mantentzeko eta gozagarriak eta zaporedun konposatuak zapore ona izan dezaten.

Zenbait kasutan pilularen ia erdia azukrea da; xilitola, sorbitola edo manitola esaterako. Azukreen xedea bikoitza da: zaporea hobetzea eta osagaiak batera mantentzea pilulan, puskatu gabe. Azukre hauek surfaktante gisa ere jokatzen dute listuarekin nahastean.

Konposatu urratzaileak dira hortzetako pilulen beste osagai garrantzitsu bat; formulazioaren erdia izan daitezke. Erabiltzen diren konposatu urratzaileen artean kaltzio karbonatoa, sodio bikarbonatoa eta zelulosa eta bere deribatuak daude.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Fischman, Stuart L. (1997). The history of oral hygiene products: how far have we come in 6000 years. Periodontology 2000, 15(1), 7-14. DOI: 10.1111/j.1600-0757.1997.tb00099.x
  • Lippert, Frank (2013). An introduction to toothpaste-its purpose, history and ingredients. Toothpastes, 23, 1-14. Karger Publishers. DOI: 10.1159/000350456
  • Sälzer, S.; Rosema, N. A. M.; Hennequin‐Hoenderdos, N. L.; Slot, D. E.; Timmer, C.; Dörfer, C. E.; Van der Weijden, G. A. (2017). The effectiveness of a dentifrice without sodium lauryl sulphate on dental plaque and gingivitis–a randomized controlled clinical trial. International Journal of Dental Hygiene, 15(3), 203-210. DOI: 10.1111/idh.12201
  • Bettenhausen, Craig (2023) What’s inside toothpaste tablets, and can they clean your teeth effectively?. Chemical & Engineering News, 101, 22. 2023ko uztailaren 9an

Egileez:

Leire Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultatearen PMAS Saileko (Polimero eta Material Aurreratuak: Fisika, Kimika eta Teknologia Saila) ikertzailea Polymaten eta Ainara Sangroniz Kimikan doktorea da eta UPV/EHUko Kimika Fakultateko irakaslea Polymaten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.