Meteoritoak kometa eta asteroide zatiak dira, eta Lurreko atmosfera zeharkatzea lortzen dute suntsitu gabe eta gure planetaren gainazalera erortzen dira. Prozesu hori guk uste baino ohikoagoa da; izan ere, horietako milaka bisitari estralurtar iristen dira Lurrera urtero, gehienak oso txikiak. Hori dela eta, ez dugu horien berri izaten, nahiz eta baten batek nahiko tamaina handia lortzen duen, eta zenbait kalte material eragin ditzakeen eremu jendetsuetan eroriz gero.
Hala ere, meteorito hitza entzuten dugunean, burura datorkiguna etsai erraldoi eta gupidagabea da, Lurrera hurbiltzen dena kaosa eta suntsipena ereiteko. Irudi hori historiako meteorito inpaktu ospetsuenak eragindako gertakarien ondorioz markatuta geratu zaigu, duela 66 milioi urte inguru gertatutakoa, 10 km baino gehiagoko diametroa zuen gorputz estralurtar bat egungo Mexikoko Golkoan erori zenean eta Lurraren historiako azken desagertze masibo handia eragin zuenean. Bertan, planetako espezieen % 75 desagertu ziren, hegaztiak ez diren dinosauroak barne. Eta istorio bera errepikatzeko beldur hori herri kulturaren parte izatera iritsi da zientzia fikziozko film ugariren bidez, hala nola Deep Impact, edo beldurrezko eleberrien bidez, hala nola H. P. Lovecraften El color surgido del espacio.

Baina Lurraren historia geologikoari begiratzen badiogu, meteorito inpaktuak ez dira beti hain katastrofikoak izan, guztiz kontrakoa baizik. Eta hori egiaztatzeko, gure jatorrira bidaiatuko dugu… planeta gisa.
Lurra duela 4567 milioi urte sortu zen planetesimalen akrezioari esker. Prozesu horretan, diametro kilometrikoko hainbat objektu solidok (planetesimalak) talka egin zuten. Objektu horiek protoizar baten inguruan orbitatzen zuen hauts eta gas laino batean sakabanaturik zeuden, eta protoizar hori azkenean gure Eguzki bihurtu zen. Planetesimalen zenbait milioi urteko talkaren ondoren, duela 4538 milioi urte, Proto‑Lurra sortuta genuen. Bola erdi-solido handi bat zen, labazko ozeano batez estalia, talkek sortutako bero handiaren ondorioz.

Gure planeta sortu berria hozten eta gaur egun gure inguruan ikusten dugunaren antz handiagoa hartzen hasia zen bitartean, ez zen meteorito gehiago erortzetik salbu egon. Zehazki, jaurtigai estralurtarren benetako erasoa jasan zuen, bi aldi jakinetan: duela 4400 eta 4100 milioi urte artean, Bonbardaketa Goiztiar Handia izenekoan, eta duela 4100 eta 3900 milioi urte artean, Bonbardaketa Berantiar Handian.
Lur primitibo hori bonbardatu zuten meteoritoak hainbat motatakoak ziren: aerolitoak edo kondritak, sideritoak, litosideritoak eta asteroide karbonazeo zatiak. Eta horiek dira, gaur egun, gure planetan bizia egotearen errudunak, haren osagai nagusiak ekarri baitzituzten, elementu kimikoak, hala nola burdina (Fe), nikela (Ni), silizioa (Si), oxigenoa (O), karbonoa (C) edo hidrogenoa (H); eta horietako batzuk konbinatu egin ziren molekula garrantzitsuak sortzeko, besteak beste, karbono dioxidoa (CO2), ura (H2O) eta ozonoa (O3). Horiek gabe, gure planetaren eboluzio geologikoa ez zen horrela gertatuko. Horri esker, orain eroso irakurtzen ari zareten testu hau idazten ari naiz.
Oraindik ez bazaituztet konbentzitu gure planetaren historia geologikoan gertatutako meteorito inpaktuak ez direla kaltegarriak izan, baizik eta onuragarriak gizakiarentzat, jakin ezazue dinosauroak duela 66 milioi urte desagertu izan ez balira, ugaztunek ez zuketela eboluzionatuko gizakia sortu arte, milioika urte geroago. Beraz, espazioan sortutako kankailu horrek mesede handia egin zigun. Gainera, meteoritoak gorputz estralurtarren zatiak dira, eta jatorrizko Lurra nolakoa izan behar zen zuzenean ezagutzeko aukera ematen digute. Gainera, siderito bat eskuetan izatea, batez ere burdinaz eta nikelez osatutakoa, gure planetaren nukleoa ukitzeko modurik antzekoena da.
Gau izartsu batean zerura begiratu eta izar iheskor bat ikusten duzuenean, ez dut nahi desio bat pentsatzea, baizik eta gogoan izatea meteoritoek jarri zituztela gure planetako zein ezagutzen dugun bizitzako lehen adreiluak. Eta bai, baliteke egunen batean berriro beste bat erortzea, gizakiaren aroarekin amaitzeko bezain handia, baina ez daukagu horren ziurtasunik.
Egileaz:
Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.
Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2024ko azaroaren 21ean: ¿Y si cae un meteorito?
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.