Afrikan egindako aurkikuntza batek milioi bat urte atzeratu du hezurrezko lehen tresnen agerpena.
Hominidoek duela 1,5 milioi urte inguru egindako hezurrezko tresnen berri eman du ikertzaile talde batek. Olduvaiko arroilan (Tanzania) aurkitu dituzte hezur horiek, zehazki, T69 izeneko eremuan. Ibai baten antzinako ibilgu batean kokatuta dago eremu hori, eta beste hainbat aztarna mota ere baditu; tartean, harrizko tresnak eta animalien fosilak.
Orotara, aztertutako multzoak 27 ale ditu. Ugaztun handien landutako hezurrak dira; besteak beste, hipopotamo eta elefanteenak. Hezurrak, antza, harri baten laguntzaz zizelkatu dituzte. Itxura eta tamaina askotakoak dira: horietako batzuk hezur luzeak dira, handiena 38 zentimetrokoa izanda. Dena dela, ikertzaileek diote tresnak landu zituztenek bereziki hezur luzeak nahiago zituztela, batez ere hanketakoak, hominido horiek animalien morfologiaren gaineko ezagutza bat zutela argi geratuz. Zorrotzak dira batzuk, baina kamutsak ere badira. Gehienbat aizkora edo aizto gisa erabiltzeko landutako tresnak ziren. Horien guztien deskribapena eta analisia egin dute Nature aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean.

Aurkikuntza honetan bi gauza dira deigarrien: batetik, kronologia. Bestetik, materiala bera. Datazioan abiatuta, egileek babestu dute hominidoek “modu sistematikoan” hezurrezko tresnak ekoizten zituztela duela 1,5 milioi urte, eta hau esanguratsua da, erakusten duelako garai horretako hominidoek pentsamendu konplexuak izateko eta planifikatzeko gaitasun handia zutela eboluzioaren garai urrun batean. Egileek diote datazioak milioi bat urtez atzeratzen duela modu sistematiko horretan sortutako hezurrezko tresnen ekoizpena. Harrizko lehen tresnen ebidentziak duela 3,3 milioi urtekoak badira ere, orain arte, sistematikoki sortutako hezurrezko lehen tresnak Europan aurkitutakoak izan dira, duela 400.000 eta 250.000 urte artean datatutakoak. Kontrara, orain arte uste zen garai horren bueltan halako tresnak “modu anekdotikoan” egiten zituztela.
Datazioari ezik, materialari berari garrantzia eman diote. Diotenez, aurkikuntzak agerian jartzen du hezurrezko tresnek uste baino rol garrantzitsuagoa jokatu zutela lehen hominidoen eboluzioan. Ikertzaileek suposatzen dute ugaztun handien hezurrak berariaz biltzen ibili zirela, eta, gero, beharrezko forma eman zietela, estandarizatutako ekoizpen patroiak erabiliz. Diotenez, honek adierazten du kulturalki berritzaileak izan zirela, eta gai izan zirela egokitzeko harriak lantzeko zituzten gaitasunak material berri batean erabiltzeko. Are, argudiatu dute hezurren erabilpenak aukera berriak eman zizkietela hominidoei. Horrela, beren gaitasunak “modu nabarmenean” handitu zirela adierazi du Ignacio De la Torre CSICeko Historia Institutuko ikertzaileak, tartean, gai izan zirelako berrikuntza teknikoak eskuratzeko.
Adibide praktiko bat jarrita, gogora ekarri dute harriak pisutsuak direla eramateko orduan, eta, horregatik, hominidoek bidaiatzean arroka berriak aurkitu behar zituzten halabeharrez, tresna berriak ekoizteko. Animalien hezurrek behar hori ase egin bide zuten.
Olduvain zegoen aintzira baten alboan eratu zen aztarnategia. Bertan, eurite indartsuek uhaldi bat eragin zuten, aintziraren ondoko lautada ureztatuz. Urek indarra galdu zutenean, sedimentazioa gertatu zen, urek zeramaten material guztia aztarnategian utziaz, CENIEH Giza Eboluzioa Ikertzeko Zentro Nazionaleko geologo Alfonso Benito Calvok azaldutakoaren arabera.

Tresnak aurkitu diren eremuak duela hamar bat urte atentzioa eman zien ikertzaileei, eta lehen indusketetatik ezer garbirik atera ez bazuten ere, 2018an agertu zen hezur baten gainean landutako lehen tresna. Orduan jabetu ziren aztarnategi horren garrantziaz.
Berez, Afrika Ekialdean daude ere Homo generoko arbasoek erabilitako lehen tresnak. Duela 2,5 eta 1,5 milioi urte arteko arrastoak Olduvai kulturarenak direla esan ohi da. Baina duela 1,7 milioi urte Acheul aldia abiatu zen, eta, orain arte, bi kultura hauen artoko trantsizioa soilik ezagutzen zen harrizko tresnen esparruan. Orain agerikoa da hezurrezko tresnek ere zeresan handia izan zutela. Hortaz, Acheul aldiaren hasieratik hominidoentzat baliabideengatiko lehiakideak ziren hainbat animalia, bai eta elikagai ere. Baina, horrez gain, orain jakin badakigu lehengaien iturri ere bazirela.
Aztarnategi berean harrizko tresnak eta gizakiek kontsumitutako animalien arrastoak aurkitu dituzte, baina ez dute hominidoen arrastorik topatu. Hori dela eta, ez dute modurik jakiteko zein espezierekin lotu ahal den tresna horien ekoizpena, eta zientzia artikuluan “lokomozio bipedoa zuten hominidoen” inguruan hitz egiten dute.
Aztarnategiaren garaiko kronologien arabera, bi espezie daude aukeran: Homo erectus edo Paranthropus generoko beste espezieren bat. Eboluzioan oinarritutako ahaidetasunean abiatuta, aurkitzaileek uste dute lehen espeziekoak izan zirela tresna hauek landu zituzten hominidoak, baina berez ez dute modurik hori frogatzeko.
Erantzuteko dagoen galdera logikoa da ea zergatik dagoen milioi bat urteko hutsune hori orain aurkitutakoen eta Europan aurkitutako duela 400.000 urte ingurukoen artean. Arrazoi bat izan daiteke Olduvaiko aztarnategiaren ingurune geologikoa oso egokia dela hezurren kontserbaziorako, beste hainbat lekutan hezurrak seguruenera galdu direlarik. Dena dela, ikertzaileek aurreratu dute sedimentu zaharragoak daudela aztarnategian, eta horietan ere landutako hezurrak aurkitzen ahaleginduko direla.
Erreferentzia bibliografikoa:
De la Torre, Ignacio; Doyon, Luc; Benito-Calvo, Alfonso; Mora, Rafael; Mwakyoma, Ipyana; Njau, Jackson K.; Peters, Renata F.; Theodoropoulou, Angeliki; d’Erroco, Francesco (2025). Systematic bone tool production at 1.5 million years ago. Nature. DOI: 10.1038/s41586-025-08652-5
Egileaz:
Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.