Gure arbasoen lehen harrobia

Amaia Portugal

Gaur egungo Libian dagoen Messak Settafet eremua da giza jarduerak paisaian utzitako arrastoen adibiderik goiztiarrena. Cambridge Unibertsitateko ikertzaile batzuek bildutako laginen arabera, hominidoek egindako 75 tresna daude bertan, batez beste, metro karratuko.

Terminoa ofiziala ez bada ere, geologo askok antropozeno deitzen diote gaur egun bizi dugun aroari. Giza jarduerak Lurraren ekosisteman inpaktu nabaria izaten hasi zirenetik orain arte luzatzen den garaia litzateke antropozenoa, eta horregatik, denbora tarte horren abiapuntua industria iraultzan kokatzen dute askok. Dena dela, gizakiaren arbasoak aspaldi hasi ziren planeta honetan aztarna uzten. Libiako hego-mendebaldean dagoen Mesak Settafet eremua da ezagutzen dugun horren lekuko zaharrena.

“Duela bi milioi urte baino gehiago hasi ginen harrizko tresnak egiten, eta ez da ia ikerketarik egin jarduera horrek izandako inpaktuaren inguruan. Messak Settafet da giza jarduerak paisaian utzitako arrastoen erakusgarri den eta egiaztatuta dagoen adibiderik goiztiarrena. Gure teknologiak ingurunean izandako efektuak uste baino zaharragoak izan daitezke”, dio Marta Mirazon Lahr antropologoak.

1. irudia: Messak Settafet eremuaren kokapena. (Argazkia: Foley RA, Lahr MM)

1. irudia: Messak Settafet eremuaren kokapena.
(Argazkia: Foley RA, Lahr MM)

Goi lautada baten gainean dagoen lurralde hau 350 kilometro luze da, eta 60 kilometroko zabalera du batez beste. Sahara betean kokatuta dago hareharrizko eremu hau, eta Pleistozenoan bertan bizi izan ziren hominidoek landu zituzten harri pusketaz josita dago hango lurrazala. Giza Eboluzioaren Leverhulme Zentroko (Cambridge Unibertsitatea) ikertzaileak diren Mirazon berak eta Robert A. Foleyktresna aitzindari horien lagin ugari bildu dituzte, kopuruari dagokionez estimazioa egin eta giza eskuhartze goiztiar hark izan zuen inpaktua baloratzeko. Plos One aldizkarian eman dute haien ikerketaren berri.

Landa-lana 2011n egin zuten ikertzaileok, eta egiaztatu zuten gaur egungo Libian dagoen eremu hura harrobi bikaina izan zela duela milioi bat urte edo gehiago inguruotan bizi izan ziren hominidoentzat. Lurrazal horretako hainbat metro karratu aukeratu zituzten ausaz, eta horietako bakoitzean zeuden harri puskak banan-banan aztertu. Harri horien artean, giza jardueraren zantzuak zituztenak identifikatu eta bereizi behar zituzten. Aztertutako lagina hartuta, ondorioztatu dute hominidoek egindako 75 tresna daudela batez beste metro karratuko Messak Settafeten.

2. irudia: Giza jardueraren eragina nabarmena da Messak Settafeten dauden harri pusketetan. (Argazkia: Foley RA, Lahr MM)

2. irudia: Giza jardueraren eragina nabarmena da Messak Settafeten dauden harri pusketetan. (Argazkia: Foley RA, Lahr MM)

Harriotan modu askotan agertu daitezke giza jardueraren zantzuak. Harkaitz batetik propio ebakia izan den itxura duen harria, mozteko edo arma gisa erabilia; harri bat bitan banatzeko landu eta prestatutako tresna… “Egon zen jarduera bizia kontuan hartuta, garbi dago harrizko erremintak oso garrantzitsuak izan zirela, eta erakusten du hominido afrikarrek menpekotasun handia zutela teknologiarekiko. Messak Settafeten moduko paisai hauek izugarri erakargarriak izango ziren hominidoentzat; harri bila etortzeko zein bertan bizitzeko”, azaldu du Foleyk.

Era berean, ikerketa honetan saiakera egin dute duela milioi bat urtetik hominidoek Afrikan zenbat harri baliatu duten kalkulatzeko. Artikuluan bertan aitortu dute ez dagoela nahikoa daturik estimazio zehatzegiak egiteko. Hala ere, Messak Settafeten bildutako datuak eta beste zenbait ikertzailek kontinentean jasotakoak kontuan hartuta, biztanleria dentsitatea estandarizatu dute; bai eta tresnen bolumena, urtero pertsona bakoitzak erabiliko lukeen tresna kopurua eta tresna bakoitzak eragindako hondakin kantitatea ere.

Hori horrela, duela milioi bat urtetik hona harriz egindako tresnen dentsitatea milioi erdi bat eta bost milioi artekoa izango litzateke, kilometro karratuko, Afrikan.

Erreferentzia bibliografikoa:

Foley RA, Lahr MM (2015) Lithic Landscapes: Early Human Impact from Stone Tool Production on the Central Saharan Environment. PLoS ONE 10(3): e0116482. doi:10.1371/journal.pone.0116482

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

“Sarrera honek #KulturaZientifikoa 3. Jaialdian parte hartzen du.”

kzjaia3

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>