Ametzagainako silexak asko daki lehen gizakietaz

Donostiako Ametzagaina parkea 2010eko maiatzean inauguratu zuten. Intxaurrondo, Loiola eta Martutene auzoen artean kokatua dago eta guztira 39 hektareaz osatuta dago. Bertan, Goi Paleolitoko cromagnon gizakiek euren kanpamenduak jarri zituzten pare bat milurtekoz, aire zabaleko aztarnategiko hondarrek agerian uzten duten moduan.
Ametzagainan aurkitutako 2.000 aztarna berreskuratu dira: silexezko tailuak, lauzak, orriak eta tresna ugariak. Gravettiar aldikoa da materiala, gutxi gorabehera duela 25.000 urtekoa eta duela gutxi, bertan aurkitutako silex hondarren azterketak, 2.000 urtez han bizi ziren gizaki taldeen lurralde ekonomikoa zehaztu du.

donostia-ametzagaina-parkea

Orain arte ez dira inoiz horrenbesteko xehetasunarekin zehaztu Goi Paleolitoko mugikortasun eta kudeaketa patroiak. Ametzagainako aire zabaleko aztarnategian, Donostian, aurkitutako silex hondarren azterketak bertan 2.000 urte inguru bizi ziren gizaki taldeen lurralde ekonomikoa zehaztu du. Emaitzak Journal of Anthropological Research aldizkarian argitaratu dituzte UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko taldeko ikertzaileek, “Where to and What for? Mobility Patterns and the Management of Lithic Resources by Gravettian Hunter-Gatherers in the Western Pyrenees” artikuluan.

Donostiako lehen biztanleak duela 25.000 urte inguru bizi izan ziren, gaur egun Ametzagaina parkea dagoen eremuan. Bertan, Goi Paleolitoko cromagnon gizakiek beren kanpamenduak jarri zituzten pare bat milurtekoz, aire zabaleko aztarnategiko hondarrek agerian uzten duten moduan. Zailagoa da mota honetako egonlekuak zehaztea kobazuloetakoak baino, eta, gainera, Alvaro Arrizabalaga arkeologoak azaldu duenez, “hasiera batean ez dira ondorioak ateratzeko abiapuntu egokiak izaten, ez baitituzte industria litikoko hondarrak besterik barne hartzen”. Alabaina, aztarnategi honetan, Donostialdeako zaharrenean, silex piezen multzo esanguratsu bat aurkitu zuten. Izan ere, eremua oso aldatuta badago ere, gerra karlistetan Donostiako eraso eta defentsa lerroak hemen egon zirenez, aztarnategiko eremu batzuk lubeten azpian estalita eta babestuta gelditu ziren, lubakien ondoan. Lubeta horien azpian begiratuz, silexezko tresna ugari aurkitu zituzten. Harri horrek zizelkatzeko propietate bikainak ditu eta garai hartako gizakiak adituak ziren horretan. Hain zuzen ere, Ametzagainako cromagnonei zegokien kultura gravettiarrean, aurrerapen teknologiko handia gertatu zen esparru horretan.

Gizaki talde haiek nomadak ziren: ez zuten herri iraunkorrik, aldi baterako kanpamenduak baizik, eta printzipioz zehaztu gabeko lurraldeetan barrena mugitzen ziren. “Silexa nondik ateratzen zuten jakiteak beren lurralde ekonomikoa zehaztea ahalbidetzen du. Lurralde kulturala, arteari dagokiona, askoz ere zabalagoa zen; Mendebaldeko Europa osoa barne hartzen baitzuen”, azaldu du Alvaro Arrizabalaga irakasleak. “Silexa beren altzairua zen, baina ez zen oso ugaria; zainak non zeuden jakin behar zuten, hara joan, arbastatze lanak in situ egin eta kanpamentura itzuli, erabiliko zuten materiala bakarrik ekarriz”, gehitu du.

Ikertzaileek aztarnategi honetako hondarrak gertuko beste aztarnategikoekin alderatu dituzte. Emaitzen arabera, Euskal Herri penintsularreko eremuen % 90etan penintsulan azaleratutako silexarekin egiten zuten lan, eta Iparraldeko eremuaren % 90etan Euskal Herri kontinentalean azaleratutako silexarekin. Alegia, oro har, ustiapen eremua erradiala izaten zen, gutxi gorabehera 100 km²-koa. Alabaina, Ametzagainan ez da hala gertatzen. Ikertzaileak adierazi duenez, “Pirinioen bi aldeetan azaleratutako silexa erabiltzen zuten; beren lurraldeak hondarrezko erloju baten itxura du, Bidasoa ibaia igarotzen den lekuan estutu egiten baita“. Hain zuzen ere, aztarnategian Chalossetik, Landen hegoaldetik, ekarritako silexa aurkitu dute, gezien eta lantzen puntak egiteko erabilitakoa; izan ere, han lortutako mineralak kalitate oso ona du eta formatu handikoa da. Bestalde, Kurtziatik (Bizkaiko kostaldean, Bilboren iparraldean) eta Urbasa mendilerrotik (Nafarroako ipar-mendebaldean) ekarritako silexa ere aurkitu dute, Donostia bertako Gaintxurizketa aztarnategitik ekarritakoaz gain. Arrizabalagak dioenez, lurralde hori “ez zen silexa lortzeko eremua bakarrik; ehizarako, jakiak biltzeko eta arrantzarako lurraldea zen. Beren lurralde ekonomikoa zen.”

Erreferentzia bibliografikoa:

Alvaro Arrizabalaga, Aitor Calvo, Irantzu Elorrieta, Jesús Tapia eta Andoni Tarriño. Where to and what for? Mobility Patterns and the Management of Lithic Resources by Gravettian Hunter-Gatherers in the Western Pyrenees. Journal of Anthropological Research, 70. lib., 2014.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Silexak Goi Paleolitoko taldeen lurralde ekonomikoa zehaztu du.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>