Liztor asiarraren aurkako jakiak hobetzeko estrategia berria

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Jakien erabilgarritasun mugatua da liztor asiarraren aurkako borrokaren arazo nagusietako bat, eta hori konpontzeko gakoak aurkitu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko FARMARTEM ikerketa-taldeak. Lan horretan ondorioztatu da biozida duten jaki proteikoek ez dutela eraginkortasuna galtzen, baldin eta hotzean eta CO2-arekin biltegiratzen badira. Hala, kontrol-metodo horren erabilera eraginkorra bermatu da, eta funtsezko tresna bat eskaini zaie enpresa ekoizleei eta erlezainei.

Vespa velutina nigrithorax espezie inbaditzailea, Asiako liztor izenez ezagutzen dena, 2010ean iritsi zen Euskal Herrira; orduz geroztik, kalteak eragiten ari da ingurumenean eta giza osasunean, bai eta galera ekonomiko handiak ere nekazaritzan eta erlezaintzan. Azken sektore hori da kalte gehien jasan duenetako bat, espezie hori intsektuen harraparia baita, ezti-erleena bereziki. Liztor asiarrek proteina behar dute habian dauden larbak elikatzeko, eta erleetatik hartzen dute proteina hori, proportzio handi batean, harrapakin errazak baitira berentzat.

liztor
Irudia: Vespa velutina eta Vespa crabro liztorren konparaketen infografia (euskaratua). (Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa)

Horregatik, interes berezia du liztor asiarrak kontrolatzeko tresnak garatzeak. Rosa María Alonso Kimika analitikoan katedraduna UPV/EHUn eta baita FARMARTEM ikerketa-taldeko buruak adierazi duenez.“biozidadun jaki proteikoak erabiltzea metodo eraginkorra, ekonomikoa eta sinplea dela erakutsi dute. Liztorrek habiara eramaten dute larbek garatzeko behar duten proteina, eta proteina horrek txertatua duen biozidak larbak hiltzen ditu; ondorioz, habia ez da gehiago garatzen”

Hala ere, “tranpa gisa erabiltzen diren substantzia proteikoek erabilera-denbora mugatua dute, beren osaera dela eta. Haien osagaien oxidazioak, entzima-jarduerak eta mikroorganismoek narriadura-konposatuak sortzen dituzte”, azaldu du Alonsok. Haien eraginez, kolorea eta testura aldatzen da, usain desatseginak agertzen; ondorioz, liztorrek uko egiten diote jakiari. UPV/EHUko FARMARTEM ikerketa-taldeak zer baldintza diren egokiak eraginkortasunik galdu gabe jaki horiek biltegiratzeko eta kontserbatzeko ikertu du. Horretarako, taldeak jakien egonkortasuna aztertu du zenbait biltegiratze-baldintzatan: giro-tenperaturan, hozkailuan eta izozkailuan.

Hotzaren eta CO2-aren laguntzarekin

Ikerketaren emaitzen arabera, “hilabetez izoztuta kontserbatutako proteina-jakiek beren propietateei eusten diete, narriatu gabe”. Gainera, “hezetasuna murrizten duten agenteak erabiliz prestatutako jakiak CO2-z betetako poltsa termozigilatuetan sartuta (CO2-ak atmosfera babeslea eratzen du) eta hozkailuan kontserbatuta, gutxienez 14 egunez izan ziren eraginkorrak. CO2-a erabiltzeak moteldu egiten du narriaduraren seinale diren eta liztorretan arbuioa eragiten duten konposatuak agertzea. Horrek tranpen iraupena luzatzea bermatzen du”, Alonsok azaldu duenez.

Erlategietan saiakuntzak egin dira zenbait baldintzatan edukitako jakiekin, liztorrek haietako zein arbuiatzen zituzten jakiteko. Lortutako emaitzetan oinarrituta, “datuak tresna estatistiko eta kimiometrikoen bidez tratatu ditugu, egon daitezkeen arbuio-markatzaileak identifikatzeko, jakien kontserbazioa optimizatzeko eta haien bizitza erabilgarria luzatzeko”, Rosa María Alonsok adierazi duenez.

Azterketak argi utzi du zein diren jaki horiek fabrikatzeko eta biltegiratzeko baldintzarik egokienak, eta horrek informazio garrantzitsua ematen die jakiak ekoizten dituzten enpresei, baita erlezainei ere, zeinek aurre egin behar baitiote liztor asiarra kontrolatzeko eta erlauntzak babesteko erronkari.

Iturria:

UPV/EHU prentsa bulegoa: Liztor asiarraren aurkako jakien bizitza baliagarria luzatu egiten da hotzean eta CO2-arekin biltegiratuz gero.

Erreferentzia bibliografikoa:

de la Hera, Omaira; Quintanilla-Casas, Beatriz; Bro, Rasmus; Fañanas, Roberto eta Alonso, Rosa M. (2024). Volatile organic compound profile for the search of rejection markers in protein baits used as Vespa velutina control method. Microchemical Journal, 207, 111685. DOI: 10.1016/j.microc.2024.111685

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.