Asteon zientzia begi-bistan #540

Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

eredu
Irudia: Alejandro Orozco – Iturria: Pexels

Adimen artifiziala

Hizkuntza eredu handiek (LLM, ingeleseko siglengatik) milaka milioi parametro dituzte eta gaitasun handiak, baina baliabide asko kontsumitzen dute. Horregatik, ikertzaile askok hizkuntza eredu txikiak (SLM, ingeleseko siglengatik) garatzen hasi dira: parametro gutxiago dituzten eredu arin eta eraginkorrak. Eredu hauek eginkizun zehatzetarako egokiak dira, hala nola medikuntzan edo laburpenetarako eta gailu mugikorretan exekutatu daitezke. Entrenatzeko, eredu handiaren laguntza erabil daiteke ezagutza destilazioaren bidez, edo inausketa teknikak aplikatuz. Eredu txikiek esperimentazio arina eta efizientea ahalbidetzen dute, eta zenbait kasutan handiak bezain erabilgarriak dira. Azalpen guztiak Zientzia Kaieran.

Microsoftek Aurora garatu du; adimen artifizialean oinarritutako eguraldi eta ingurumen iragarpen sistema. Zehatzagoa eta 5.000 aldiz azkarragoa da ohiko ereduek baino, konputazio kostu txikiagoarekin. Urakanak, aire kalitatea, olatuak eta hondar ekaitzak iragartzeko gai da. 0,1°ko bereizmena lortzen du eta historian oinarritutako ikaskuntza erabiltzen du. Datu gutxirekin ere emaitza bikainak eskaintzen ditu, eta iturburu irekikoa da. Ez du eredurik ordezkatzen, baina osagarri baliotsua da klima eta ingurumen aurreikuspenetan. Informazioa Zientzia Kaieran.

Kimika

Lanolina, orain arte kosmetikan eta medikuntzan erabilia izan den ardien azalean sortzen den argizari naturala, biomarkatzaile arkeologiko gisa erabil daiteke. Ikerketa berri batek erakutsi du lanolina abeltzaintzaren jatorria eta antzinako ardien ile-mozketak aztertzeko balio daitekeela. Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek lanolinaren degradazio-mekanismoak aztertu dituzte harrizko tresnetan, eta analisi-metodo berriak proposatu dituzte. Oraindik estrategia fintzea falta den arren, aurrerapen honek giza jarduera historikoen inguruko informazio baliotsua eskain dezake. Xehetasunak Zientzia Kaieran.

EHUko ikertzaileek berun xaboiak identifikatu dituzte Santos Iñurrietaren Titulurik gabe (1971) artelanean agertutako zuritze fenomenoak aztertzean. Teknika multianalitikoak erabiliz (mikroskopia, X-izpiak, Raman…), berun lehorgarrien erabilerarekin lotu dute degradazioa. Haren jatorria eta mekanismoak ezagutzeak olio pinturen kontserbazioa hobetzeko estrategiak garatzea ahalbidetuko du. Ikertzaileen ustez, teknika hauek beste degradazio motak aztertzeko ere baliagarriak izan daitezke eta arte garaikidearen kontserbazioa hobetzeko bide emango dute. Ikerketaren nondik norakoak Alea aldizkarian.

Animaliak

Ez, animaliek ez dituzte pertsonek ikusten ditugun kolore berak ikusten. Miren Bego Urrutia Barandika Fisiologiako katedradunak Zientzia Kaierako “Gazte-galderak” atalean erantzuna eman dio “Animaliek pertsonek ikusten ditugun kolore berak ikusten dituzte?” galderari. Gizakiok trikromatak gara (hiru kono mota ditugu), baina animalia askok bi kono baino ez dituzte (dikromatak) edo bat ere ez (monokromatak). Beste batzuk, berriz, kolore gehiago ikusteko gai dira, baita guk ezin ditugun koloreak ere, hala nola ultramorea. Koloreak ikusteko gaitasuna animalia motaren arabera aldatzen da, eta ez da guztientzat berdina.


Egileaz:

Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.