Esan daiteke Matilde Petra Montoya, mediku zirujau eta iraultzaile feminista mexikarra, bere garaitik kanpo jaio zela; izan ere, garai hartako gizartean onartezina zen emakume bat unibertsitatera joatea eta lanbide batean aritzea, bere gizonezko ikaskideak bezalaxe. Kolonialismoaren osteko Mexiko hartan, nerabezarotik izan zen mugimendu feministaren inspirazio iturri, txiki-txikitatik uste izan baitzuen gizonen eskubide berbera zuela bere ametsak betetzeko.
Matilde 1857ko martxoaren 14an jaio zen Mexiko Hirian; José María Montoya komandantea zuen aita, eta Soledad Lafraga ama. Ahizpa zendu zitzaionetik alaba bakarra izan zen, eta, amak animatuta, gazte-gaztetatik erakutsi zuen ikasteko interesa. Alabaina, bide horretan oztopoak jarri zizkioten txikitatik: 11 urte baino ez zituela, ez zuten onartu bere hiriko Goi Mailako Lehen Hezkuntzako Eskolan (gaur egungo Bigarren Hezkuntzaren baliokidea), gazteegia zela argudiatuta. Horrek ez zuen Matilde frustratu; alderantziz, bere kabuz ikastera eta irakasle izateko azterketa ofizialera bere kontura aurkeztera animatu zuen, eta zailtasunik gabe gainditu zuen gainera, 13 urterekin.

Haren amak, Soledadek, bultzatu zuen ginekologia eta obstetrizia ikastera. Hori horrela, adin horrekin erabaki zuen eskolan sartzea, etorkizunean emagina izateko, eta lortu ere lortu zuen, gomendio gutun bati esker. Zoritxarrez, hurrengo urtean gaixotu egin zen eta ikasketak alde batera utzi behar izan zituen. Sendatze prozesuan zegoela, familia osoa Cuernavacara joan zen bizitzera, eta azkenean han lortu zuen emagin ziurtagiria, 16 urterekin. Ordurako haren aita hilda zegoen, eta estutasun ekonomiko larriak zituzten. 18 urterekin emagin gisa aritzetik irabazten zuen soldataz bizi zen; oso ohikoa zen lanbide hori emakumeek egitea. Horrez gain, kirurgiako laguntzaile gisa hasi zen bi doktoreren tutoretzapean. Hala ere, mediku batzuek haren kontrako kanpaina egin zuten, bertako foroetan Matilde «masoia eta protestantea» zela esanez.
Ikasten jarraitu nahi zuenez, Matilde hiriburura itzuli zen eta Emagin eta Obstetren Eskolan sartu zen. Bertan, Manuel Gutiérrez doktorearekin aritu zen, eta hark lagundu zion 1876an obstetriziako bi ikasturteetako azterketak prestatzen, profesional gisa aritu ahal izateko. Lortu zuen, eta Puebla hirira joan zen lan egitera. Dena den, azterketak gainditu bazituen ere, irakasle eta ikasle askok salatu zuten irakasgai batzuk falta zitzaizkiola, baina ez zirela egokiak berarentzat. Garai hartako emakumeen rolaren gaineko aurreiritziak eta ikuspegi kontserbatzailea zirela eta, ez zioten utzi nahi giza disekzioak behatzen, eta hori funtsezkotzat jotzen zen mediku gisa jardun ahal izateko. “Lotsagabekeria” zela esaten zuten, “emakume batek ezin zituela gorpu biluzi batean disekzioak egin, irakasleekin eta gainerako kideekin batera”.
Ondorioz, baja eman zioten obstetra gisa. Orduan Matildek saiakera egin zuen irakasgai horiek arratsaldez egiteko. Baina hori ere ez zioten utzi, aitzakia hartuta Eskolaren araudian “alumnos” aipatzen zela, baina ez “alumnas”. Matildek ez zuen amore eman, ordea: Mexikoko presidenteari idatzi zion, Porfirio Díaz jeneralari, eta hark –asko ezustean harrapatu bazituen ere– arrazoia eman zion eta eskolako zuzendariari “iradoki” zion neska gazteari matrikulatzen uzteko. Horri esker amaitu ahal izan zituen ikasketak, nota onekin gainera, eta ondoren berriz ere azterketa profesionala egiteko eskaera egin zuen ikastetxean.
Zoritxarrez, oraindik ezinikusia zioten, eta berriro ere ukatu egin zioten azterketa egiteko aukera. Etsi beharrean, bigarren aldiz idatzi zion presidenteari, eta hark dekretu bat idatzi behar izan zuen emakume medikuei gizonen aukera berberekin graduatzen utz ziezaieten. Azkenean, emagin, obstetra eta zirujau gisa onartu zuten 1887ko irailean, 30 urterekin, baina, horrez gain, legea aldatzea lortu zuen, eta horrek bidea ireki zien bere pausoei jarraitu nahi izan zieten beste emakume askori.
Gorabeheraz beteriko ikasketa haiek egin zituen bitartean nolabaiteko laguntza ekonomikoa izan zuen, baina hori jasotzeari utzi zion titulua lortu zuenean. Gobernuak hilean 40 peso ematen zizkion, eta bizileku izan zituen tokietako gobernadoreek pentsio txikiak ordaintzen zizkioten. Adibidez, aldi batez Oaxacako estatuarentzat egin zuen lan; hain zuzen, behien zornea biltzen aritu zen hilean 30 pesoren truke, baztangaren kontrako txertaketa kanpainarako, gaixotasun hori kontrolatzen saiatzen ari baitziren mende haren hasieran egindako Francisco Balmis espediziotik. Beste batzuetan, Díaz presidenteak berak diru pixka bat bidaltzen zion liburuak edo kirurgiako estutxe bat erosteko.

Titulua eskuratu zuenean, buru-belarri ekin zion mikrobiologiari buruzko bere tesiari: Técnicas de laboratorio en algunas investigaciones clínicas (Ikerketa kliniko batzuetako laborategi teknikak). Porfirio Díaz eta haren emaztea ere bertaratu diren tesiaren aurkezpen ekitaldira. Hala ere, 1891ko abuztuaren 19ra arte itxaron behar izan zuen mediku zirujau gisa ofizialki erregistratuta egoteko. Bere herrialdeko emakumezko lehen mediku zirujaua eta Amerikako lehenetarikoa izan zen.
Mexikoko aktibista feminista
Une horretatik aurrera, Matilderen bizitza askoz ere errazagoa izan zen arlo profesionalean, emakume askok eskatzen baitzituzten bere zerbitzuak. Ekonomikoki lasaiago bizi zen, baina hala ere ez zen geldirik geratu. Mexikon emakumeak adingabe gisa tratatzen ziren eta ez zitzaien goi mailako ikasketak egiteko aukerarik ematen. Hori ikusita, emakumeen elkarteetan laguntzen hasi zen, haien eskubideak defendatzeko. Mexikoko Emakumeen Ateneoan sartu zen, eta Las hijas del Anáhuac astekarian idazten zuen (emakumeek egindako herrialdeko lehen argitalpenetako bat). Mediku Liga Humanitarioko kide ere izan zen, zeinetan medikuak, dentistak, emaginak eta farmazialariak biltzen baitziren, gaueko mediku kontsultak ezartzeko eta horietan baliabiderik gabeko pertsonei laguntzeko. Eta hitzaldiak ere ematen zituen, besteak beste 1907an Alkoholaren Aurkako Ligaren aurrean eman zuena, mozkortzearen kalteei buruz hitz egiteko.
1925ean, bi urte lehenago Emakumeen Bigarren Biltzar Panamerikarrera bertaratu ondoren, Emakumezko Mediku Mexikarren Elkartea sortu zuen Aurora Uribe doktorearekin batera. Elkarte horrek lortu zuen, besteak beste, partera terminoa (emagina) ez zedila erdeinuz erabili arlo profesionalean. Arrakasta handia izan zen, eta Matilde garai hartako pertsonarik ospetsuenetakoa bihurtu zen horri esker.
Graduatu eta 50 urtera, 1937ko abuztuan, urte batzuk lehenago sortu zuen elkarteak, Mexikoko Emakume Unibertsitarioen Elkarteak eta Mexikoko Emakumeen Ateneoak omenaldi bat egin zioten Arte Ederren Jauregian, eta aitzindari gisa izan zuen rola eta berdintasunaren alde egindako borroka aitortu zioten. Matilde Montoyak omenaldira bertaratzeko aukera izan zuen, baina bost hilabete beranduago hil zen, 1938ko urtarrilaren 26an, 78 urterekin.
Matildek bidea ireki zien prestakuntza akademikoa jaso nahi zuten emakume mexikarrei. Gaur egun, 120 urte beranduago, Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko (UNAM) Medikuntza Fakultateko ikasleen erdia baino gehiago emakumeak dira, eta esan daiteke generoagatiko diskriminazioa ez dela oztopo herrialde horretan ezagutzaren edozein arlotako ikasketak egiteko.
Iturriak:
- Matilde Montoya, Wikipedia
- Matilde Montoya Lafragua Primera médica mexicana, CNDH
- Matilde Montoya, Ecured
- Natalia Priego, Matilde Montoya Lafragua, Mexicanismo, 2016ko urtarrilaren 25a
Egileaz:
Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko ekainaren 10ean: Matilde Montoya, cirujana y feminista revolucionaria hace 150 años.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.