Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Genetika
Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek, Eurasia osoko 435 gizakiren DNA zaharra aztertuta, hizkuntza indoeuroparren jatorria argitzen lagundu du. Ikerketaren emaitzen arabera, Kaukaso-Behe Volgako populazio eneolitikoa izan daiteke hizkuntza indoeuropar eta anatoliar guztien sorburua. Jamna kulturaren eta Anatoliako hititen jatorriaren zati bat talde honetan dago, eta horrek adierazten du litekeena dela K.a. 4.400–4.000 inguruan mintzatutako indo-anatoliera bertatik zabaltzea. Datuak Zientzia Kaieran.
Botanika
Izotz-algek, Groenlandian eta beste glaziarretan bizi diren organismo txikiak, uste baino jasankorragoak direla aurkitu dute Max Planck Institutuko ikertzaileek. Algak izotza iluntzen dute, albedoa (eguzkia islatzeko gaitasuna) murriztuz, eta horrek izotzaren urtzea bizkortzen du. Markatutako mantenugaiekin egindako esperimentuek frogatu dute algak elikagai gutxirekin moldatzeko gai direla, eta fosforoa metatzen dutela. Aurkikuntza hauek garrantzitsuak dira, klima-aldaketak algen hedapena areagotu dezakeelako eta izotz-urtzearen aurreikuspen zehatzagoak emango dituztelako eredu klimatikoetan sartzerakoan. Azalpenak Zientzia Kaieran.
Fisika
CERNeko LHCb esperimentuan lehen aldiz materia eta antimateriaren arteko asimetria behatu dute barioietan. CP urratzea deitzen zaion portaera hori duela 60 urte mesoietan ikusi zen, baina ez unibertsoko materia osatzen duten barioietan. Big Bangean materia eta antimateria kopuru berean sortu ziren, baina desoreka bat gertatu zen, CP urratzearekin lotura izan litekeena. Aurkikuntza hau Eredu Estandarreko aurreikuspenekin bat dator, nahiz eta oraindik ez duen unibertsoko materia-antimateria asimetria azaltzen. Hala ere, ikertzaileek diote aurrerapauso hau funtsezkoa dela fisika berrirako. Informazio guztia Elhuyar aldizkarian.
Osasuna
Gisela Baños dibulgatzaileak amiantoari buruz idatzi du Zientzia Kaieran. Amiantoa sei mineral haritsuren taldea da, suarekiko eta beroarekiko erresistentea, isolatzaile bikaina eta merkea. Horregatik erabili izan da eraikuntzan, automobilgintzan edo ehungintzan. Baina zuntz mikroskopikoak arnasteak gaixotasun larriak eragin ditzake, hala nola minbizia. Arrisku horiek ezagunak ziren jada XX. mendearen hasieran, baina hala ere, erabilera masiboa izan zuen 1950-60ko hamarkadetan. Europan 2005ean debekatu zen erabat.
Arkeologia
Aranzadi Zientzia Elkarteak San Adriango koban egindako azken indusketek berretsi dute neandertalak han maiz ibili zirela duela 40.000 urte inguru. Aurkitutako harrizko tresnek eta animalien hezurrek erakusten dute kobazuloa ohiko bizileku eta pasabide estrategiko gisa erabili zutela. Silexak urruneko tokietatik ekarri zituzten, eta hori joan-etorrien sare zabal baten adierazgarri da. Indusketa berrietan, gainera, aztarna gehiago aurkitu dituzte, eta etorkizunean neandertalen jarduerak hobeto ulertzea espero dute. Ikerketaren nondik norakoak Elhuyar aldizkarian eta Berria egunkarian.
Medikuntza
Matilde Petra Montoya Mexikoko lehen emakume mediku zirujaua izan zen, eta emakumeen eskubideen aldeko aitzindaria. XIX. mendean, aurreiritziei eta diskriminazioari aurre eginez, medikuntza ikasi eta titulua lortu zuen. Bere jardun profesionalaz gain, emakumeen hezkuntza eta eskubideen aldeko borrokan aritu zen hainbat elkarte eta ekimenetan. Legea aldatzea lortu zuen: Mexikoko presidenteari idatzi eta honek dekretu bat idatzi behar izan zuen emakume medikuei gizonen aukera berberekin graduatzen utz ziezaieten. Bide berriak ireki zituen emakumeentzat, eta erreferente bilakatu zen feminismoan eta medikuntzan. Zientzialari honen inguruko informazio gehiago Zientzia Kaieran.
Egileaz:
Enara Calvo Gil kazetaria da eta UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren komunikazio digitaleko teknikaria.