Aurrekoan gizakioz eta gure zentzumenez ibili ginen; tira, ni ibili nintzen. Eta zuek formal-formal irakurtzen. Eta oraingo honetan ere gauza bera: ni nire diatribekin eta zuek, irakurle finak zareten horiek, leitzen. Baina gizakiez beharrean, benetako superbotereak dituen izaki bati buruz arituko gara.
Eta superbotereak diodanean, benetan ari naiz: egosi, izoztu, irradiatu eta fusil batetik tiro egiteari ere bizirauten dion izakia baita. Nola jakin duten zientzialariek hori? Haiei eta haien kontzientziari galdetu beharko litzaieke.
Kontua da Lurreko edozein txokotan (tenperatura oso altuetan zein oso baxuetan) bizitzeko gai direla izaki hauek. Eta Lurretik kanpo ere, espazioaren hutsean, biziraun dute. Nola jakin den? No comment.
Zientzialarien iparrorratz morala gorabehera, biziraupenaren txapeldunak dira izaki hauek. Erresistente dira hotzaren aurrean, beroaren aurrean, irradiazioaren aurrean, presioaren aurrean. Gai dira espazioaren hutsean bizirauteko. Tardigradoak dira.

Hartza, txerria, armadiloa
“Ur-hartz” izena ere hartzen dute eta “goroldiozko txerri” izenez ere ezagunak dira animalia ñimiño hauek. Eta ñimiño diodanean, ondo esana dago: 0.5 mm ingurukoak izaten baitira. Eta txikiagoak ere aurkitu dituzte (nik baino ikusmen hobea dutenek).
Armadiloekin ere konparatu izan da gure protagonista mikroskopikoa. Eta zertara datoz horrenbeste izen eta hain ezberdinak edukitzea? Hartzak eta txerriak, printzipioz, ez baitute antz handirik. Zer esanik ez armadiloak.
Bada, XVIII. mendera egin behar dugu bidaia. Izan ere, 1773an deskribatu zuen lehenengoz Johann August Ephraim Goeze artzain alemaniarrak tardigradoa, eta hark “kleiner Wasserbär” edo ur-hartz txikia deitu zion. Baina ez zion hala deitu itxuragatik, mugitzeko moduagatik baizik: hartzen antzera ibiltzen (omen) baitira.
Argituta lehen ezizen hau. Baina, nola da posible izakia lehenengoz deskribatu zuen pertsonak emandako izena zabalduena ez izatea? Berriro ere zientzialariak sartu behar ditugu saltsan: 1777an, Lazzaro Spallanzani zientzialari italiarrak “tardigrado” deitu zituen (ibiltzaile geldoak [itzulpen librea hemen egindakoa, adi!]), hark ere izakion ibilera geldoari erreferentzia eginez.
Eta momentu honetan konturatu naiz ez dizuedala azaldu zelakoa den gure protagonista. Ea, azkar batean: esan bezala, animalia mikroskopikoak dira, ia zeharrargiak. Zortzi hanka motzen gainean ibiltzen dira (astiro, argi geratu ez bada) eta oin bakoitzean 4-6 atzapar dituzte. Atzaparren forma aldatu egiten da espeziearen arabera. Ez da gauza makala hau, 1.300 tardigrado espezie inguru baitaude mundu osoan. Atzeko hankak bereziak dira, gainera: alderantziz dituzte, ibiltzeko baino, atzemateko.

Aho espezializatua dute. Mutur berezitu honi esker, landareen eta beste mikroorganismo batzuen mantenugaiak xurgatu ditzakete.
Eta honek guztiak nahikoa berezi egingo ez balitu, kutikula batek estalitako gorputza dute, matxinsaltoen eta beste intsektuen antzera. Eta, noski, intsektu horiek bezala, tardigradoek askatu egin behar dituzte beren kutikulak, hazi ahal izateko.
Ornogabeak dira; ez dute hezurrik: hezurdura hidrostatiko batek eusten die. Ez dute bizkarrezur-muinik, baina bai antzeko sistema bat: nerbio-sistema bentrala, garunaren eta gorputzaren artean seinaleak bidaltzen dituena.
Urtartzat jotzen dira, beren gorputzen inguruan ur-geruza mehe bat behar dutelako, deshidratazioa ekiditeko. Hala ere, era guztietako inguruneetan aurkitu dira: itsaso sakonetik hareazko dunetaraino. Ur gezetako goroldioak eta likenak dira haien habitat gogokoena, eta hortik eta ahoaren formatik datorkie beste ezizena, “goroldiozko txerria”.
Erresistentziaren txapeldun
Azalpentxo honekin eta artikuluan gehitutako irudiekin hartuko zenioten itxura, dagoeneko, gure lagun txikiari. Itzul gaitezen, hortaz, gaira. Laburbilduz, zientziak ezagutzen dituen animaliarik erresistenteenetakoak dira tardigradoak. Planeta osoan daude, itsasoko eta lehorreko ingurune ugaritan, ozeanoko lokatz sakonetatik hasi eta Antartikako arroketara, mendietan, oihanetan eta lorategietan.
Nola ez, tardigradoen superbotereak nondik datozen eta nola eskuratu dituzten aztertzen dabil zientzia. Hobeto ulertu nahian edo eskuratu nahian, batek daki, baina kontua da aztertzen dabiltzala. Eta gene indibidual asko identifikatu dituzte lagungarri izan daitezkeenak tardigradoen biziraupenerako trebetasunak lortzeko.
Esaterako, erresistenteak dira tardigradoak deshidratazioaren aurrean. Ikerketek erakutsi dute ahalmen horren gakoa proteina batzuk direla, zelulen barrualdea gel bihurtzen dutenak beren kolapsatzea ekiditeko.
Proteina honi esker, goroldio-txerritxoek ia erabateko deshidratazioa jasan dezakete. Are gehiago, anhidrobiosia izeneko egoera ametabolikoan sartu daitezke. Anhidrobiosia zera da: metabolismoa erabat gelditzea ur faltagatik.
Eta zer egin dezake gure tardigradoak? Ura ez dagoenean “tun” izeneko pilota estuetan biltzen dira, eta, horrela, hamarkada luzez iraun dezakete bizirik. Eta pilota bihurtzeko gaitasuna zer beste animaliak du? Horixe, armadiloak.

Pentsa gure bizitza zenbat hobea litzatekeen ingurumena egokia ez denean pilota bihurtu ahalko bagina eta horrela egon egoera hobea izan arte. Orduan, ingurumena alde dugula, geure buruak berhidratatu eta berpiztuko genituzke ioaren ondoren.
Eta gaitasun honek tardigradoek Ilargia kolonizatu ote duten zalantza piztu du. Izan ere, 2019ko otsailean tardigradoak zeramatzan zunda batek Ilargia jo zuen eta han sakabanatu omen ziren. Printzipioz, duten superbotereei esker, bizirik irauteko gaitasuna dute. Ilargian baldintzak hobetzea, aldiz, zaila da eta, beraz, litekeena da tardigradoak ez berpiztea.
Edozein kasutan, gizakiontzat ez omen da nahikoa animalia honek ahalmen izugarriak edukitzea, aurrean jarritako erronka guztiei bizirauteko gaitasuna erakustea eta bere burua babestu beharra dagoenean berezko proteinak sortzea. Eta, hala ere, izen gehienak beste animaliei erreferentzia eginez jarri dizkiogu. Edo are okerrago, “motel mugitzea” jarri diogu izen moduan. Marka da gero!
Erreferentzia bibliografikoa:
Koumoundouros, Tessa (2022, iraila). Tardigrades Can Survive Decades Without Water, And We Finally Know How. Science alert. www.scienciealert.com
Egileaz:
Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.
Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2024ko apirilean, 260. zenbakian.