Superheroi guztiek dituzte puntu ahulak, baita tardigradoek ere

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Muturreko egoeretan bizirik irauteko gai diren animalia ñimiñoak dira tardigradoak, baina denboran zehar mantendutako tenperatura altuek horiek hil ditzaketela erakutsi dute orain.

Iazko apirilean, Ilargian aurrenekoz zunda pribatu bat ilargiratzeko lehen saiakera egin zuen israeldar misio batek, baina huts egin zuen. Beresheet espazio-ontziak Mare Serenitatis eremuaren kontra jo zuen. Talka gertatu zen arren, une hori mugarri bat izan zen, enpresa pribatu batek aurrenekoz beste mundu batean objektu bat jartzeko egindako lehen saiakera izan zelako.

Handik denbora batera, baina, polemika piztu zen, misio horretan aitortu gabeko zama bat ere zihoala jakin zenean. Ezaguna zen The Arch Mission Foundation elkarteak liburu klasikoen bereizmen handiko 60.000 orrialderen irudiak, ingelesezko Wikipediaren eduki gehienak eta David Copperfield magoaren magia trukoak sartuak zituela israeldarrek gidatutako kapsulan. Fundazioak eguzki-sisteman zehar giza ezagutzaren kopiak utzi nahi ditu, egunen batean gure zibilizazioak huts eginez gero, espazio-aldirietan babeskopiak eduki aldera.

1. irudia: Tardigradoak uraren inguruko habitatetan bizi dira, bereziki goroldioetan eta bestelako landareetan, horien inguruan sortzen diren ur xafla meheetan. (Argazkia: Kazuharu Arakawa / Hiroki Higashiyama)

Baina, horiez gain, 24 lagunen DNA sekuentziak eta hainbat tardigrado sartu zituzten Ilargira eraman beharreko zaman, teorian misioaren arduradunen horren berri ez zuten arren. Espero zena baino eztabaida gutxiago piztu zuen auziak, eta agerian jarri zuen espazioari buruz gaur egun dagoen araudiak gabezia nabarmenak dituela.

Eztabaida horretan sartu gabe, kontua da Ilargian dauden lehen biztanle potentzialak tardigradoak direla. Ez da espero talka horretatik bizirik atera izana, baina, berez, inork ez daki oraindik bizirik mantentzen ote diren. Izan ere, bizirik irauteko duen ahalmen izugarria egon zen animalia txiki horiek Ilargira eramateko erabakiaren atzean.

Ibiltzeko duten moduagatik jaso zuten ur-hartzaren ezizena. Tardigrado terminoa ere haien mugimenduengatik jarri zieten, hau da, “mantso ibiltzen direnak”. Gehienak idorrean bizi badira ere, haien habitatak urari lotuta daude, bereziki goroldioetan, likenetan edota landareetan sortzen diren ur-xafla meheetan aurki d. Gehienetan milimetro erdira ere iristen ez diren organismo hauek mundu osoan zehar barreiatuta daude. Elikatzeko, besteak beste, barailak erabiltzen dituzte landareetako zelulak apurtu eta horien izerdia xurgatzeko. Mila bat espezie daude, eta horietako asko emeez besterik ez daude osatuta: ernaldu gabeko arrautzen bitartez ugaltzen dira; modu asexualean, alegia.

Lehortea agertu eta ura falta bada, tardigradoek kriptobiosi izeneko estrategia abiatzen dute: euren prozesu metabolikoak bertan behera uzten dituzte, garai egokiagoak iritsi bitartean. Hori egin ahal izateko, animaliaren fisiologian zenbait aldaketa gertatu behar dira. Hala, tardigradoak gorputza uzkurtu egiten du, eta barneko organoak berrantolatzen ditu, lehortu ahal izateko. Hankak ere barneratzen ditu. Azkenean, eta kanpotik ikusita, animaliak kupel baten antza hartzen du.

Egoera horretan egonda, muturreko baldintzetan bizirik iruteko gai dira: oxigenorik gabeko inguruak, toxikotasun handikoak, gatz maila handikoak edota muturreko tenperaturak dituzten egoerak dira horietako batzuk. Aitortu beharra dago tardigradoak ez direla ahalmen horiek dituzten bizidun bakarrak; baina hau egiteko aukera duten organismo gehienak bakterioak dira, hau da, askoz sinpleagoak diren bizidunak.

Orain arte egin diren probetan ikusi da egoera berezi horretan daudenean tardigradoek -200 ºC eta 150 ºC arteko tenperaturak jasateko gai direla, baina orain argitaratu den ikerketa batek ñabardura garrantzitsua egin du: tenperatura altuak luzatu eginez gero, tardigradoak askoz zaurgarriagoak dira. Kirolariek ondo dakitenez, gauza da marka puntual bat egitea eta oso bestelakoa da marka hori denboran zehar mantentzea.

2. irudia: Egoera zailak datozenean, tardigradoek deshidratatzeko ahalmena dute, egoera latente batean urte luzez mantentzeko gai direlarik. (Argazkia: T.C. Boothby)

Scientific Reports aldizkarian eman dituzte ikerketaren gaineko xehetasunak. Bertan argitu nahi izan dute klima aldaketak animalia hauengan izango duen eragina, eta egiaztatu ahal izan dute epe luzerako beroari dagokienez tardigradoak ere tenperaturen menpekoak direla.

Ikerketa burutzeko, Ramazzottius varieornatus espeziean jarri dute arreta. Ohiko espeziea da hori. Are gehiago, laginak Danimarkako etxe baten teilatuko isurbideetan bildu dituzte. Lagin horiekin hainbat esperimentu egin dituzte, bai animalia aktiboekin zein lehortutako animaliekin.

Animaliak hainbat tenperaturatara jarri dituzte, eta, animalia aktiboen kasuan, horiek egoera berrietara egokitzeko izandako bilakaeran ere arreta berezia jarri dute. Aklimatazio prozesu labur bat egin zuten tardigradoen kasuan, batez bestean 37,6 °C-ra iristean hil egin dira. Aklimataziorik egin ezean, batez besteko mugako tenperatura 37,1 °C-koa izan da. Lehortutako animalien kasuan, horien erdia 82,7 °C-ra iritsita hil dira, tenperaturaren gorakada hasi eta ordubetera. Esposizioa 24 ordutara luzatu dutenean, tenperatura hilgarria 63,1 °C-koa izan da.

Hilkortasunaren arrazoi zehatzetan sartu ez badira ere, lehortuta dauden animalien kasuan, eta ikertzaileek esku artean duten hipotesiaren arabera, tardigradoei biziraupena bermatzeko gako diren proteinen ezegonkortzea legoke hilkortasunaren atzean.

“Ikerketa honetatik, ondorioztatu ahal dugu tardigrado aktiboak zaurgarriak direla tenperatura handien aurrean, baina badirudi ere haien habitat naturaletan izaki hauek gai izango direla gorantza doazen tenperaturetara aklimatatzeko”, laburbildu du prentsa ohar batean Ricardo Neves biologoak. “Lehortutako tardigradoak askoz erresilienteagoak dira, eta tardigrado aktiboek jasan ditzaketen tenperaturak baino altuagoak jasateko gai dira”. Halere, eta tenperatura handiei dagokienez, esposizio-denbora “faktore mugatzailea” dela ohartarazi dute.

Erreferentzia bibliografikoa

Neves, R.C., Hvidepil, L.K.B., Sørensen-Hygum, T.L. et al., (2020). Thermotolerance experiments on active and desiccated states of Ramazzottius varieornatus emphasize that tardigrades are sensitive to high temperatures. Scientific Reports, 10, 94 (2020). doi:10.1038/s41598-019-56965-z.


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.


1 iruzkina

  • […] Badakizue zer diren tardigradoak? Muturreko egoeretan bizirik irauteko gai diren animalia txikiak dira. Orain arte egin diren probetan ikusi da egoera berezitan daudenean tardigradoek -200 ºC eta 150 ºC arteko tenperaturak jasateko gai direla. Bada, badituzte ere puntu ahulak: […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude