Larruazala gizakion organorik handiena da eta 3 geruza nagusi bereiz daitezke; epidermisa, dermisa eta hipodermisa, hurrenez hurren. Epidermisean hainbat geruza eta zelula dauden arren, zelula garrantzitsuenak keratinozitoak dira, hauek azalaren birsorkuntzaz eta bir-epitelizazioaz arduratuko baitira. Bestalde, dermiseko egituren artean, kolagenoa eta fibroblastoak aipa daitezke. Kolagenoak larruazalari behar duen elastikotasuna emango dio eta fibroblastoak, keratinozitoen antzera, dermisaren birsorkuntzaz arduratuko dira. Baina, larruazala kaltetu eta ondorioz bertako zelulen funtzioak eragotzi daitezke, adibidez, erreduren kasuan gertatzen den bezala.

Erredurak sakoneraren arabera ─epidermisekoak, bigarren mailakoak eta hirugarren mailakoak─ eta betetzen duten larruazalaren tamainaren arabera ─arinak, moderatuak eta larriak─ sailka daitezke. Lesio hauek berebiziko inpaktua dute mundu mailan, batez ere, garatu gabeko edo garapen bidean dauden herrialdeetan. Izan ere, erredurak larriak diren kasuan, kalte lokalaz gain kalte sistemikoa ere eragin dezakete, hau da: akats multiorganikoa, shock-a ─hantura, hipoxia, hondakinen kanporaketa eza, elikagai eta oxigenoaren barneratze eza eta infekzioak. Ondorioz, heriotza eragin dezakete urtero ia 200.000 heriotza eraginez. Bestalde, ekonomikoki duten inpaktua ere aipatzekoa da zeharkako kostuak ere eragiten baitute: soldaten galera, arazo mentalak…
Hori horrela, eta pazientearen biziraupena bermatu eta orbainen sorrera murrizte aldera, oso garrantzitsua da erreduren aurkako tratamendua ahal bezain pronto hastea. Tratamendurako ikuspuntu desberdinak aipa daitezke; infekzioak saihesteko gehienetan antibiotiko lokalak erabiltzen dira. Bestalde, injertoak ere erabili daitezke. Injertoak kaltetutako azala ordezkatuko duten azal osasuntsuaren zatiak dira. Aukera hau erabiltzen den arren, injerto guztiek badute zer hobetu, eta beraz, beste estrategia batzuk ere erabiltzen dira; oinarri zelularrik gabeko ordezko dermiko eta oinarri zelularreko terapiak hain zuzen.Lehenengoen kasuan, matrize osasuntsua imitatuko duten biomaterialak ─kolagenoa dermisaren kasuan eta epidermisa imitatuko duen silikonazko geruza bat epidermisaren kasuan─ erabiliko dira. Oinarri zelularreko terapietan berriz, azaleko baliokide biziak erabiliko dira, azal osasuntsutik lortutako zelula batzuk –keratinozito eta/edo fibroblastoak- isolatu eta kaltetutako azalean txertatuz.
Bai injerto zein oinarri zelularrik gabeko ordezko dermiko eta oinarri zelularreko terapiak iturriaren arabera ─autograft, allograft eta xenograft- eta betetzen duten geruzen arabera sailka daitezke. Hauen artean dituzten abantailengatik gehien erabiltzen direnak autograft –norberaren azala, norberaren zelulak…─ motakoak izanik. Aipatutako terapiak erreduren tratamenduan erabilgarriak dira, baina guztiek dute zer hobetu, beraz terapia berriak ─ingeniaritza genetikoa, 3D bio-inprimaketa, nano-teknologia eta zelula ama-mesenkimaletan oinarritutako terapien erabilera─ aztertzen ari dira. Terapia bakoitza zein kasutan hobetsiko den zehazteko eta segurtasuna gizakietan txertatzeko ere ikerketa gehiago (entsegu klinikoak, batez ere) beharrezkoak diren arren, orain arteko terapia eta ikerketekin lortutako emaitza itxaropentsuen ondorioz, etorkizun batean erredura gehienak sendatuko direla uste da, erikortasun eta heriotza-tasak murriztuz.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 46
- Artikuluaren izena: Azaleko erredurak: Gaur egungo egoera, terapia eskuragarriak eta etorkizuneko terapiak.
- Laburpena: Azala gizakion organorik handiena da, eta bertako lesioak, hala nola erredurak, gizartean geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari dira. Erredurak hainbat kausaren ondorio izan daitezke, eta, oro har, lesio horietan azaleko geruzak —epidermisa, dermisa eta/edo hipodermisa— kaltetuko dira; zenbait kasutan baita bestelako organo batzuk ere. Lesioak arinak badira, tratamendu berezirik gabe sendatuko dira. Baina, larriak diren kasuan —lan honetan aztertuko direnak—, tratamendua eraginkorra izan dadin terapia berezietara jo beharra dago. Gaur egun, erredura larriak tratatu eta azalaren egitura berreskuratzeko, merkatuan hainbat terapia daude: injertoak, eta ordezko dermikoak, oinarri zelularrekoak zein oinarri zelularrik gabekoak. Guztiek erreduren tratamendurako duten erabilgarritasuna frogatu den arren, oraindik guztiek hobekuntzarako tartea dutela ere ondorioztatu da. Hori horrela, terapia horietan oinarritutako berrikuntzak eta terapia edo teknologia berriak aztertzen ari dira; adibidez, ingeniaritza genetikoa, 3D bioinprimaketa, nano partikuletan oinarritutako teknologiak eta zelula ama-mesenkimaletan (MSC) oinarritutako terapiak. Hori dela-eta, lan honetan merkatuan dauden terapien ekintza mekanismoak zein diren, bakoitza zer kasutan erabil daitekeen eta bakoitzak zer abantaila eta desabantaila dituen azalduko da. Desabantaila horiek —prezioa, eraginkortasuna eta produkzioa batez ere— hobetzeko jarraitutako pausoak eta ikerkuntzan dauden terapiak ere aztertu dira. Terapia berri horiei buruzko ikerketak urriak dira, eta erronkak ugariak. Hala ere, uste da ikerkuntza berriak erredura larriak tratatzeko eraginkorrak izango direla.
- Egileak: Paula Ugarte, Manoli Igartua, Rosa María Hernández eta Edorta Santos-Vizcaíno
- Argitaletxea: EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 183-203
- DOI: 10.1387/ekaia.24905
Egileez:
Paula Ugarte, Manoli Igartua, Rosa María Hernández eta Edorta Santos-Vizcaíno EHUko Farmazia Fakultateko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.