Negua urpean

Dibulgazioa · Gaztezulotik

Gogoratzen urpean ibiltzeko gai diren armiarmak? Ni bezalako memoria eskasekoentzat oroigarria: badira urpean ibiltzeko gaitasuna duten armiarmak. Bai, armiarmak, plurala.

Horietako batek gorputzeko ileak baliatzen ditu urpean bizirauteko. Benetako ileak ez dira, egia esan. Ile moduko egiturak dira, gorputzean zehar banatuta dituenak. Egitura horiek aire-geruza bat harrapatzen dute armiarmaren inguruan, gorputz osoan neoprenoa jantziko balu bezala. Eta horri esker ordu erdi ere eman dezake ur azpian.

Are bereziago da bestea. Brankiarik gabe bizi baita urpean. Zer eta ur-burbuila bat eraiki eta eskafandra moduan erabilita. Zergatik ez.

Oroigarria eginda, goazen gaurko gaiarekin. Kontua da beste intsektu bat topatu dutela ur azpian. Eta pentsa zenezakete denbora tartetxo bat ur azpian egoteko gaitasuna ez dela horrenbesterako izango. Gu ere ur azpian egon gaitezke. Baina ez da denbora tartetxo bat. Egunak eman ditzake izaki honek ur azpian.

Lau paragrafo eta oraindik zer animalia den esan barik. Hau marka! Edo clickbaita, nori galdetzen diogun ikusi behar. Eta are gehiago luzatu nezake, ez pentsa.

Konta nezake, adibidez, gizakiontzat ezinbestekoak direla animalia hauek. Eta zer esanik ez, ekosistemetarako. Baina ez dut gustuko horrelako trikimailuekin ibiltzea eta zuzenean esango dizuet erleak direla gaurko protagonistak. Erle erreginak, zehazki.

urpean
1. irudia: erle erregina erle langileekin. (Argazkia: Waugsberg – CC BY-SA 3.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Uholdea eta ikerketa

Eta zelan jakin duten zientzialariek hau? Ba, tardigradoekin ez bezala, ez zituzten nahita ipini hil ala biziko egoeran. Esaldi horren hitz gakoa nahita da. Izan ere, erleak hil ala bizi egoera batean jarrita jakin da urpean egoteko gaitasuna dutela. Baina ez nahita.

Kontua da erle erreginak ari zela aztertzen ikerketa taldea. Erle erreginak lurreko zuloetan gordetzen dira neguan eta ikertu nahi zuten lurzoruetako pestizida-hondarrak zer eragin duten animalia hauetan.

Eta, istripuak izan ohi diren moduan, bat-batean ura sartu zen erle erreginak zeuden hainbat zulotan. Zientzialarien arabera, susto handia hartu zuten. Eta sustoaren ostean, harridura: erle erreginek biziraun baitzuten.

Eta zientziaren aurrerapena helburu, zer egin zuten gure zientzialariek? Esperimentu bat diseinatu, noski. 143 erle erreginekin, alajaina. Negua pasatzeko zuloen itxura zuten hodietan sartu eta hiru taldetan banatu zituzten: urik ez zuten hodietan batzuk, uretan flotatzen beste batzuk eta ur azpian azkenak.

Denbora aldagaia ere kontuan nahi izan zuten zientzialariek eta, hartara, urpeko erleak denbora tarte ezberdinez izan ziren ur azpian. Zer denbora tarte? Zortzi ordu eta astebete artean.

Kontzientzia kontuak

Zientzialarien kontzientziaren lasaitasunerako, urpean ipini ziren erle erreginen % 81ek zazpi egun iraun ez ezik, behin inguru lehorrera itzulita, zortzi aste gehiago ere iraun zuten bizirik. Murgilaldiak erleen osasunean epe luzera izan ditzakeen ondorioak ezezagunak dira, dena den.

Eta zientzialarien kontzientziaz ari garela, agian ez genuke baztertu behar erleena. Erleen kontzientzia? Ba, bai; baina ez iparrorratz moral moduan. Zentzugabekerietan nabilela eman dezake, baina zin dagizuet oinarri zientifikoa duela kontuak.

Izan ere, adostasun berria iragarri du zientzialari talde batek: aukera errealista da intsektuek, olagarroek, arrainek eta beste zenbait animaliak kontzientzia izatea.

Kontzientzia fenomenikoari egiten dio erreferentzia egindako iragarpenak. Horrek esan nahi du mina, plazera edo gosea bezalako sentimenduak izateko gaitasuna duela, baina ez duela zertan autokontzientzia bezalako egoera mental konplexuagorik izan.

urpean
2. irudia: Bombus impatiens erle erregina. (Argazkia: USGS Bee Inventory and Monitoring Lab – jabari publikoa. Iturria: Wikimedia Commons).

Kontziente ala ez, Bombus impatiens espezieko erleek urpean astebete irauteko gaitasuna erakutsi dute. Bereziki erresistenteak dirudite erle hauek, bestelako espezieek baino populazio-beherakada baxuagoa baitute.

Kezkagarria baita erleen beheranzko joera globala. Erleena eta, oro har, polinizatzaile guztiena. Polinizatzaile ezagunenak badira ere, erleak ez baitira bakarrak. Bestelako intsektuak (tximeletak, liztorrak, inurriak, kakalardoak, euliak…) ere polinizatzaileak dira. Baita zenbait ornodun: saguzarrak, kolibriak, eta zenbait karraskari eta baita sugandilak ere.

Zientziaren izenean erleak itotzeko zorian ipini dituzten zientzialarien arabera, dena den, esperantzarako beta badago. Erleek uholdeen aurrean bizirauteko gaitasuna izatea itxaropen-iturria da klima-aldaketaren testuinguruan, non uholdeak gero eta ohikoagoak izan daitezkeen.

Erleei alergia dietenentzat eta erleei beldurra dieten igerilarientzat izan ezik, albiste ona da, beraz, erle erreginek uholdeei aurre egiteko gaitasuna izatea.

Erreferentzia bibliografikoa:

Givetash, Linda (2024, apirila). Amazingly, Some Bumblebees Can Survive Underwater For a Week. Science alert. www.scienciealert.com


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer.bsky.social‬) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.


Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2024ko ekainean, 262. zenbakian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.