Geologia ikastea Alaskan urrea bilatzen ari garen bitartean

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Eguraldi zakarra egiten zuen egun horietako batean, ez zuena gogorik ematen paseo atsegin bat egitera ateratzeko, telebistaren aurrean geratu nintzen. Sofan kiribilduta, zappinga egiten ari nintzela, docu-reality motako sail batekin egin nuen topo. Saila horrek Alaskako meatzari talde batzuen eguneroko lana erakusten du, eta izenburu oso zuzena eta iradokitzailea dauka: La Fiebre del Oro (Urre grina). Iradokitzailea dela esan dut erreferentzia zuzena egiten diolako XIX. mendearen amaieran Ipar Amerikan bizi zuten eroaldi kolektiboari. Garai hartan, gizon askok dena utzi zuten atzean eta urrutiko lekuetara joan ziren, pala eta bahea eskuetan, aberats egingo zituen urrezko pipita aurkituko zutelakoan.

Programa ikusita, badirudi egun ere eroaldi horrek indarrean jarraitzen duela. Hala ere, nire atentzioa erakarri zuena ez ziren meatzarien abenturak eta zorigaiztoak izan. Ikusi nuen, meatzaritzako ohiko lanez gain, azalpen geologikoak emateko animazio txikiak ere sartzen zituztela, publikoak uler zezan nondik ateratzen zen urre hori, edo zergatik meatzari buruek harri jakin batzuk edo lur maila oso zehatzak arakatzen zituzten. Eta teknika geologiko batzuen erabilera ere defendatzen zuten, bermatzeko ustiapenekin etekin ekonomikoa aterako zutela. Horrenbestez, gaurkoan, telesail horretan irakatsi nahi izan digutenaren laburpentxoa egingo dizuet.

urre
1. irudia: gizon bat Nome (Alaska) hondartzan, 1900. urtean, sedimentuak bahetzen urre bila. (Irudia Lomen anaiena da, eta The McMahan Photo Art Gallery and Archive-n kontserbatu da)

Alaskako urre deposituak gutxienez duela 150 milioi urte sortu ziren, Pazifikoko plaka tektonikoa eta Ipar Amerikakoa hurbiltzean eragindako zenbait talka prozesuren ondorioz. Testuinguru horretan, mendikate ugari sortu ziren, magma pilaketak lurrazalaren goiko aldera mugitu ziren, eta haustura gune asko agertu ziren. Eta magma horiei lotuta, inguruko harrietan zeuden elementu kimiko guztiak —urrea barne— harrapatu zituzten jariakin beroak ere agertu ziren. Jariakin horiek haustura batekin topo egitean, lurrazalerantz igotzen hasi ziren, eta horrela sortu ziren kuartzozko mineralizazio batzuk, urrean oparoak direnak. Egitura horiei, Geologian, dike esaten zaie; eta, meatzaritzan, zain.

Eta oraindik gehiago dago. Azken 20 milioi urteetan, ibaiek dike horiek higatu dituzte, eta urrea korrontean behera eraman dute, bokaleetarantz. Hartara, minerala ibilguaren kurbetan geratu da, urak indarra galtzen zuen lekuetan. Eta, azken 2 milioi urteetan, izotzak ere lagundu du urrea haren jatorrizko depositura arrastan eramaten, eta glaziarren aurrerapen frontearen eremuko sakonuneetan pilatu da. Uraren —likidoa nahiz solidoa— eraginez sortutako urre depositu horiek plazer izenaz dira ezagunak, eta meatzari taldeek leku horietan egiten dituzte arakatze lanak. Horregatik zulatzen dute lurra maila jakin batzuetara iritsi arte. Maila horietan, buztinen nahaste bat dago, kuartzo zati eta harri biribil ugarirekin; horiek dira mineralizatutako zain batetik urak arrastan eraman eta higatutako harri salatariak. Orduan, eskuzko baheketa egiten dute, urrea daukaten ikusteko eta material hori ustiatzea errentagarria den erabakitzeko.

urre
2. irudia: dike hidrotermal bati lotutako urre deposituak, plazer motakoak barne. (Irudi eraldatua, Michael Priesterren jatorrizko iruditik abiatuta, eta euskaratuta. Iturria: Minelab)

Nolanahi ere, zulaketak ez dira, ausaz, edozein lekutatik egiten; aurretik, asmatuko dutela bermatzen dute. Horretarako, Alaskako geologiako adituek laguntzen diete. Meatzaritzako ohiko teknikak erabiltzen dituzte lurrazpiko urre hobia aurkitzeko. Ikusi ditudan kapituluetan deskribatu zituzten bi teknikak azalduko dizkizuet.

Lehenengoa erresistibitate elektrikoa da. Teknika geofisiko horretan, elektrodo zilindriko batzuk sartzen dira lurrean, kable bidez seriean konektatuta, eta erresistibitatea neurtzeko gailu bati lotuta. Elektrodo horiek gai dira korronte elektrikoa bidaltzeko, eta korronte hori sakontasunean transmititzen da. Horiek horrela, potentziala aldatzen da material edo egitura geologiko ezberdinak zeharkatzen dituen heinean. Potentzial elektrikoaren aldaketa horiek neurgailuan markatuta geratzen dira, eta datu horiei esker, zorupearen hiru dimentsioko erradiografia moduko bat egin dezakegu. Programan, teknika hori erabili zuten garai bateko ibilguak eta glaziarrek duela milurteko batzuk garraiatutako material metalikoen pilaketak identifikatzeko, bai eta egitura geologiko horien —eta, beraz, urre hobi posibleen— sakontasuna kalkulatzeko ere.

urre
3. irudia: lurraren erresistibitate elektrikoa kalkulatzeko lanak, Szklaryko (Silesia Beherea, Polonia) krisoprasa meategian. (Argazkia: Glab310 – CC-BY-SA-4.0 lizentziapean. Iturria: Wikimedia Commons)

Bigarren teknika ezagunagoa izango da zuentzat, hari buruz idatzi baitut jada: zundaketa laginak. Kasu horretan, zenbait zulaketa egin zituzten ustiatu nahi zuten eremuan, zorupearen etengabeko erregistroa lortzeko harriaren oinarrira arte. Sedimentu horiei ondoz ondoko bi analisi egin zizkieten. Alde batetik, azterketa geokimiko bat, bertan zeuden elementu kimikoak ezagutzeko, eta urrean positibo emango zuten mailak bilatzeko. Eta, bestetik, maila horiek garbitu eta bahetu zituzten, sedimentuaren guztizkoa aintzat hartuta urrearen kontzentrazioa kalkulatzeko. Horren bidez zehaztu ahal izan zuten non eta zenbateko sakontasunean zeuden hobiak, gerora horiek ustiatzea errentagarria zen edo ez erabakitzeko.

Telesailak ez ninduen guztiz harrapatu, eta, beraz, ezin dizuet esan meatzariak aberats bihurtu ziren edo dena galdu zuten. Interesgarria iruditu zitzaidan gauza bakarra prozesu eta teknika geologikoak azaltzeko animazioak izan ziren. Eta, laburpen honetan azaldutakoa baino sinpleagoak eta laburragoak baziren ere, zientifikoki oso zuzenak ziren. Eta horrek erakusten du geologia gure inguruan, nonahi, dagoela; eta, horrez gain, Lurraren zientziak ikas ditzakegula a priori gure ezagutza zientifikoa handituko dutela ez diruditen gauzei esker. Betaurreko geologikoak jarri besterik ez dago.


Egileaz:

Blanca María Martínez (@BlancaMG4) Geologian doktorea da, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzailea eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Saileko laguntzailea.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko urtarrilaren 30ean: Aprendiendo Geología mientras buscamos oro en Alaska.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.