Itziar Aretxaga doktorea (Bilbo, 1965) Astrofisika, Optika eta Elektronikako Institutu Nazionaleko (INAOE) C ikertzaile titularra, Ikertzaileen Sistema Nazionaleko kidea (III. maila) eta Mexikoko Zientzien Akademiako kidea da.
Fisikan lizentziaduna da (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea) eta doktoregoa dauka Fisikan (Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, 1993). Doktorego ondoko egonaldiak egin zituen Royal Greenwich Observatory behatokian (Britainia Handia) eta Max Planck Institute for Astrophysics institutuan (Alemania). Eta, ondoren, INAOEn hasi zen lanean ikertzaile gisa 1998an, astrofisikako arloan. 2011 eta 2016 artean, Astrofisika Saileko koordinatzaile izan zen, eta 2006 eta 2013 artean Mexikoko Zientzien Akademiako astronomia atala koordinatu zuen.
2016az geroztik, Nazioarteko Astronomia Elkarteko astronomo gazteen nazioarteko eskolen zuzendaritza taldeko kidea da. Elkarte hori astronomo profesionalen elkarterik handiena da munduan, eta 13 000 kide baino gehiago ditu. Elkartearen graduondoko eskolen programarik nabarmenenak 50 urte baino gehiago ditu eta, haren bidez, suspertzen ari diren herrialdeetako astronomiako ikasleak gaitzen eta prestatzen dira beren graduondokoan. Helburua da garapena eta inklusioa sustatzea eta ezagutza arrakala murriztea munduan.
Aretxaga doktorearen ikerketa ildoak galaxiaz kanpoko astrofisikaren eta kosmologiaren arloan garatzen dira, bereziki galaxien eraketan eta bilakaeran. 140 artikulu baino gehiago idatzi ditu aldizkari arbitratu espezializatuetan, 20 dibulgaziokoetan, eta zientzia hedatzeko hogei bat jardueratan parte hartzen du urtero.
Bere ikerketak gauzatzeko, teleskopio handiak erabiltzen ditu, sarbide nazionalekoak nahiz nazioarteko eskumenekoak, hala nola Teleskopio Milimetriko Handia, Kanarietako Teleskopio Handia, Atacama Large Milimeter Array, Hubble Space Telescope… Egun, TolTEC kamera polarimetrikoaren zuzendari zientifikoa da (Teleskopio Milimetriko Handirako irudi bidezko tresna berria). TolTEC AEB, Mexiko eta Britainia Handiko zazpi institututan eraiki da, AEBko ikertzaile nagusi baten zuzendaritzapean. Aretxaga doktoreak hirurogei kidek baino gehiagok osatzen duten talde zientifikoa koordinatzen du; kide horiek, nagusiki, zortzi institutu kideetan banatuta daude. Horrez gain, hogeita hiru herrialdetako hirurehun zientzialari ingururen esfortzuak koordinatzen ditu. Horiek guztiak lantaldetan banatuta daude, eta 2022 eta 2025 artean tresna horren bidez gauzatuko diren hamar legatu erroldak ustiatzen dituzte.

Zein da zure ikerketa arloa?
Galaxien eraketa eta bilakaeraren esparruan lan egiten dut, Galaxiaz Kanpoko Astrofisikaren eta Kosmologiaren arloan.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Galaxien eraketa ulertzea ezinbestekoa da Unibertsoaren aberaste kimikoa eta bizitza ahalbidetzen duten baldintzen aldaketa ulertzeko. Fisikaren esparrutik «nondik gatoz eta nora goaz?» galdera handiari erantzutearen atal txiki bat da.
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Erreferente asko izan ditut. Lehenik eta behin, nire kolaboratzaile seniorrenak, beren lan egiteko eta entregarako filosofia eman baitzidaten; eta, aurrerago, nire ikasleak, behin eta berriro txunditzen nautelako beren gogoberotasunaren eta etorkizuneko ikuspegiaren bidez. Ez dut, beraz, erreferente gisa, izen handiko zientzialari handi bat. Hala ere, askoren biografiak irakurri ditut eta nire ibilbideak haiekin ere zerikusirik baduela sentitzen dut.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Galaxia mota ezberdinetan eta Unibertsoan izarren eraketaren historia ulertu nahi dut, bai eta zulo beltz supermasiboek horrengan izan dezaketen erregulazioa ere. Arlo horretan hasi nintzen doktorego tesiaren bidez, eta oraindik ere jarraitzen dut ikerketa esparru horretan lanean, baina orduan jorratutako bestelako ikuspegietatik.
Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Entusiasmoari eustea, amets handiak izatea eta amets handi horiek betetzen saiatzea. Ametsak ez dira beti helmugak, baina gure bidea markatzen dute, eta noraino iristeko prest gauden ere islatzen dute. Konfuzioren aipu handi bat irakurrarazten diet beti nire ikasleei:
Asmo handi bat baduzu, emaitza orokor bat lor dezakezu; emaitza orokor bat lortu nahi baduzu, agian emaitza txiki batera iritsiko zara; baina helbururik txikiena lortu nahi baduzu, agian ez duzu ezer lortuko.
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko martxoaren 29an: Itziar Aretxaga: «Trabajo para entender la historia de la formación estelar».
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.