Georgiako “emakume armiarma”: Tamara S. Mkheidze

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Duela mende asko hasi ziren araknidoak ikertzen, baina XX. mendean emakume aitzindari baten interesa piztu zuen fauna horrek, eta Kaukaso europarrak araknidoei buruz ezkutatzen zituen hamaika misterio argitzen igaro zuen bizitza osoa. Tamara Severyanovna Mkheidze zientzialariari buruz ari gara. 2007. urtean zendu zen zientzialari horrek sartu zituen Georgiako espezieen zerrendan bera hiltzean ezagutzen genituen espezieen ia erdiak, eta berrogei espezie berri baino gehiago deskubritu zituen. “Emakume armiarma” izan zen, Europan zoologian lan egiten zuen emakume gutxi zen garai batean, eta are gutxiago sinpatia baino fobia gehiago sortzen duten araknidoen arloan.

Tamara Mkheidze 1915eko abenduaren 22an jaio zen Kutaisin, Georgiako mendebaldean, Errusiar Inperioaren parte zen garaian. 16 urte zituenean, bigarren hezkuntzan graduatu ondoren, zoologia ikasten hasi zen Tibilisiko Stalin Unibertsitatean, eta ordurako interes berezia zuen animalia-talde horri buruz. Are gehiago, bere tesiaren izenburua honako hau izan zen: Georgiako fauna araknidoari buruzko materialaren azterketak. Graduatu ondoren, 27 urte zituela, hantxe bertan hasi zen lanean laborategiko laguntzaile gisa.

Mkheidze
1. irudia: Tamara Mkheidze ikertzailea. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Azkenean 1949an kontratatu zuten Unibertsitateko Zoologia Institutuan irakasle izateko. Ornogabeen zoologiako eta entomologiako eskolak eman zituen 1990. urtean erretiratu zen arte, eta irakasle lanak uztartu zituen bere ikerketekin. Hasierako urte haietan zientzialariaren karreran eragin handiena izan zuen mentorea Dmitri E. Kharitonov araknologo errusiarra izan zen. Perm-era (Ural mendiak) egin zuen bisita batean ezagutu zuen eta bidaia horretan erakutsi zizkion Tamarari lan araknologikoaren oinarrizko teknikak. Eta halaxe hasi zen hainbat urtez luzatu zen bien arteko lankidetza oparoa. Izan ere, Kharitonov izan zen Tamararen doktorego tesia gainbegiratu zuena, bai eta ikerketetarako armiarma kaukasiarren espezimenak ematen zizkiona ere.

Isolatuta ikertzea, eragozpen handia

Beste emakumezko zientzialari handi batzuekin gertatzen den moduan, ez dago informazio askorik Tamararen laneko garapenari edo zailtasunei buruz, baina jakin badakigu haren ikerketak funtsezkoak izan zirela araknologiaren zientzian ia 70 urtez, Kaukaso zabalari dagokionez. Erretiratu eta urte askoren ondoren ere —eta hil baino urte bat lehenagora arte— eragin handiko artikuluak argitaratzen jarraitu zuen. Eskualdean diziplina horretako bigarren etapa handia berak abiarazi zuela esaten da. Ikerketa horiek 1866an hasi ziren Kochen armiarma kaukasoarrei buruzko lehenengo lanarekin (1866). Eskualde berezia da; izan ere, endemismoa % 20 eta % 100 artekoa da armiarma taldearen arabera.

Bere argitalpenetan, Tamarak askotariko gai ekologikoak eta faunistikoak landu zituen Georgia osoan, bai armiarmenak bai opilioi ordenarenak (araknidoen ordena bat da, eta morgaño, armiarma hankaluze edo segalari izenez ere ezagunak dira; ez dira pozoitsuak). Akaroei buruzko bi lan ere egin zituen. Bere lanaren zati handi bat taxonomia erregulartasunez eguneratzea izan zen. Guztira, zenbait iturriren arabera, armiarmen hogeita hamasei espezie eta opilioien beste zazpi deskribatu zituen, gehienak hiru familiatakoak (Dysderidae, Lycosidae eta Thomisidae).

Mkheidze
2. irudia: Araneus tbilisiensis (egun Araniella opisthographa), Mkheidzek deskribatutako taxona. (Argazkia: Hectonichus – CC BY-SA 4.0. lizentziapean. Iturriak: Wikimedia Commons)

Baina bere lana ez zen erraza; zaila izan zen animaliak lortzea dagoeneko zeuzkanekin alderatzeko, eta informazio zientifikoa lortzea ere zaila zen, erregimen sobietarraren mendeko herrialdearen isolamendua zela eta. Era berean, SESBeko bere kideek, zeinaren parte baitzen herrialdea, ez zuten informaziorik Tamararen argitalpenei eta biltzen zituen espezimenei buruz. Hori dela eta, urte asko igaro ondoren deskubritu zen haien espezieen deskribapen batzuk berdin-berdinak zirela. Eragozpen horiek izan zituen arren, bi armiarma espeziek dute bere izena, bere omenez: Harpactea mcheidzeae Dunin (1992an) eta Gnaphosa mcheidzeae Mikhailov (1998an).

Hala ere, ekarpenik handiena erretiratu ondoren egin zuen, Georgiako armiarmak: sistematika, ekologia, zoogeografia monografia, georgieraz argitaratua 1997an. Bitxiena da obra hori 1970. hamarkadaren amaieran ia amaituta zegoen arren, hogei urte geroago arte ez zela inprimatu. Horren arrazoia Tamararen senarraren heriotzarekin dago lotuta: Lavrosi Kutubidze zientzialaria (limnologoa). Izan ere, hark laguntzen zion emazteari argitalpenak idazten eta aurkikuntzak errusiera zientifikoan jasotzen. Senarra 1977an hil zenean, argitaratzeari ia-ia utzi zion zientzialariak. Artikuluak prestatzeko laguntzarik gabe geratzeaz gain, ez zegoen atzerriko literatura zientifiko eguneraturik; hori dela eta, zientzialariaren obra zaharkituta dago sailkapen taxonomiko batzuetan.

Tamalez, bere espezieen bildumaren zati handienaren egoera ezezaguna da, kontsultatutako iturrien arabera. Ez dute aurkitu Tamararen ondare pertsonalean zegoen materiala, eta desagertutzat jo zuten bere etxebizitza hustu ondoren. Bere lanen zati bat Tbilisiko Estatuko Museoan dago. 3000 armiarma baino gehiago ditu bildumak, Errusiako lehenengo araknologoen espezimenak barne, hala nola zientzialariaren Kharitonov lagunarenak. Materiala dago, halaber, Tbilisiko Unibertsitateko Institutu Zoologikoan, Moskuko Historia Naturalaren Museoan eta Permeko Unibertsitatean.

Bere amaierako sormen fasean, 2004 eta 2006 artean, Tamarak estuki ​​ egin zuen lan Vera Pkhakadze araknologo georgiar gaztearekin, eta elkarrekin Tbilisiko eskualdeko araknidoei buruzko ikerketak argitaratu zituzten. Egiari zor, hari utzi zion Tamarak egun estatuko museoan dagoen bilduma.

Azkenik, Tamara Mkheidze 2007ko apirilaren 11n hil zen Tbilisin, 91 urte zituela.

Erreferentzia bibliografikoak:


Egileaz:

Rosa M. Tristán (@RosaTristan) zientzia eta ingurumen dibulgazioan espezializatutako kazetaria da duela 20 urtetik baino gehiagotik. Maila nazionaleko hainbat prentsa eta irrati hedabidetan parte hartu ohi du.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko ekainaren 24an: “La ‘mujer araña’ de Georgia: Tamara S. Mkheidze“.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.