Itsaspeko babesgune bilakatu dira arma zaharrak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Urpean hondoratutako ontzi eta armen inguruan bizitza nola pilatzen den erakutsi dute gaiaren bueltan argitaratutako bi ikerketek.

Bigarren Mundu Gerran Adolf Hitlerrek Europa menderatu nahi izan zuenean, Britainia Handiarekin arazo handi bat izan zuen: lurralde kontinentala menderatzea eta gauza hori egitea uharte batekin ez da, inondik inora, gauza berdina. Hortaz, naziak hegazkin bidezko erasoekin saiatu ziren aurrenekoz, baina gerraren azken urteetan are beldurgarriagoa zen metodoaz baliatu ziren britainiarren morala eta azpiegiturak suntsitu nahian: V-1 bonba hegalariekin. Jakina denez, triskantzak eragin arren, azkenean horiek ez zuten gerraren bilakaera aldatu.

Historiaren norabide aldaketa bitxi batean, heriotza zabaltzeko erabilitako teknologiak bestelako erabilera baketsua ahalbidetu zuen, eta, egungo kontinente arteko misilak horretan abiatzen badira ere, kanpo espaziora zabaldu ahal izateko modua ere bihurtu dira, horrek dakartzan onura guztiekin.

Baina horren ikusgarriak ez diren beste ezusteko onurak ekarri dituzte V-1 bonba horiek, bai eta gerrarako berariaz prestatutako beste hainbat tramankuluk ere. Izan ere, urteen poderioz, ondoratutako itsasontzi eta armek bizidunentzako aterpe bilakatu dira.

bilakatu
2. irudia: armen inguruan pilatutako organismo kopurua gertuko eremuetakoa baino dezente handiagoa izan da. (Argazkia: Vedenin et al /Commun Earth Environ)

Duela gutxi publiko egindako bi ikerketek hori agerian utzi dute. Horien arabera, Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan itsaspean hondoraturik geratu ziren arrastoek bioaniztasun handia gordetzen duten ekosistemen kokaleku bihurtu dira. Denboran eta espazioan izandako ikerketa independenteak izanda ere, antzeko ondorioak atera dituzte biek.

Horietako lehena Itsaso Baltikoan egin dute. Bigarren Mundu Gerra eta gero bertara bota zituzten, hain zuzen, Alemaniako armadak erabilitako arma andana. Besteak beste, V-1 bonba ospetsuak. Ez zen ekintza isolatua izan. Izan ere, 1972an itsasoaren kutsadura prebenitzeko hitzarmena sinatu zen arte, itsasora edozein gauza botatzeko aukera arautu gabe egon zen.

Baltikoan, hainbeste lehergai egonda, ikertzaileek itsas hondoaren zati txiki bat baino ezin izan dute aztertu, eta duela gutxi aurkitu izan den Lehen eta Bigarren Mundu Gerretako armen urpeko zabortegi bat aukeratu dute arakatzeko. Hala, Lübeck badian (Alemaniako iparraldean) Bigarren Mundu Gerran itsaspean pilatutako munizioak aztertu dituzte, eta orduan konturatu dira gerra arrasto horiek milaka organismoren bizileku direla orain.

Communications Earth & Environment aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean ezagutzera eman dutenez, ingurua aztertzeko urrunetik kontrolatutako itsaspeko bat erabili dute. Irudiei esker, gai izan dira arma horietan zein inguruan zegoen fauna identifikatu eta zenbatzeko. Tramankulu horren bitartez bereizmen altuko irudiak hartu dituzte, eta sedimentuen zein inguruko uren hainbat lagin hartu dituzte ere.

Besteak beste, belakiak, anemonak, itsas izarrak, karramarroak eta arrainak ikusi dituzte bertan. Arrasto horien azterketak erakutsi du horien bueltan pilatzen direla inguruetan baino bizidun gehiago. Munizioen azalera metalikoan, metro koadroko 43.000 organismo neurtzera iritsi dira, inguruko sedimentuetan 8.200 inguru aurkitu dituztelarik.

Egiaztatu dute jatorri naturaleko beste substratu naturalek betetzen duten antzeko rola jokatzen dutela pilatutako armek. Izan ere, organismoek toki honekiko erakusten preferentziaren arrazoia da nahiago dutela bizitzea gogorrak diren azaletan.

Uretan hartutako laginetan konturatu dira substantzia leherkorren arrastoak daudela: trinitrotolueno —TNT famatua— eta ziklonita —RDX—, litro bakoitzeko 30 nanogramo eta 2,7 miligramo arteko kontzentrazioetan. Logikoa denez, bonbetan erabilitako lehergaien aztarnak dira horiek. Kutsadura horren bueltan ez dute asko sakondu, baina, diotenez, kutsadura maila hauek eragina izan dezakete zenbait bizidunetan, baina arriskua bizidun bakoitzaren sentikortasunaren era esposizio denboraren araberakoa da beti.

Bonben azal metalikoetan organismo gehiago aurkitu dituzte estali gabeko material leherkorrean baino. Ikertzaileen ustez, horrek esan nahi du organismoak saiatzen direla saihesten zati kutsakor horietan aurkitzen duten material kimiko toxikoekiko esposizioa.

Ontzidi mamua

Bigarren ikerketan aztertu duten kokalekua Mallows badian dago, Marylandeko Potomac ibaian (AEB). Bertan ontzidi mamu izenekoa daukate. Izen bitxi horren atzean dagoen arrazoia da Lehen Mundu Gerrarako eraiki ziren 147 itsasontzi bertan urperatu zituztela 1920ko hamarkadan. Dena dela, azkenean gerran ez zituen ontziak erabili. Baina, eremua aztertu duten zientzialariek egiaztatu ahal izan dutenez, itsasontzi horiek ezusteko beste funtzio bat betetzen dute orain: bizidunentzako aterpe bilakatu dira.

bilakatu
1. irudia: Potomac ibaian dagoen ‘ontzidi mamua’ biodibertsitatea ahalbidetzen duten uharteak bilakatu dira. (Argazkia: Duke Marine Robotics / Remote Sensing Lab)

Scientific Data aldizkarian argitaratutako ikerketan ezagutarazi dutenez, besteak beste, urpeko landaredia, adarrak eta sustraiak errotu dira itsasontzi horien inguruan, eta kate trofiko berrien abiapuntu bilakatu dira. Inguru horretan aurkitu dituzten animalia nabarmenen artean arrano arrantzalea (Pandion haliaetus), edota Atlantikoko polaioa (Acipenser oxyrinchus) bezalako espezie garrantzitsuak daude.

Eremua aztertzeko, bereizmen handiko irudiak hartzeko gai diren droneak erabili dituzte, eta, horri esker, urpeko ontzidiaren mapa osatu dute. Drone horiek kalitate altuko irudiak eskaini dituzte: pixel bakoitzeko 3,5 zentimetroko bereizmena, hain zuzen. Kasu honetan, ikerketa deskriptiboagoa egin dutela esan daiteke. Horregatik, espero dute erabilgarria izango dela urpean den ontzidi horren gaineko azterketa arkeologiko edota ekologikoetarako.

Bi ikerketek ondorioztatu dute gerra arrastoek komunitate biologiko konplexuetarako ingurunea eskaintzen dutela. Bizidunentzako aterpe izan arren, aintzat hartu behar da toki horietan hondakin toxikoak pilatzen direla batez ere Baltikoko arrastoen kasuan, eta horiek mehatxu ere badirela bizidunentzat. Hortaz, zientzialariek diote hoberena izango litzatekeela beste babesleku batzuk sortzea. Modu horretan, egituren onura ekologikoak mantendu ahalko lirateke, baina kutsaduraren aldetik dauden arriskuak saihestuz.

Erreferentzia bibliografikoak:

Vedenin, A.; Kröncke, I.: Weiß, T.; Nolte, G.; Keller, M.; Beck, A. J.; Esposito, M.; Greinert, J. (2025). Sea-dumped munitions in the Baltic Sea support high epifauna abundance and diversity. Commun Earth Environ, 6, 749. DOI: 10.1038/s43247-025-02593-7

White, Elizabeth C.; Seymour, Alexander C.; Dale, Julian: Newron, Everette; Johnston, David W. (2025). Mapping the “Ghost Fleet of Mallows Bay”, Maryland with drone-based remote sensing. Scientific Data, 12, 1547. DOI: 10.1038/s41597-025-05635-z


Egileaz:

Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.