Eboluzioaren azalpenetan maiz entzuten den galdera da: “Eboluzioa egia bada, zergatik daude oraindik txinpantzeak?”. Erantzuna sinplea da: gizakiak ez gara txinpantzeetatik eboluzionatu, bi espeziek arbaso komuna partekatzen dugu. Orain dela 6-7 milioi urte bizi izan zen arbaso horretatik banandu ziren bi leinuak: gurea, Homo generoraino iritsiko zena, eta txinpantze eta bonoboena. Biak dira biziaren zuhaitzeko hostoak, gaur egun arte moldatu eta iraun dutenak.
Txinpantze eta bonoboekin partekatzen dugun arbaso komuna, ziurrenik, ilez estalitako primate orojale bat zen, burmuin txiki samarra eta tresnak erabiltzeko gaitasuna zuena. Oihanetan bizi zenez, haren fosilak aurkitzea oso zaila da, baina badakigu antzekotasun handiak zituela gaur egungo primateekin.
“Gure arbasoak” Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.