Ikusmena, entzumena, ukimena, dastamena eta usaimena dira bost zentzumenak; guztiak ere zientziak ondo deskribatu ditu eta jakinak dira zentzumen hauek ahalbidetzen dituzten mekanismo eta zelulak. Modu misteriotsuan eta ezagutzen ditugun zentzumenak erabili barik zerbait nabaritzeko gai garenean “seigarren zentzumen” bat dugula esaten dugu eta sarri erabili izan da eguneroko bizimoduan ez ezik kulturako hainbat esparrutan zientziatik baino magiatik hurbilago dagoen gaitasun hau. Baina gaur egun badirudi zientzialariek “seigarren zentzumen” bat aurkitu dutela eta enpirikoki demostratu ere egin dutela.
Amerikako Estatu Batuetako Duke Unibertsitateko ikertzaile talde batek “zentzumen neurobiotiko” deitu duen interakzio berri bat deskribatu du saguetan. Burmuinaren eta hesteen arteko harremana aspaldi deskribatu zen eta ezaguna da grelina edo leptina moduko hormonek hipotalamoan duten eragina aski jakina da gosearen erregulazioan. Baina gure gorputzean, “gureak” diren zelulez gain, beste gizaki batzuk ditugu gurekin bizitzen; mikrobiota moduan ezagutzen ditugun mikroorganismoak. Gorputzeko hainbat organotan aurki ditzakegu: azalean, ahoan, arnas-bideetan baina beharbada ezagunena hesteetan agertzen zaiguna da. Hesteetako mikrobiotak funtzio oso garrantzitsua betetzen du digestio-prozesuan eta, ondorioz, eragin zuzena du osasunean. Deskribatu berri den zentzumen neurobiotikoak hesteetako mikrobiota honen gainean jartzen du fokua.

Hesteetako epitelioan neuropodo izeneko zelula sentikor batzuk daude. Zelula hauek nerbio bagoarekin egiten dute kontaktua eta burmuinera zuzenean bidaltzen dute hesteetan detektatzen dutena. Besteak beste, gai dira irentsi ditugun jakien osaketaren berri emateko burmuinari, izan proteinak, gantzak edo azukreak. Baina Diego Bohórquez zientzialariak gidatutako taldea haratago joan da eta gai izan da saguetan mikrobiotaren eta neuropodoen arteko interakzio zuzena deskribatzeko. Jana heste lodira heltzean, bertan dauden mikroorganismo batzuek flagelina izeneko proteina sortzen dute. Flagelina neuropodoen mintzean agertzen den hartzaile jakin batera lotzen da: TLR5; eta, ondorioz, neuropodoek burmuinera bidaltzen dute seinalea nerbio bagoaren bidez. Ikertzaileek baraurik zeuden saguei flagelina jartzen zieten heste lodian, baina saguek ez zuten jaten, elikagaia eskura eduki arren. Ostera, genetikoki manipulatutako TLR5 gabeko saguek etengabe jaten zuten eta ez ziren asetzen.
Ikerketa hau saguetan egin den arren badirudi gizakietan ere egon daitekeela antzerako sistemaren bat. Lerro berri honek ateak zabaltzen ditu, bai asetze-sentsazioari dagokionez, eta bai beste molekula batzuek burmuinean eragin ditzaketen portaera-aldaketei dagokienez. Agerikoa da hesteetako mikrobiota osasuntsua izatea digestio-aparatuaren funtzionamendu zuzenaz haratago doan zerbait dela, eta gurekin bizi diren mikrorganismoek gorputzeko hainbat sistema eta aparatutan eragiteko duten gaitasunaren adibide bat baino ez da azaldutakoa.
Erreferentzia bibliografikoa:
Liu, Winston W.; Reicher, Naama; Alway, Emily; Rupprecht, Laura E.; Weng, Peter; Schaefgen, Chloe; Klein, Marguerita E.; Villalobos, Jorge A.; Puerto-Hernandez, Carlos; Altún, Yolanda Graciela Kiesling; Carbajal, Amanda; Aguayo-Guerrero, José Alfredo; Coss, Alam; Sahasrabudhe, Atharva; Anikeeva, Polina; de Araujo, Alan; Bali, Avnika; de Lartigue, Guillaume; Gil-Lievana, Elvi; Gutierrez, Ranier; Miao, Edward A.; Rawls, John F.; Kaelberer, M. Maya; Bohórquez, Diego V. (2025). A gut sense for a microbial pattern regulates feeding. Nature, volume 645, pages 729–736. DOI: 10.1038/s41586-025-09301-7
Egileaz:
Iker Badiola Etxaburu (@ikerbadiola.bsky.social) EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedrako zuzendaria da.