Orangutanekin Asiara eta buelta

Zientziaren historia

Gure 750.000. amona eta orangutanena izaki berbera zen. Orain arte ezagututako gure arbaso guztiak Afrikan bizi baziren ere, orangutanak Indonesia aldean bizi dira: nola iritsi ziren haraino? Eta, agian, alderantziz izan zen, eta gure arbasoak izan ziren Afrikara itzuli zirenak. Jeffrey Schwartz antropologoak “The Red Ape” liburuan proposatu zuen gure ahaiderik gertukoenak orangutanak direla, ez txinpantzeak, eta ideia horrek eboluzioaren mapa geografikoa berriro irakurtzera garamatza. Gaur egungo kontsentsuak dio txinpantzeak direla gure lehengusu genetiko hurbilenak, baina orangutanen historia ulertzeak gurea bera ere argitzen du.

Duela 18 milioi urte Afrikako eta Arabiako plakek Eurasiarekin talka egin zutenean, bi kontinenteen artean zubi bat sortu zen, eta horrek animalia ugari —eta, agian, gure arbasoak— Asiara eramateko aukera eman zuen. Zientzialari batzuek diote Hominidoen arbasoak Afrikatik atera, Asian garatu eta berriro Afrikara itzuli zirela; horrela azal liteke orangutanen presentzia Asian eta fosilen urritasuna Afrikan. Eurasian aurkitutako fosilek, —Sivapithecus, Oreopithecus , Dryopithecus— garai hartako aniztasuna erakusten dute: batzuk aurpegi zapalak zituzten, beste batzuk gorputz zuzenak edo adarretatik zintzilik egoteko moldaketak. Hala ere, baliteke horietako bat ere ez izatea gizakion leinukoa, baizik eta Miozenoan Eurasian bizi izan ziren gure ahaide urrunetako bat.

“Gure arbasoak” Ikusgela hezkuntza proiektuaren bideo-sorta bat da. Euskal Wikilarien Kultur Elkartearen ikus-entzunezko egitasmoa da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kolaborazioa izan du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.