Loreetatik askatzen diren hauts horixka horiek baino askoz gehiago da polena: landare hazidunen funtsezko ugalketa egitura bat. Kiñuk gaur azalduko digu nola landareek, mugitu ez arren, estrategia harrigarriak erabiltzen dituzten beren material genetikoa leku egokira bidaltzeko.
Ugalkortasuna bermatzeko, landareek polen mordoa ekoizten dute, ale bakar baten bidaia arrakastatsua izateko aukerak oso txikiak direlako. Gainera, polenak ez du bere kasa egiten salto: aireak, urak eta polinizatzaileek egiten dute garraio lana. Ugalketa-arrakasta horren atzean, gainera, polenaren forma, kolore eta egitura aniztasuna dago; landare bakoitzak bere mekanismora egokitutako diseinua garatu baitu.
Baina polena ez da soilik landareen biziraupenerako giltza: gure ingurunean duen presentzia ere nabarmena da, eta Europako alergeno ohikoenetako bat bihurtu da. Gure kirikiñoak erakusten digu hauts txiki-txiki hauek nola gidatzen duten ekosistemen etorkizuna eta, batzuetan, gure sudurraren patua ere bai.

Hilero, azkenengo ostiralean, Kiñuk bisitatuko du Zientzia Kaiera bloga. Kiñuren begirada gure triku txikiaren tartea izango da eta haren eskutik gure egileek argitaratu duten gai zientifikoren bati buruzko daturik bitxienak ekarriko dizkigu fin.
Egileaz:
Maddi Astigarraga Bergara (IG: @xomorro_) Biomedikuntzan graduatua, EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterra egin du eta ilustratzailea da.