“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.
Bergarako Aranzadi Ikastolako 3. DBHko ikasleen galdera: Asko dago deskubritzeko ozeanoetako bizitzari buruz?
“Non daude giltzak? Itsas hondoan!”, hala dio haurrentzako kantak. Jakintzaren giltza ozeanoen hondoan dago. Bizitza ur azpian sortu bazen ere, ezer gutxi dakigu han bizi denari buruz, eta are gutxiago han bizi direnen bizimoduari buruz.
Espainiako Hizkuntzaren Errege Akademiaren hiztegiaren arabera, gaztelaniazko “vida” terminoak (bizitza) 18 adiera ditu. Laugarrena da ozeanoaren ikerketan gehien ikertzen dena: “Leku batean izaki bizidunak egotea”. Hau da, biodibertsitatea. Baina bizitzak dimentsio gehiago dauzka: harremanak ezartzea, energia ekoiztea ez hiltzeko, lekura egokitzea eta denbora batez bizirik mantentzea, besteak beste. Hau da, itsas ekologia.

Badakigu zer-nolako bizitza dagoen ozeanoetan?
Ez. Zientziaren arabera, izaki bizidunen % 0,001 ikusi ditugu espedizio ugarietan eginiko 44 000 urperaketari esker. Zergatik da portzentaje hori hain txikia? Bada, ozeanoak, zabalera handian, 200 metro edo gehiagoko sakontasuna duelako. Baina sakonera horretako presioa oso altua da eta horri eusteko teknologia oso aurreratuak behar dira. Garatzen diren heinean, espezie berriak deskubritzen dira.
Adibidez, 2025eko irailean, Uruguay sub200 Uruguaiko espedizioa amaitu da. ROV SuBastian robotari esker, ikertzaileek 1 200 metro baino sakonera handiagoak ikertu ahal izan dituzte, eta orain egiaztatu behar diren 30 espezie potentzialki berri baino gehiago deskubritu dituzte. Baina aurkikuntzarik handiena izan da zientziak deskribatutakoak baino ur sakonagoetan bizi den koralezko arrezife bat. Hurrengo pausoa da deskubritzea ea nola mantentzen den bizirik ingurune horretan.
Lupa edo mikroskopiopean
Ez da beharrezkoa ozeanoaren ur sakonetara joatea deskubrimenduak egiteko. Behaketa eskalan beherantz bagoaz, beste ate bat irekiko dugu biodibertsitatearen unibertsora. Lupak eta mikroskopioak tresna erabilgarriak dira oraindik.
Adibidez, 2020an, Mutrikuko kostaldean (Gipuzkoa), zientzialarien talde batek harean deskubritu zuen azelo espezie berri bat; zizare lau txiki bat da, eta Faerlea assembli izena jarri zioten. Eta, 2022an, PiE-UPV/EHU itsas estazioan, ikertzaile batek parasito bat deskubritu zuen krustazeo txikietan, eta Txikispora philomayo izena jarri zion. Genero berri horrek lagun dezake ebolutiboki ulertzen nola sortu ziren organismo multizelularrak.

Joan gaitezen are beherago tamainaren eskalan. Ozeanoetako uretan bizi diren bakterioek eta arkeoek itsas mikrobioma osatzen dute. Biomasa ozeanikoaren ia bi heren da, baina, aldi berean, ezezagun handienetako bat. Horren dibertsitatea ikertzeko, metagenomika izeneko teknika molekularra erabiltzen dugu. Honetan datza: ozeanoko puntu eta sakonera ezberdinetako uretatik ateratako DNAa sekuentziatzea. Emaitzen bidez, mikroorganismoen taldeak eta komunitateak identifikatzen dira bioinformatikaren eta adimen artifizialaren gaitasunei esker.
Baina arazo bat dago: ezin dugu ezagutzen ez duguna identifikatu. Identifikazioak laborategian hazi ahal izan ditugun mikroorganismoen DNAaren ezagutzan oinarritzen dira, baina ozeanoko muturreko leku askotatik oraindik ez da halakorik hazi. Hori dela eta, DNAako sekuentzia asko identifikatu gabe geratzen dira. Horri deitzen diogu “materia iluna”.
Laburbilduz:
- Ez ditugu ezagutzen eremu abisaletan bizi diren organismo handiak (makroorganismoak). Bitartekoak falta zaizkigu.
- Eskala txikiagoetan, ez ditugu ezagutzen hondartzetako harean ibiltzean zapaltzen ditugunak ere.
- Ez ditugu ezagutzen jada identifikatu ditugun espezieekin batera bizi diren parasitoak.
- Eta organismo txikiagoetara bagoaz, mikrobiomaren kasuan… materia ilunari buruz ari gara!
Ezjakintasunaren ozeanoa
Eta, identifikatu dugunari dagokionez, ba al dakigu nola mantentzen den bizitza ozeanoan?
Pentsatu giza gorputzean. Gure anatomia eta ehunak ezagutzen ditugu, mendetan ikertu ditugulako. Baina oraindik ez dakizkigu xehetasun asko: nola funtzionatzen duen gure kontzientziak, nola gordetzen ditugun informazioa edo oroitzapenak gure garunean, nola erreakzionatzen duen gure gorputzak gaixotasun berrietara, nola erantzuten diogun kutsadurari, nola egokitzen garen muturreko inguruneetan, eta abar. Ez dakigu % 100ean nola funtzionatzen duten gure bizitza unitateek —zelulak—.
Hori estrapolatzen badugu ozeanoan bizi den espezie bakoitzera, asko eta asko da deskubritzeko dagoena. Itsasoko uretan bizi den oro ezagutzen ez badugu, ezin dugu jakin nola interakzionatzen duten ingurunearekin, nola erlazionatzen diren beste espezieekin, zenbat denboraz bizi diren eta zenbat bizi daitezkeen kutsadura egoeretan, zer-nolako zelulak dituzten, nola funtzionatzen duten eta nola komunikatzen diren zelula horiek… Eta infinitura eta harago jarrai genezake horrela.
Hau da, ozeanoak maila askotako deskubrimendu askoren giltza dauka gordeta: ekosistemak, biodibertsitatea, zelulak, molekulak… Deskubritutako eta oraindik deskubritu gabeko itsasoko organismo guztien kode genetikoa bilduko bagenu, bizitzaren entziklopedia berriak idatziko genituzke, espezie bakoitzerako bolumen eta hizkuntza berriekin. Ozeanoetako biztanleei buruzko ezagutzen apalak ia hutsik dauzkagu oraindik.
Egileaz:
Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Queda mucho por saber sobre la vida en los océanos? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: tcesjunior@theconversation.com