Plaza bat herrietan aurkitzen dugun espazio publiko zabal eta irekia da. Plaza bat bizitza publikoaren eszenatokia da, herritarren elkargunea zein joan-etorrien korridorea. Plaza bat bizipen, gertakari, ospakizun eta ikuskizunen aterpea da, kulturaren sutondoa. Plaza espazioa, lekua eta parada da eta gaur egun zientziak ere badu berea: Bilbo Zientzia Plaza.
Baina zer da Bilbo Zientzia Plaza? Bilbo Zientzia Plaza (BZP) EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren egitasmoa da eta estatuan antolatzen den zientzia-dibulgazioko jaialdirik handiena da. Bertan, erregistro, tonu eta izaera anitzeko ekimenez osatutako programa bat gauzatzen da, publiko heldua zein gaztea zientziaz zipriztindu dadin. Horretarako, bata bestearen atzean doazen doako espektakuluak eskaintzen dira hiru bat astetan. Besteak beste, kale erakusketak (Zientzia Kalean), bisita gidatuak, umorezko bakarrizketa zientifikoak (Ciencia Show), hitzaldia-sortak (Naukas PRO eta Naukas Bilbao) zuzeneko esperimentuak, dokuforumak, ikuskizunak, umeentzako tailerrak (Naukas Kids) edota bertsoak eta zientzia (Bertsozientzia) artea eta zientzia edota dantza eta zientzia nahasten duten saio dibulgatibo bereziak eskaintzen dira Bilbo Zientzia Plazan.

Egia da zientzia-dibulgazioko jarduerak ez direla ezohikoak gure artean. Ikasturtean zehar badira tankera honetako ekimenak, eta, gehienak, zientziaren unibertsoan diharduten edo eragile diren erakundeek antolatuta daude: unibertsitate, ikerketa-zentro, elkarte, fundazio edo erakunde publikoak. Dibulgaziozko ekitaldi horien artean, ezagunak dira, esaterako, egun jakinei lotutako iniziatiba orokorrak: Zientzia Astea, Zientziaren arloko Emakume eta Neskatoen Nazioarteko Eguna, Ikertzaileen Europako Gaua edota Matematikaren Nazioarteko Eguna (Pi eguna). Hauetan zientziaren nondik norakoak eta zientzialarien zeregina ezagutarazteko ekintza ugari antolatu eta burutzen dira. Mota honetako iniziatibei “akonpainamendu-jarduerak” esaten zaizkie, hau da, asmo orokorrak babesten eta laguntzen dituzten ekintzak dira eta unibertsitate edo hezkuntza munduko egutegira lotuta daude, kultur programazioetatik at.
Inertziak hausteko jaio zen Bilbo Zientzia Plaza. Testuinguru, unibertso edo egutegi mugatuetatik atera eta kulturaren paisaian zientzia ohiko gai bihurtu eta edozein unetan goza daitekeela erakusteko.
Zientziaren esporak kultura-paisaian
Baina BZPk baditu izateko bestelako arrazoiak ere. Zientzia-dibulgazioko ekimenak kultura-programetan sartzeak eragina du ezagutzaren sozializazioan. Aisialdian disfrutatzen ditugun formatuen moldeetan zientzia-gaiak zabaltzeak landare batetik bereizten diren esporen zereginaren antza du, ohikoak ez diren lurretan barreiatuz hazi berriak landatzea. Izan ere, hainbat ikerketek agerian utzi dute herritarren kultura zientifikoaren zati handi bat eskolaz kanpoko jarduerei esker geureganatzen dugula: museoak bisitatuz, ibilbide gidatuak eginez, hitzaldiak entzunez, tailerretan parte hartuz edo dibulgazio-edukia kontsumituz.
Hori aitortzen dute, adibidez, zientzia-komunikazio alorreko adituek. Esaterako, Vladimir de Semir kazetaria eta Pompeu Fabra Unibertsitateko Komunikazio Zientifikoko Behatokiaren zuzendaria izandakoa bat dator honekin: “Uste orokorra denaren kontra eginez, pertsona bat giro formaletik kanpo hezten da zientziaz: izan ere, pertsona batek haren bizitzaren % 5 baino gutxiago ematen du hezkuntza arautuan. Beraz, ukaezina da jendeak zientziekiko duen ulermena areagotzeko gakoa bere bizitzaren gainerako % 95ean dagoela”.
Hau kontuan izanik, kultura zientifikoan eragiteko eskolaz kanpo ematen dugun denborari so egitea da gakoa, aisialdirako zientzia-gaiak barreiatzen dituzten programak antolatu eta aurrera eraman ezagutza zientifikoa zabaltzeko. Ondorioz, zergatik ez txertatu zientzia kultura-programetan, disfrutatu eta gure ezagutza handitzeko? Galdera horri erantzunez ere gauzatzen da urtero Bilbo Zientzia Plaza, zientziarekin ikasteko eta gozatzeko aukera eskaintzen duen orotariko publikoarentzako jaialdia.
Gozatuz ikastea
Aisiak konbinazio bitxia egiten du, gure denbora librea dibertsio-jarduerekin, lasaiekin edo entretenimendukoekin lotzen du, eguneroko zereginetatik aldendu eta atsedena har dezagun. Pelikula bat ikusi, bertso-saio bat entzun, mahai-inguru batera joan, erakusketa bat bisitatu, errezital bat entzun, irakurketa klub baten parte hartu, hitzaldi-ziklo bat jarraitu… kultura-jarduerek zerbait ona, erabilgarria edo atsegina eskaintzen digute, eta horrek gozamen-sentsazio atsegina sortzen du.
Halako gozamena bizi dugu Bilbo Zientzia Plazan bi egunetan, jarraian, Euskal Herriko zein kanpoko 70 ikertzaile eta dibulgatzaile ikusi eta entzuten ditugunean Euskaldunako auditorioan istorio harrigarriak azaltzen: esaterako, amets argiak egon badaudela (kontrolatu daitezkeenak), biziaren historia margolanen bidez azal daitekeela, suteak sortarazten dituzten hodeiak existitzen direla, gizakiok jaio orduko hasten garela hitz ñimiñoak ulertzen, landareek leku batetik bestera mugitzeko gaitasuna dutela edota espazioan badirela objektu astronomikoak denborak aurrera egin ahala gaztetu egiten direnak.
Gozatzen dugu, esaterako, Fernando G. Baptista bilbotarraren, munduko infografista ospetsuenetako, infografia zientifikoen erakusketa ibiltari batekin topo egiten badugu. Ondo pasatzen dugu Bizkaia Aretoan nanozientziako eta nanoteknologiako tresnak nolakoak diren ezagutzeko parada ematen digunean fisikari baten bisita gidatuak. Preziatzen dugu Bilboko parkeak biologo baten konpainian bisitatuz animalien oinatzen bidez bizidunei buruz ikastea. Disfrutatzen dugu bakarrizketa zientifiko batek barre algarak eragitean Bidebarrieta Liburutegiko eserlekuetan. Harritzen gara, gure seme-alabekin batera, malabareak eginez zirkua eta zientzia bateragarriak direla baieztatzen dugunean Abandoibarrako zelaigunean.

Jakin badakigu programak ez duela guztion interesa asetuko, baina kasu batzuetan ikusleak dibertituko dira; beste batzuetan, hunkitu eta izango dira ere etxera jakin-minez kutsatuta bueltatuko direnak. Edonola ere, bertaratzen denak zerbait berria eramango du berarekin, datu bat, istorio bat, gertakari bat, ezagutzen ez zuen zerbait eta horrek bere kultura zientifikoaren onbidean lagunduko du.
Urtero milaka ikusle batzen ditu BZPk aretoetan eta EITBren zuzeneko eta TIktok Live emankizunei esker, beste milaka ikuslek (2024an 42.500) jarraitzen dituzte, esaterako, Euskalduna Bilbaon izaten diren hitzaldiak. Baina emaitza hauek ezinezkoak lirateke publikoak zientziaren zirrikituak ulertu eta ezagutzeko erakusten duen jarrera proaktiborik gabe.
2017an jaio zen Bilbo Zientzia Plaza (BZP) ekimena EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. BZP egitasmoak Bizkaia Zientzia Plaza izenarekin hasi zuen bere ibilbidea, baina handik gutxira Bilbon hartu zuen eserlekua eta Bilbo Zientzia Plaza bezala egonkortu zen Bilboko Udalaren babesarekin. 2025eko irailaren 17tik 30era BZPk zortzigarren edizioa izan du. Hiru astetan zehar zientzia-gaiak Bilboko hainbat agertokietan oholtzaratu dira, protagonista izateko.
Zortzi urteko bidea egin ondoren, Bilbo Zientzia Plazak erakutsi du zientzia-dibulgazioak baduela tokia kultura-programazioan, zientzia-gaiak ez direla arrotzak espazio publikoan eta zientzia gozatuz gure ezagutza handitzeko gai garela ere. Finean, zientziak ere baduela plaza.
Egileaz:
Uxune Martinez (@uxunem.bsky.social) Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zuzendaria da eta EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren kudeatzailea.