Leila Alice Denmarkek patchworkeko (oihal ezberdinetako adabakiak josita arropa edo objektuak sortzeko joskintzako teknika) mahai oihal bat zuen bere jangelako mahaian, Bigarren Mundu Gerran Estatu Batuetan bonbak jaurtitzeko erabilitako paraxut txiki izan zirenez eginiko laukiak elkartuz sortutakoa. Denmark oso harro zegoen oihalezko adabaki horietaz, bere herrikideak hil eta zauritzeko sortutakoak, osasuna eta bizitza sustatzen zen etxe batean apaingarri gisa amaitu zutelako.
Izan ere, Leila Alice Denmarkek bizitza pediatrian eman zuen, eta bizitza oso-oso luzea izan zuen: 114 urtez bizi izan zen, eta 103 urteetara arte lan egin zuen; hau da, 70 urtetik gorako karrera izan zuen.

Kapelagile izatetik pediatra izatera
Denmark Leila Alice Daughtry izenarekin jaio zen Portalen (Georgia), 1898ko otsailaren 1ean. Hamabi neba-arrebatik hirugarrena izan zen, eta txikia zenean, ez zuen sekula pentsatu pediatra izango zenik. Tift Collegen graduatu bazen ere irakasle izateko, bere ametsa kapelagilea izatea zen, eta zenbait ikastaro egin zituen kapelak egiten ikasteko.
Hala ere, Lehen Mundu Gerraren bilakaeraren eta Estatu Sailak bere senarra Java uhartera bidaltzearen ondorioz, norabidea aldatzea erabaki eta zientziaren alde egin zuen, bizitzak salbatzen laguntzeko: kimika eta fisika ikasi zituen Mercer Universityn, eta 1928an Georgiako Medical Collegen Medikuntzan graduatutako hirugarren emakumea bihurtu zen. Graduatu ondoren, barneko mediku hasi zen Atlantako Grady Memorial Hospitaleko beltzentzako atalean (arrazagatiko segregazioa ohikoa zen Georgian garai hartan), eta, handik gutxira, Henrietta Egleston Haurrentzako Ospitalean hasi zen lanean, zeinetan lehenengo emakumezko barneko medikua izan zen.
Haurtzaindegien eta amak lanean hastearen aurka
1931n, klinika bat ireki zuen bere etxean bertan, bere alaba jaio ondoren, ez baitzuen beste pertsona baten zaintzapean utzi nahi. Are gehiago, bere jardun pediatrikoaren oinarrietako bat zen amek zaindu behar zituztela beren seme-alabak. Ez zegoen amak lanean hastearen eta seme-alabak haurtzaindegietan uztearen alde; izan ere, uste zuen hirugarrenek hezitako haurrek, hain zuzen ere pertsona horiek zaintzetan espezialistak zirelako, nagusitan autodiziplinarako gaitasun gutxi eta gainerakoengan konfiantza izateko arazoak izango zituztela.
1998an tokiko egunkari batean argitaratutako artikulu batean, Denmarkek argi utzi zuen gaiari buruzko bere iritzia: “Gurasoak ez dira beren umeak gidatzen ari, eta horregatik ari da herrialde hau desbideratzen. Heztea dagoeneko ez dago modan. Gurasoek helburu materialak dituzte: kotxe berriak, etxe handiagoak… eta horren emaitza da ez dietela jaramonik egiten beren seme-alabei”. Horrez gain, gaineratzen zuen haurtzaindegietan umeek ez zutela arretarik jasotzen eta gaixotu egiten zirela: “haurtzaindegiek mantentzen dituzte herrialde honetako pediatrak; haurtzaindegirik gabe, goseak hiltzen egongo ginateke”.
Bere pazienteen oroitzapenen arabera —askotan, txikitan tratatu zituen familia bereko zenbait belaunalditako kideak ziren—, Denmarkek ez zuen bere klinikan erizainik, harreragilerik, ez eta inolako laguntzailerik ere; berak hartzen zuen telefonoa zuzenean deitzen ziotenean. Denmarkek artatzeko ez zen aurretiazko hitzordurik behar. Nahikoa zen behar zenean hara joan, bisita liburuan izena eman eta txanda itxarotearekin; zenbaitetan, baina, ordu batzuk itxaron behar ziren horretarako, garaiaren arabera.
Ebidentzia zientifikoan oinarritutako eta oinarritu gabeko iritziak eta gomendioak
Bere klinika pertsonalaz gain, Denmarkek boluntario gisa lan egiten zuen Eliza Nagusi Presbiterianoak Atlantan zuen klinikan; han, baliabiderik gabeko familietako haurrak artatzen zituzten karitatezko egintza gisa. Bere jardueraren parte gisa, 1933 eta 1944 artean ume txikien kukutxeztularen diagnostikoari, tratamenduari eta immunizazio aukerei buruzko ikerketak egin zituen; izan ere, gaixotasun hori askotan hilkorra zen familiako txikienentzat. Ikerketa horien emaitza gisa eta Eli Lilly and Company enpresaren eta Emory Unibertsitatearen lankidetzarekin, kukutxeztularen aurkako txerto bat garatu zen, egun oraindik ere erabiltzen dena.

Baina, egun ebidentziarik gabekotzat edo baita kaltegarritzat ere jotzen diren gomendioak ere eman eta erremedioak aplikatzen zituen; hala nola behi-esnea ez kontsumitzea pasteurizatuta zegoelako eta osasunerako kaltegarria zelako, haurtxoen elikadura osagarriarekin hiru hilabete betetzean hastea, edo haurtxoek buruz behera lo egitea sustatzea. Horrez gain, haurrak haurtzaindegiko profesionalen zaintzapean uztearen ondorio kaltegarriei buruzko bere iritzia ez zegoen ebidentzian oinarrituta, norberaren iritziaz eta familia bakoitzaren hautuaz harago. Ordea, azpimarratzen zuen umeek fruta jan behar zutela, zukuak hartzearen ordez, eta hori, bai, egungo nutrizio gomendioekin bat dator, bai eta azukrearen aurka egotea ere, kalteak eragiten zituelako bai umeen bai helduen osasunean.
Denmarkek pediatrian lanean jarraitu zuen 103 urterekin erretiroa hartu behar izan zuen arte; izan ere, makulako endekapen itzulezina zuen, eta horrek ikusmenean eragin zion, legez itsutzat jotzera arte. Hala ere, orduan ere jarraitzen zuen garai bateko pazienteen guraso batzuekin telefonoz hitz egiten, ondo zeudela ziurtatzeko eta seme-alaben zainketari buruzko gomendioak emateko. 2012an zendu zen 114 urte zituela.
Iturriak:
- Leila Daughtry Denmark, M.D.
- Nelson, Valerie J. (2012). Leila Denmark dies at 114; pediatrician practiced until she was 103, Los Angeles Times, 2012ko apirilaren 12an.
- Dr. Leila Denmark Celebrates 111 years of life!, Grace Notes, 2009ko otsailaren 1ean
- Childs, Martin (2012). Leila Denmark: Doctor whose work led to the whooping cough vaccine and who worked till 103, Independent, 2012ko apirilaren 13a
- Shaw, Brian (2013). Leila Denmark (1898-2012), New Georgia Encyclopedia,
- Leila Denmark, Wikipedia
- Dr. Leila Alice Daughtry Denmark, Changing the Face of Medicine
- Williamson, Kim (2016). Dr. Leila Denmark – New High School in Forsyth County dedicated to the long career of beloved pediatrician, mentor and educator, Up In Cumming,
- Leila Alice Denmark, AcademiaLab
Egileaz:
Rocío Benavente (@galatea128) zientzia kazetaria da.
Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko uztailaren 31an: “Leila Alice Denmark, la pediatra supercentenaria que cosía manteles con paracaídas de guerra“.
Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.