“Gazte-galderak” egitasmoak DBHko ikasleen zalantzak, galderak eta zientzia ikusminari erantzutea du helburu. EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak eta The Conversation plataformaren ekimena da eta zientzialari adituen dibulgazio-artikuluen bidez ematen diote erantzuna gazteen jakin-minari.
Gasteizko IES Miguel de Unamuno BHIko 2. DBHko ikasleen galdera: Nola ezagut dezakegu Lurraren historia?
Gure planeta edozein giza zibilizazio baino askoz ere zaharragoa da. Bere 4.500 milioi urteko historiak aztarna ugari utzi ditu arroketan, eta geologia arduratzen da aztarna horiek argitzeaz, beraien artean gurutzatzen diren tramak dituen “Lurraren liburuko” kapituluak irakur ditzagun.
Sedimentuek hitz egiten dute
Hasi baino lehen, gogora dezagun arrokek hainbat jatorri dituztela: magma edo labaren bidez, arroka igneoak sortzen dira, eta eraldaketaren bidez, arroka metamorfikoak. Baina hemen, batez ere, hirugarren multzokoak interesatzen zaizkigu: sedimentarioak.
Arroka sedimentarioak sortzen dira goraguneetan, hala nola mendietan, azaleratzen diren arroken deskonposizio eta higaduraren ondorioz sortzen diren partikula nahiko finak metatzen direnean. Partikula horiek hainbat inguruneren bidez (ibaiak, haizea, glaziarrak…) garraiatzen dira metaketa eremuetara. Hala, sedimentuak geruzaz geruza jalkitzen dira maila gutxi gorabehera horizontaletan, estratuetan, alegia.

Arroka sedimentarioak aztertzean, ondorioztatu behar dugun lehenengo datua da non jalki ziren bere materialak, hau da, itsaso, ibaia, laku eta abarretan sortu ziren. Izaki bizidunen aztarna fosilek ebatz dezakete arazoa. Itsasoko organismoen fosilak (hala nola, moluskuak edo koralak) dituen kareharri bat sakonera txikiko uren giro tropikal batean sortu zuen; izan ere, fauna gaur egungoaren oso antzekoa da. Fosil horiek osorik badaude, arrezifeak ere berreraiki ditzakegu.
Bestalde, fosilak apurturik eta nahastuta badaude, suposatuko dugu korronteren batek nahasi dituela eta bere habitatetik mugiarazi. Beste batzuetan, berriz, lerro finak edo lineazioak izaten dituzte, kareharriekin gertatzen den bezala. Lerro horiek sedimentuak garraiatzen zituzten norabidea edo, are gehiago, noranzkoa adierazten dute, gau egun hondartzetan gertatzen den bezala.

Lurraren historia den puzzlearen pieza horiek “aktualismo” printzipioaren arabera interpretatzen dira. Charles Lyell geologo britainiarrak 1830ean sortu zuen termino horrek adierazten du “oraina lehenaldia ulertzeko gakoa dela”.

Adina salatzen duten xehetasunak
Pista horiekin interpreta dezakegu nolakoa zen arroka sedimentarioak jalki ziren ingurunea, baina oraindik ez dakigu haien adina. Badira hainbat teknika adina ezagutzeko.
Lehenik eta behin, arroka horiek osatzen dituzten mineralek isotopo erradioaktiboak dituzte, eta osagai kimiko horiek esker jakin dezakegu zenbat urte daramatzaten Lurrean. Metodo horren oinarria da isotopo “aita” baten desintegrazioa, denboran zehar apurka-apurka bere “seme” bihurtzen dena. Laginean beraien arteko proportzioa ezagututa, adina lor dezakegu.
Karbono-14 teknika ezagunaren kasuan, jatorri organikoko laginak behar dira; beraz, ezin da aplikatu arroka eta mineral askotan. Gainera, isotopo horren “bizitza” 60.000 urtekoa baino zertxobait luzexeagoa da. Arroka, mineral eta fosiletarako isotopo erreaktiboen beste erlazio batzuk erabiltzen ditugu, hala nola uranio-torio edo uranio-beruna. Horiei esker, 500.000 urte eta zenbait milaka miloi urte arteko datazioak lortzen ditugu, eta egokiagoak dira Lurraren historia luzea ezagutzeko.
Eta bitxikeria bat: ba al zenekien badagoela teknika bat kuartzoaren ale batek eguzkia ikusi zuen azken aldiaren adina ezagutzeko? Optikoki estimulatutako luminiszentzia deritzo, eta 1.000 eta 500.000 urte bitarteko laginen antzinatasuna zenbatesteko erabiltzen da.
Baina tresna horrek ez du balio arroka mota guztietarako; hortaz, beste datazio metodo bat erabiliko dugu. Ezagunena da fosilaren edukiak denboran zehar izandako aldaketa aztertzea, hau da, eboluzioa. Lurraren bizitza aldatu egiten da denboran zehar, eta fosilen arteko asoziazioak aurkitzeak aukera ematen digu estratuen adin tartea ezartzeko. Ezagunenak fosil handiak badira ere (hala nola dinosauroak), normalean luparen bidez aztertzen diren mikrofosilak erabiltzen ditugu.
“Tortura” geologikoak jasaten dituzten arrokak
Baina arroken historia osatugabe dago baldin eta ez badugu miatzen sortu zireneko ingurunea eta adina. Zenbait prozesu geologikoren ondorioz, itsas hondoan eratutako arrokak gaur egungo mendien parte dira, esate baterako. Izan ere, materialak jalkitzen direnetik gaur egunera arte, arroka sedimentarioek diagenesi izeneko prozesua jasaten dute: berotu egiten dira, zapaldu egiten dira lurperatzen ondorioz, eta aldaketak izaten dituzte osagaietan (batzuk disolbatu egiten dira, beste batzuk eraldatu, beste batzuk apurtu…).
Denbora gehienean, arroka sedimentario batek “tortura” horiek jasaten ditu, eta kronologikoki ulertu eta ordena ditzakegu. Horretarako, petrografiko izeneko mikroskopio bereziak eta 0,3 mm lodi diren arroka xaflak erabiltzen ditugu.
Eta hori gutxi balitz bezala, estratuak ez dira beti horizontalak, tarta baten geruzak bezala.Mahai-zapi bat eskuz bultzatzen dugunean bezala, plaka tektonikoek tolestu egiten dituzte arroken estratuak. Geologoek, halaber, “irakurri” egin behar ditugu arroka igneoak protagonista diren kapituluak, garai bateko sumendi erupzioen historia kontatzen baitigute, bai eta metamorfikoak ere, arroka batzuk beste arroka batzuetan eraldatzeaz hitz egiten baitigute.
Hala, apurka-apurka osatzen dugu planetaren biografia: ingurumen aldaketetatik bizitzaren eboluziora. Historia hori ulertuz gero, gaur egungo aldaketak uler ditzakegu eta hominido gisa dugun kapitulu laburraz hausnartu; izan ere, Lurrak eraldatzen jarraitzen du gure presentziaz harago.
Geologoaren betaurrekoak jantzi eta zure ingurura begiratzen baduzu, arroken historia ezagutuko duzu, norantz goazen jakin ahal izateko.
Egileaz:
Artikulu hau The Conversation plataformako Júnior atalean irakur daiteke gaztelaniaz: ¿Cómo podemos conocer la historia de la Tierra? 12-16 urte bitarteko ikaslea bazara eta zientziaren inguruko galderarik izanez gero, bidali helbide honetara: tcesjunior@theconversation.com