Pentsamendu zientifikoaren amaiera?

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Hugo Gernsbackek, Amazing Storiesen asmatzaile eta editoreak, hauxe esan zuen 1930. urtean:

Zientzia-fikzioa ez da soilik garrantzi handiko zerbait, mundua bizitzeko leku hobea bihurtzeko faktore erabakigarria ere bada. Izan ere, publiko orokorra hezten du zientziak eguneroko bizitzan izan ditzakeen aukerei eta influentziari buruz, eta hori, gaur egun ere, askok behar bezala baloratzen ez duten zerbait da. […] Gizon, emakume, mutil eta neska guztiak berehala konbentzitu ahalko bagenitu zientzia-fikzioa irakurtzeko, horrek onura handia ekarriko lioke komunitateari, norbanakoen hezkuntza estandarrak nabarmenki igoko bailirateke. Zientzia-fikzioak zoriontsuago egingo lituzke denak, mundua hobeto ulertzen lagunduko lieke, bai eta toleranteago bihurtu ere.

Zientzia-fikzio esaten ari naiz, baina pentsamendu zientifiko esan ahal izango nuke, besterik gabe. Azken finean, zientzia-fikzioa, askotan, zientziaren ekuazio hotzak literatura eta humanitateen esparrura itzultzeko modu bat besterik ez da, atseginagoak izan daitezen. Zientzian pentsatzea da, zientziak egiten duen moduan, baina lege aldaezinen eta ekuazio menderaezinen konstrikziorik gabe.

1. irudia: Hugo Gernsbacken editoriala Wonder Stories Quarterly aldizkariaren udazkeneko zenbakirako, zientzia-fikzioak etorkizuneko zientzia moldeatzeko duen moduari buruz. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Nolanahi ere, Hugo Gernsbacken garaia eta gurea ez datoz bat. Garai hartan, aurrerapenaren eta etorkizunaren ate guztiak irekita zeuden. Egun, ordea, hormatuta daude. XX. mendearen hasieran, ia edozein garapen zientifiko edo teknologiko zen ospatzeko modukoa: elektrizitatea, irratia, hegazkintza, lehenengo makina automatikoak… XXI. mendearen hasieran, zientzia iseken xede da, ia mespretxura ere iritsita, eta teknologia jada ez da pertsonen bizitza hobetzeko bitartekoa, baizik eta espekulazio ekonomikoko bitarteko bat. Eta, jakina, narratibak ere ez dira berdinak. Teknooptimismo kartsuenetik distopia gordinenetara igaro gara. Dena posible zen mundu batetik ezer posible ez den mundu batera. Izan ere, posibilitateei buruz pentsatzea —batez ere konstruktiboak direnak— ameslari eta inozoen kontua besterik ez da.

Pentsamendu
2. irudia: XIX. mendearen amaieran, dena zen posible… den-dena. Baina, gutxienekoa (zorionez) egia bihurtu ez ziren erokeriak dira, gure bizitzaren alderdi guztietara iristen direnak. (Argazkia: En L’An 2000 serieko postala, Jean Marc Coterena – jabari publikoa. (Iturria: Cuaderno de Cultura Científica)

Baliteke, XX. mendearen amaieratik ia egunero mirariak ikustera ohituta, gizateriak txunditzeko gaitasuna galdu izana. Edo, ia dena deskubritu edo asmatu izanaren sentsazio horrek gure jakingura itzali izana. Edo, baliteke, errealitatea fikzioa —edo zientzia-fikzioa— gainditzen hasi zenetik, gure imajinazioa ginbalet eran jausi izana. Eta, baliteke, hori guztia izatea, hain zuzen, pentsamendu zientifikoa hilzorian uzten ari dena: zer da zientzia txunditzeko gaitasunik, jakingurarik eta imajinaziorik gabe?

Pentsamendu
3. irudia: Batzuentzat, Eta Carinae nebulosako izarren sorkuntzako eskualde bat izan daiteke; beste batzuek, seguruena, ez dute hori zer den jakin beharko ere harritzeko… eta hori ere zientzia da. (Iturria: jabari publikoa/NASA, ESA, CSA, STScI)

Pentsamendu zientifikoak hurbilago egon behar luke ume baten pentsamendutik algoritmo batetik baino. Duela ez hainbeste, hala zen. XIX. mendearen azken hamarkadetan eta XX. mendearen lehendabizikoetan, zientzia munduari eta bizitzari aurre egiteko jarrera bat zen, eta ez hainbeste errealitatea miatu eta ulertzeko metodo bat… Egia esan, hori ere bazen, baina ez zen garrantzitsuena; edo, gutxienez, ez zen herritar arruntak amestera eta itxaropena izatera bultzatzen zituen alderdia. Zientzia-fikzio modernoa —eta garrantzitsua da moderno hori azpimarratzea— ez zen sortu une zehatz hartan modu espontaneoan; bere garaiko lekukoa besterik ez zuen hartu, eta garai oso baten amets kolektiboen hizkuntza narratibora itzuli egin zuen. Ziurrenik, hori da gakoa: amestea eta, batez ere, amesten uztea.

Zientziarekin harreman esturik izan ez duenak ez dut uste alde handia ikusiko duenik zientziaren eta magiaren artean. Zientziarengan konfiantza jartzea, beraz, fede ekintza bat da ezjakinarentzat; bereziki gai konplexuenei dagokienez. Izan ere, horietan esperientzia sen onetik aldentzen da eta lege naturalek intuizioa desafiatzen dute.

Fisika kuantikoa daukat gogoan, sasizientzien komodin nagusia —zer-nolako kaltea egin zuen Feynmanen esaldiak, fisika kuantikoa inork ulertzen ez zuela esan zuenean! Ohar bat: berez ezinezkoa litzateke partikula subatomikoen propietateak ikertzeko esperimentuak gauzatzea ez bagenitu minimoki ezagutuko horiek arautzen dituzten legeak; hortaz, zerbait jakingo dute gaiari buruz adituek, ezta?—. Aintzat hartuta gutxienez bi urtez ikasi behar dela Schrödingerren ekuazioari aurre egiteko eta askoz urte gehiago hura erraz ebazteko, jende gehienak soilik jakingo du horri buruz gutxi batzuen kontakizunen bidez, zer esan nahi duen edo nola interpreta daitekeen kontatzen dutenean. Eta zeintzuk nahiagoko dituzte? Hutsal edo ergel sentiarazten dituztenak, edo horiei esker etorkizunerako erabaki ahalmena izango dutela diotenak? Zientziak ez luke izutu behar; inspiratu egin beharko luke. Eta, baliteke, zientzialariok, batzuetan, beldur pixka bat ematea adierazpen ulertezinez eta grafiko txundigarriz eraikitako tronutik. Eta, zer egiten dugu beldur garenean, zerbaitek kezkatzen gaituenean, edo deseroso gaudenean?

Bai, zientzialariontzat zientziaren hizkuntza ukaezina da, baina zientzialariak gizabanakoen azpitalde bat besterik ez gara, eta, oro har, azpitalde handiago horrek ez du gure hizkuntza hitz egiten —eta, ziurrenik, ez zaie interesatu ere egiten, eta horregatik hautatu zuten beste lanbide bat—. Zientzia komunikatzeak ez luke, beraz, besteok gu, gure terminoetan, uler gaitzatela bermatzeko borroka izan behar; guk itzuli beharko genieke ezagutza hori haiei.

Ez luke hain zaila izan behar.

Pentsamendu
4. irudia: LHCko CMS detektagailua. Duela ez hainbeste, askok uste zuten azeleragailu horrek munduaren amaiera ekarriko zuela, baina errealitatea da sekreturik harrigarrienetako batzuk deskubritu ahal izan ditugula hari esker. Iturria: CC BY-SA 3.0/Tighef

Eta horretarako aipatu behar ditugu Hugo Gernsback eta zientzia-fikzioa ulertzeko bere modua. Izan ere, askok ez badakite ere, hori izan zen egun bizi garen munduaren hazia ernamuindu zuena. Kontakizunen bidez adierazi zen, urtez urte, elektrizitateak mundu osoa argituko zuela, eta argitu egin zuen; hegan egingo genuela, eta hegan egin genuen; egun batean, makinak pentsatzeko gai izango zirela, eta pentsatu egin zuten; ilargira iritsiko ginela, eta iritsi ginen; planetaren beste muturrean zegoen norbaitekin harremanetan jarri ahalko ginela zuzenean, eta halaxe egin genuen; gaixotasun sendagaitz asko sendatu ahal izango genituela, eta halaxe izan zen; unibertsoaren mugaldera iritsiko ginela… eta iritsi ginen.

Pentsamendu
5. irudia: mikrouhinen hondo kosmikoa detektatzeari esker, «inor iritsi ez den lekuetara» iritsi ginen. Iturria: CC BY 4.0/ESA and the Planck Collaboration

Egingarri bihurtu ditugun ezinezkoen zerrenda infinitua da. Baina, hori egiten jarraitzeko, zientziak txunditu egin behar du gizartea, gure patua izarretan idatzita egoteko aukerak txunditzen duen bezainbeste —eta, beharbada, izarretan idatzita egongo da, baina ez askok uste duten moduan; eta horregatik ez dio txundigarria izateari utziko—. Alderdi zientifikoa azaltzeaz harago —edo, horrez gain— alderdi humanoarekin konektatzen duten istorioak behar ditugu; eta alderdi humano hori ez da beti logikoa edo arrazionala, eta ez dute datuek bermatzen… baina berdin dio.

Zientziak ez du desagertu behar pentsamendu zientifikoa desagertzeko: axola ez izatearekin aski da… eta guretzat axola duten gauzak ez dira gure burua desafiatzen dutenak, baizik eta gure bihotza betetzen dutenak.

6. irudia: jabari publikoa. Iturria: NASA, JPL-Caltech

Iturria:

Gernsback, H. (1930). Science fiction vs. science faction. Wonder Stories Quarterly.


Egileaz:

Gisela Baños zientzia, teknologia eta zientzia fikzioaren dibulgatzailea da.


Jatorrizko artikulua Cuaderno de Cultura Científica blogean argitaratu zen 2025eko irailaren 18an: ¿El fin del pensamiento científico?

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.