Ximena Velez-Liendo ekologian doktorea eta Andeetako hartzen kontserbazioan aditua da. Biologian lizentziatu zen San Simoneko Unibertsitatean (Bolivia), informazio geografikoko sistemetan magisterra eskuratu zuen Lecesterko Unibertsitatean (Erresuma Batua), eta biologian doktorea da Anbereseko Unibertsitatean (Belgika). Andeetako Hartzen Adituen Taldeko presidentekidea izan da Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasuneko (UICN) Hartzen Adituen Taldean 2007az geroztik, eta Hartzaren Nazioarteko Elkarteko kontseiluko kide izan zen.
Ikertzaile bisitaria da WildCRUn (The Wildlife Conservation Research Unit, Oxford Unibertsitateko Zoologia Saila) eta kontserbazio bekaduna Chesterko zooan. Andeetako Karniboroen Kontserbazio Programaren (ACCP) sortzailea da, Bolivia eta Erresuma Batuaren arteko kontserbazio ekimena. Ekimen horren helburua da Andeetako espezie karniboroak babestea eta Boliviako Andeen barruko baso lehorrak lehengoratzea, pertsonen eta karniboroen elkarbizitza baketsua sustatuz.
2017an Whitley Fund for Nature (WFN) elkartearen Whitley saria jaso zuen, eta horri esker Boliviako mendietan Andeetako hartzen eta nekazarien arteko elkarbizitzan egiten duen lana babesteko finantzaketa jaso zuen. 2021ean WFNren etengabeko finantzaketa jaso zuen, eskualdean ganadua murriztu eta natura errespetatzen duten bizimoduak sustatzeko lana babesteko. Horren bidez, Paisaia Produktibo Babestua sortzen lagundu du, biodibertsitatearen kontserbazioa eta jarduera ekonomiko jasangarriak integratzen dituena.

Zein da zure ikerketa arloa?
Biologoa naiz, eta karniboroak kontserbatzeko esparruan lan egiten dut, zehazki hartzei dagokienez.
Zergatik aritzen zara arlo horretan?
Ez dut nire burua beste inon imajinatzen! 1999an, nire landa eguneko lehenengo egunean (Boliviako parke nazional batean), hartz basati bat ikusi nuen. Nire bizitzako unerik ederrenetariko bat izan zen. Une horretan, hartz horri hitza eman nion: nire esku dagoen edozein gauza egingo nuke espezie zoragarri hori ez desagertzeko; eta, 26 urte beranduago, uste dut bete egin dudala hartz horri emandako hitza!
Izan al duzu erreferentziazko figurarik zure ibilbidean?
Biologia ikasteko nire inspirazioa Diane Fosey izan zen, Ruandan gorilekin lan egin nahi nuen. Halaber, nire amonak ere inspiratu ninduen; beti esaten zigun «sukaldetik» atera behar genuela, «patatak» zuritzeari utzi behar geniola. «Bidaiatu! Mundua ezagutu!» esaten zigun.
Zer aurkitu edo konpondu nahiko zenuke zure arloan?
Hartzei telemetria lepoko bat jarri nahiko nieke, non eta zenbat mugitzen diren jakiteko.
Zer aholku emango zenioke ikerketaren munduan hasi nahi duen norbaiti?
Zientzia munduko gauzarik dibertigarriena da! Ikertu eta gauzak, natura eta unibertsoak nola funtzionatzen duten zeure buruari galdetzea liluragarria da! Eta okertzen bazara, altxatu eta jarraitu aurrera; eta zerbait aurkitzen baduzu, esan «Eureka!» eta jarraitu aurrera. Izan ere, beti esaten dugun bezala, The show must go on…
Jatorrizko elkarrizketa Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2025eko urriaren 25ean: “Ximena Velez-Liendo: «Mi área es la conservación de carnívoros, en especial de osos»”.
Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.
Ikertzen dut atalak emakume ikertzaileen jardunari erreparatzen die. Elkarrizketa labur baten bidez, zientzialariek azaltzen dute ikergai zehatz bat hautatzeko arrazoia zein izan den eta baita ere lanaren helburua.