Emakumeen begirada aitzindaria primatologian

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

1960ko hamarkadan, Louis eta Mary Leakey paleontologo bikote legendarioak hiru pertsona aukeratu zituen simio handiekin bizi eta haien jokabidea ikertzeko. Pertsona horietako batek txinpantzeen jokabidea ikertuko zuen, besteak gorilena, eta hirugarren batek orangutanena. Beren erabakia hiru emakume bidaltzea izan zen: Jane Goodall, Dian Fossey eta Biruté Galdikas, hurrenez hurren. Leakey senar-emazteek berariaz egin zuten aukeraketa, sinesten baitzuten naturako behaketa-lanak egiteko emakumeek gaitasun hobeak zituztela gizonek baino.

Leakey senaremazteak izen handiko paleontologo, arkeologo eta antropologoak ziren dagoeneko 60ko hamarkadan. Beren lan esanguratsuena Olduvai arroilan egin zuten, Tanzanian. Urte askoan zehar, animalia ugariren fosil-bilduma ikaragarria sortu zuten aztarnategi horretan topatutakoarekin, eta harrizko tresna asko ere atzeman zituzten. 1959an gainera, Mary Leakey-k hominido baten lehen fosila topatu zuen aztarnategi hartan, Paranthopus baten garezurra. Aurkikuntza hori beste askoren aurrekaria besterik ez zen izan, eta Leakey bikoteak informazio gehiago jaso nahi zuen lenen hominido horien inguruan. Hala otu zitzaien simio handiak ikertzea lagungarria izan zitekeela antzinako hominidoen jokabidea ikertzeko, Louis Leakey-k behin esan zuen moduan “jokabidea ez baita fosilizatzen”.

emakumeen
Irudia: Louis eta Mary Leakey paleontologo bikote legendarioak Jane Goodall, Dian Fossey eta Biruté Galdikas aukeratu zituen simio handiekin bizi eta haien jokabidea ikertzeko. (Argazkia: Smithsonian Institution – erabilera libreko irudia. Iturria: Flickr.com)

Simio handiak ikertuko zituen hirukotetik, abentura hasi zuen lehena Jane Goodall izan zen (Erresuma Batua, 1934). Goodallek 23 hiru urte zituela egin zuen lehen bidaia Kenyara, Louis Leakey-ren agindupean. Hiru urte geroago, 1960an, Gombe-ra (Tanzania) bidali zuen, bere ikerketa-eremu garrantzitsuena bihurtuko zen tokira. Goodallek ez zuen ikasketa ez esperientziarik zientzian; Louis Leakey-ren idazkaria zen, baina hasiera-hasieratik erakutsi zuen animaliekiko eta naturarekiko maitasun eta interes handia. Gauzak horrela, Leakey-k aukera bat ematea erabaki zuen.

Tanzanian pasa zituen urteetan zehar, Goodallek bere begiekin ikusi zituen txinpantzeek askatasunean zituzten jokabideak, erlazioak, hierarkiak eta ohiturak. Bere ikerketen bitartez, txinpantzeen gaineko hainbat eta hainbat sineskeria baztertu zituen. Besteak beste, txinpantzeak orojaleak zirela baieztatu zuen, eta ez belarjaleak, aurretik pentsatzen zen moduan. Gainera, txinpantzeak erremintak sortu eta erabiltzeko gai zirela ikusi zuen Goodallek, eta aurkikuntza horrekin hankaz gora jarri zuen komunitate zientifikoa bere garaian. Goodallek ikusi zuen txinpantzeek adarrei hostoak kendu eta termiten habietan ehizatzeko erabiltzen zituztela. Ordura arte, zientzialariek uste zuten gizakia zela tresnak sortu eta erabiltzeko gai zen animalia bakarra.

Biruté Galdikas (Alemania, 1946) abenturazaleak beste bide bat hartu zuen; beraren kasuan, Borneora (Indonesia). Leakey-k 1971n bidali zuen bertara, irlan bizi ziren orangutanen bizimodua eta ohiturak aztertzera. Galdikas hogei urte baino gehiagoz aritu zen atsedenik gabe primate horiek aztertzen, eta munduko erreferente nagusia bilakatu zen orangutanen etologian eta kontserbazioan. Galdikasek lanean jarraitzen du gaur egun ere, gehienbat dibulgazioaren eta aktibismoaren alorretan. Orangutanen Nazioarteko Fundazioaren (ingelesez, Orangutan Foundation International) sortzailea ere bada.

Hirukotea osatzen azkena, Dian Fossey (Kalifornia, 1932- Ruanda, 1985), aitzindaria izan zen mendiko gorilen ikerketan eta berreskurapenean. Haren lana oso baliozkoa izan zen espezie horren egoera kritikotik ateratzeko, baina zoritxarrez, Fosseyren bizitzak amaiera tragikoa izan zuen.

Terapia okupazionalean egiten zuen lan Dianek, baina Afrikako oihanek sortzen zioten zirrarari jarraiki, agortu egin zituen bere aurrezkiak bertara bidaiatzeko. Bidaia horretan Olduvai arroilara joan zen, eta bertan zuzenean ezagutu zuen Louis Leakey. Hark Jane Goodallen berri eman zion Fosseyri, zeinak jada hiru urte zeramatzan txinpantzeak ikertzen. Une horretan Fosseyk argi izan zuen berak ere simioak ikertu nahi zituela, eta ez zuen amore eman Leakey-k mendiko gorilak aztertzeko aukera eman zion arte.

Mendiko gorilek kontserbazio-arazo handiak zituzten garai hartan, gehienbat ezkutuko ehizaren erruz, eta Fosseyk gogor egin zuen lan haien aurka, batzuetan baita Ruandako gobernuaren kontra ere. Animalia horien erroldak egin zituen haien artean emandako urteetan zehar, kontserbazio-egoeraren jarraipena egiteko. Beren jokabide eta estruktura soziala oso ongi ulertzea lortu zuen, eta gorila batzuekin bereziki harreman estua izatera iritsi zen. Urteak eta urteak mendiko gorilen artean pasa eta gero, Dian Fossey hilik topatu zuten bere mendiko etxolan, 53 urte zituela. Hipotesi nagusiaren arabera, gorilak sarraskitzen zituzten esku berberek erail zuten.

Hiru emakume zientzialari hauek primatologiaren paradigma asko irauli zituzten beren sakrifizioaz eta ausardiaz, eta garai hartan emakumeen inguruan zeuden aurreiritzi askoren aurka egin zuten. Goodall, Galdikas eta Fossey-ri esker, emakumezkoen presentzia oso altua izan da historikoki primateen ikerketan, eta askotan aipatzen den emakumezko eredu faltaren salbuespena dira, oro har, zoologian eta animalien behaketa-lanetan. Hiru emakume aitzindari hauek bidea ireki zuten atzetik gatozen askorentzat.

Iturriak:


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

1 iruzkina

  • […] Jane Goodall, Dian Fossey eta Biruté Galdikas primatologo aitzindariak izan ziren XX. mendean. Hiru emakume horiek simio handiekin bizi izan ziren, eta beren lanari esker, jakintza asko batu da txinpantzeen, gorilenen, eta orangutanen jokabidearen inguruan. Louis eta Mary Leakey […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.