Anna Botsford Comstock, aitzindaria naturaren azterketaren heziketan

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Anna Botsford Comstock (1854-1930) Estatu Batuetako naturalista zientziaren arloko ilustratzailea, idazlea eta hezitzailea izan zen. Halaber, zur gaineko grabatuen artista espezialista gisa ere nabarmendu zen. Naturaren azterketaren aldeko mugimenduaren liderra izan zen, baita diziplina horri buruzko heziketaren defendatzaile sutsua ere Cornelleko Unibertsitatean, XX. mendearen hasieran.

Anna Botsford 1854ko irailaren 1ean jaio zen, Otto inguruan, New Yorkeko estatuan. Marvin eta Phebe Irish Botsforden alaba bakarra zen. Gurasoak kuakeroak ziren eta, beren doktrinaren baitan, naturarekin lotutako guztia maila goreneko sorkuntza gisa hartzen zuten. Amak sustatu zituen gehien Annak inguratzen zuen munduko mirari naturalei buruz zuen jakin-nahia eta ezagutza. Elkarrekin behatzen zituzten bizi ziren baserri inguruko basaloreak, hegaztiak, zuhaitzak eta izarrak.

Botsford Comstock
1. irudia: Anna Botsford Comstock, Estatu Batuetako naturista. (Iturria: Mujeres con Ciencia)

Anna Botsfordek Chamberlain Institute and Female College erakundean ikasi zuen, East Randolph-eko (New York) eskola metodistan. Ondoren, Ottora itzuli eta irakasle aritu zen bertan urtebetez. 1874an Cornelleko Unibertsitatean hasi zen (Ithaca, New York), baina bi urte geroago ikasketak utzi zituen, amaitu gabe.

Bere bizitzako eta zientziako bikotekidea

1878an, 24 urte zituela, Cornellen bere irakasle izandako entomologo batekin ezkondu zen, John Henry Comstock-ekin. Orduan piztu zen ilustrazio zientifikoarekiko bere interesa. Ezkontza bizitzan zehar, Annak intsektuei buruz bere senarrak egindako argitalpen askotarako marrazkiak egin zituen, nahiz eta ez zuen ilustrazioaren arloko prestakuntzarik. Intsektuak mikroskopioz aztertu eta ondoren marraztu egiten zituen.

Askotan, bere lana informala eta ordaindu gabea zen, baina enkargu formal batzuk ere jaso zituen; adibidez, Report of the Entomologist trataturako marrazkiak. Tratatu hori bere senarrak idatzi zuen 1880an, Estatu Batuetako Nekazaritza Saileko entomologiako burua zelarik. Garai hartan 2000 dolar inguru jasotzen zituen Johnek, baina Annak 50 dolar jaso zituen enkargu horrengatik.

Bikoteak beren bizitza antolatu eta bizi izan zuen, neurri handi batean, Cornelleko Unibertsitatearen inguruan. Anna eta John Comstocken bizitzak eta ibilbide zientifikoak ezin dira ulertu bata bestea gabe.

Zur gaineko grabatuen artea

Anna B. Comstock Cornellera itzuli zen eta historia naturalean lizentziatu zen 1885ean. Ondoren, zur gaineko taillaketa eta grabatua ikasi zituen Cooper Union-en, eta egin behar zituen marrazkietarako grabatuak prestatzen hasi zen. Teknika horren bidez, An introduction to Entomology (1888) bolumena ilustratzeko grabatuak egin zituen, baita A manual for the study of insects (1895) laneko seiehundik gorako laminak ere, biak bere senarrak idatzitakoak. Halaber, elkarrekin idatzi zituzten Insect Life (1897) eta How to Know the Butterflies (1904) lanetarako grabatuak ere egin zituen. Horrez gain, beste liburu batzuk ere idatzi eta ilustratu zituen, hala nola Ways of the Six-Footed (1903), How to Keep Bees (1905), The Handbook of Nature Study (1911), The Pet Book (1914) eta Trees at Leisure (1916).

Botsford Comstock
2. irudia: A manual for the study of insects lanaren laminetako bat. (Ilustrazioa: Anna B. Comstock. Iturria: Wikimedia Commons)

Johnek Stanford Unibertsitatearentzat lan egiten zuen aldizka, eta Annak bertan eman zuen zur gaineko grabatuari buruzko bere lehendabiziko eskola. Hezkuntzaren arloan batez ere naturaren azterketako autoritate gisa oroitzen badugu ere, Comstockek jarduera artistiko nabarmena ere izan zuen grabatzaile gisa, eta bere lanak erakusketa nazionaletan eta nazioartekoetan aurkeztu ziren; are gehiago, sari batzuk ere irabazi zituen arlo horretan. Estatu Batuetako Zur gaineko Grabatzaileen Sozietatean onartu zuten hirugarren emakumea izan zen.

Naturaren azterketan heztearen garrantzia

1891 eta 1893 artean, nekazaritzaren arloko depresio orokorra gertatu zen Estatu Batuetako ekialdean, eta New York hiriak, historian lehen aldiz, landa barrutietatik lan bila iristen ziren herritarrak jaso eta ostatatu behar izan zituen. 1895ean, New Yorkeko Estatuan Nekazaritza Sustatzeko Batzordea sortu zen, eta Anna bertan parte hartzera gonbidatu zuten. Batzordeak ondorioztatu zuen nekazaritzako jardunbide urriak zirela depresioa eragin zuten arrazoietako bat, eta landa barrutietako haurren nekazaritzarekiko interesa sustatu behar zutela naturaren azterketa bultzatzearen bidez. Batzordearen kide zelarik, Anna B. Comstockek ikastetxe publikoetan natura aztertzeko ikastaro esperimental bat diseinatzen lagundu zuen, baita hori zuzendu ere. Programa estatu osoan ezartzeko onartu zutenean, irakasleak gaitzen eta ikasgelarako materialak prestatzen ere lagundu zuen.

1897tik aurrera, natura ikasketak eman zituen Cornelleko Unibertsitatean, eta ikasleak ikasgelatik kanpo atera zituen lehen irakasleetako bat izan zen, natura azter zezaten. Annaren ikaskuntzak, batez ere, haurrei zuzentzen zitzaizkien; izan ere, uste zuen naturaren zaintza ondoz ondoko belaunaldi bakoitzarekin garatu beharreko erantzukizun morala zela. Azpimarratzen zuen haurrek beren ingurua deskubritu behar zutela bost zentzumenak erabiliz eta arreta handiz behatuz. Horrela, beren bizipen eta ikerketen bidez, Lurrarekiko konexio eta erantzukizun sentimendua eta baliabide naturalak mantentzeko nahia landu zitzaketen.

Itzala utzi zuen emakumea

1923an, Emakume Boto-emaileen Ligak Comstock aukeratu zuen Estatu Batuetako 12 emakume bizi garrantzitsuenen artean. Hauxe da Martha Van Rensselaer bere lagunari idatzi ziona (hura ere urte horretako hautatuen artean zegoen):

Zuretzat zu hautatu izana niretzat ni hautatu izana bezain harrigarria izan bada, jakingo duzu zer sentitzen den parkeko banku batean lasai asko eserita egotean eta bat-batean hegazkin bihurtzen denean […] Zein huts sentitzen diren horrelako ohoreak gure pertsona maiteak gertu izan gabe, haiek poz handiz hartuko bailituzkete! Nahi nuke zure aitak eta amak, eta nire aitak eta amak jakin ahal izatea… […]

Hil baino hilabete batzuk lehenago, Anna B. Comstockek bere senarrarekin bizi zuen guztia jaso zuen narrazio xehatu batean. Kontakizuna tarteka idatzi zuen, oso bizi mugitua baitzuen. Azken zatia, gaixorik zegoela idatzi zuen. Kontakizuna hil aurretik argitaratu nahi zuen, baina uste baino lehenago zendu zen, 1930eko abuztuaren 24an, 76 urte zituela.

Eskuizkribua Anna hil ondoren editatu eta liburu bihurtu zuten.

Iturriak:


Egileaz:

Edurne Gaston Estanga elikagaien zientzia eta teknologiako doktorea da. Gaur egun, zientzia eta teknologiaren ezagutza zabaltzea sustatzen duten erakundeen proiektuak kudeatzen ditu.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2024ko urtarrilaren 11an: Anna Botsford Comstock, pionera en la educación del estudio de la naturaleza.

Itzulpena: UPV/EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.